Kontroleko osoko bilkura (2021/11/26)

2021-11-26

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, orain arte bezala aritzeak gure herriaren zati honek dituen egungo beharrei erantzuteko baliagarritasunaren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak aurrekontuen negoziazioaren eta elkarrizketaren garrantzia nabarmendu du; eta eskerrak eman dizkio EH Bildu legebiltzar taldeari Jaurlaritzaren Aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik ez jartzeko erabakiagatik. "Badakigu Gobernuak gehiengo nahikoa duela Legebiltzarrean, baina beti adierazi dut jarduera ekonomikoa suspertzeko, enplegu-aukerak sortzeko eta gizarte-kohesioa bermatzeko garrantzi estrategikoa duten kontuetarako akordioak zabaltzeko prest gaudela", gaineratu du.

Horrela, ongi etorria eman dio “Akordioaren eta Konpromisoaren politikari”; batez ere 2022an, “pandemiak eragindako zailtasun sanitario, ekonomiko, sozial eta emozionalak gainditzeko aukera emango diguna”. Hemendik aurrera, zuzenketa partzialak negoziatzeko prozesu bat irekiko da; lehendakariaren arabera, zuzenketa horiek aurkeztutako proiektua hobetuko dute eta Euskadiko herritarren aldeko oinarri komun partekatu bat zabalduko dute.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadin covidaren intzidentzia areagotu dela-eta Euskadiko osasun publikoaren egoerari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, nahiz eta urriaren 12tik 45 egun daramatzan intzidentzia-tasak igotzen, igoera hori ez da aurreko olatuen isla izaten ari ospitaleetan, “txertaketari esker”. Hala ere, aitortu du ospitaleratze-zifrak altuak direla, eta beharrezkoa dela neurriak hartzea, ez zifrek gora egin ez dezaten.

Une honetan, osasun-sistema 5. agertokian dago, ZIUko oheen antolaketan; eta, Urkulluk adierazi duenez, prebentzio-neurriak hartzen ari dira, hala nola, miaketa-taldeak bikoiztea, hitzordu diagnostikoetarako puntuak gehitzea, testak egiteko baliabideak indartzea edo txertaketa-ekipoak handitzea. Hala, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan ZIU-Zainketa Kritikoen Kontingentzia Planean aurreikusitako neurriak aplikatuko dituela adierazi du, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiari aurre egiteko.

Era berean, egoera geldiarazteko neurri gehigarri gisa, Lehendakariak gogorarazi du Espainiako Gobernuari, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari eta, orain, Auzitegi Gorenari Covid pasaportea arautzearen komenigarritasuna helarazi zaiela, “osasun publikoa babesteko beharrezko neurri horrek berme juridikoak izan ditzan”.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadin gorrotoa eta intolerantzia areagotzeari buruz.

Lehendakariak bat egin du Segurtasun Sailak egin berri duen balorazioarekin: “egia da gorroto-delituen salaketak ugaritu egin direla; baina, igoera horrek berretsi egiten du horrelako delituak azaleratzea lortzen ari garela”. Horrela, adierazi du gero eta delitu gehiago detektatzen eta salatzen direla gizartearen kontzientzia handiagoari eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak eskaintzen duen zerbitzuaren hobekuntzari esker.

Horrez gain, Iñigo Urkulluk Barne Ministerioak argitaratutako “2020ko Espainiako gorroto-delituen bilakaerari buruzko txostena” aipatu du. Bertan “Euskadiko datuekin lotutako ohar metodologiko” bat argitaratu da, non honako hau jasotzen den: "Ezin da zuzenean erlazionatu (salaketen gehikuntza) gertatutakoekin; izan ere, prestakuntzaren jarraitutasunarekin batera, indartu egin da Ertzaintzaren analisi kualitatiboetako bat”. Hala, nabarmendu du Euskadi kasu gehien erregistratu dituzten autonomia-erkidegoen buru izateak ez duela esan nahi erkidegorik arrazistena denik.

Izan ere, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2021eko Barometroan ondorio argi bat jaso da: “EAEko biztanleek atzerritar jatorriko pertsonekiko duten tolerantzia-indizea 66 puntu da. Euskal gizarteak Covid-19ak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta psikosozialari tolerantzia handiagoarekin erantzun dio; solidaritatea gehiago izan daiteke sortzen duen ziurgabetasuna baino”.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, COVID-19aren seigarren kutsatze-olatua frenatzeko neurriak hartzeari buruz.

Lehendakariak berriro esan du Eusko Jaurlaritzak egunero egiten duela egoeraren jarraipena eta une bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartzen dituela pertsonen osasuna eta bizitza babesteko, hori bai, “betiere segurtasun juridikoa bermatzen delarik”.

Gure inguruan arrakastaz aplikatzen ari den arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak ez zuen baimendu covid ziurtagiria erabiltzea txertorik jaso ez duten pertsonak lokal jakin batzuetara sartzen direla kontrolatzeko; eta Espainiako Gobernuak eta Lurralde arteko Osasun Kontseiluak ez dute onartzen estaldura juridikoa bermatzea. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak erabaki du kasazio-errekurtsoa aurkeztea Auzitegi Gorenean; izan ere, Lehendakariaren ustez, txertoaren eraginkortasuna indartzeko neurri “egokia eta proportzionatua” da.

Iñigo Urkulluk azaldu duenez, Lurralde arteko Kontseiluari, Estatu osorako, covid pasaportearen erabileraren erregulazioa zehaztuko duen akordio bat proposatzeaz gain, Euskadik neurri gehigarriak ere proposatu ditu: kanpoaldean maskara erabiltzeko derrigortasuna indartzea, txertoaren hirugarren dosirako adina aurreratzea eta 12 urtetik beherakoei emateko txerto pediatrikoaren iritsiera azkartzea.

Azkenik, Lehendakariak txertaketarako deia egin du, eta covid pasaportea izatea gomendatu du. “Txertatzea da bizitzak salbatzeko eta osasuna babesteko neurririk eraginkorrena; norberarena eta besteena. Txertoa jartzen ez duenak ulertu behar du gizarteak bere burua babestu behar duela bere erabakiak gizarte osoarentzat dakarren arriskutik”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak