Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak emakumeen kontrako indarkeria salatu du Erandioko egoitzan egindako ekitaldi batekin

2021-11-25

Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria, Lorena Elorriaga Kudeaketa Ekonomiko eta Baliabide Orokorren zuzendaria, Olatz Arabiourrutia, Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendaria, eta Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Euskadin emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko Segurtasun Saileko langileek gaur goizean antolatu duten ekitaldian izan dira. Urtero gaurko egunez, azaroaren 25ean, langile publikoek indarkeria-mota horren biktima diren emakumeak omentzen dituzte, eta ekitaldi intimo horren bidez eraso guztiak salatzen dituzte eta laneko eta bizitzako esparru guztietan emakumeen eta gizonen tratu-berdintasuna aldarrikatzen dute.

Segurtasun Sailak zenbatutako azken zifren arabera, 2021eko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean gertatutako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.003 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria-kategoria ezberdinetan. Salaketa gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak erabilitako indarkeria-kasuengatik jaso dira, zehazki 2.838, eta horietako gehienak ohiko tratu txar fisikoak edo irainak eta laidoak izan dira.  Emakumeen kontrako gainerako eraso gehienak etxean gertatzen dira, eta aurten, orain arte, 853 kasu erregistratu dira. Horrez gainera, % 17,7 egin dute gora sexu-askatasunaren aurkako delituek: 312 kasu izan dira, gehienak sexu-abusuak.

Aldi berean, 5.038 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.516k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.522k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak