Gazteria: 2020an, 15 eta 29 urte bitarteko 1.121 emakumek indarkeria matxista salatu zuten

2021-11-24
  • Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna
  • Emakundek eta Segurtasun sailak Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuak

2021 11 24 VG

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Euskal Behatokiak, datu hauek kaleratu ditu, Emakundek eta Segurtasun Sailak emandakoak oinarri hartuta: 2020an 4.177 emakume izan ziren indarkeria matxistaren biktima Euskadin. Horietatik 1.121, 15 eta 29 urte bitarteko emakume gazteak ziren.

“Jaitsiera handia izan da 2019tik 2020ra bitartean salaketa jarri duten emakumeen kopuruan; zalantzarik gabe, etxeko konfinamenduak eragindako geldialdiaren ondorio da hori”, Agurtzane Llanok, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, azaldu duenez.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen tasek (adin-talde bereko 1000 emakumeko kalkulatuak) ezberdintasun nabariak agertzen dituzte emakume gazteen eta 30 urtetik gorakoen artean (‰ 7,62 eta ‰ 3,6 hurrenez hurren).

Bai emakume gazteen bai 30 urte baino gehiago dutenen artean ere, ohikoena den indarkeria matxista bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa da. 2020an horrelako indarkeria matxista 770 emakumek salatu zuten. Datu hori adin-taldeen arabera aztertuz gero honakoa ikus dezakegu: 15 eta 19 urte bitarteko 122 emakumek salatu zuten, 20 eta 24 urte bitarteko 320k; azkenik, 25 eta 29 urte bitarteko 328k.

Senide batek, hau da, familiako batek (bikotekideak edo bikotekide ohiak izan ezik) eragindako indarkeria matxista 15 eta 29 urte bitarteko 190 emakumek salatu zuten 2020an. 30 urte edo gehiago dituztenen artean, 757k salatu zuten.

Sexu-askatasunaren aurkako delituetan emakume gazteen eta 30 urte edo gehiagokoen arteko datuak gerturatu egiten dira. Gazteen artean 161 emakumek askatasun-sexualaren aurkako indarkeria salatu zuten (15 eta 19 urte bitarteko, 95; 20 eta 24 urte bitarteko 36 eta 25 eta 29 urte bitarteko 30). 30 urte edo gehiago dituzten emakumeen artean 177k askatasun-sexualaren aurkako indarkeria salatu zuten 2020an.

COVID-19aren pandemiak genero-ikuspegiarekin duen eraginean sakontzeko, Emakundek Berdintasuna pandemia garaian txostena egin du, eta honako esteka honetan kontsulta daiteke.

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/emakunde_covid19/eu_def/adjuntos/2020.07.berdintasuna_pandemia_garaian.pdf

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak