Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Radio Euskadin

2021-11-24

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute gaur goizean, eta, besteak beste, pandemia ikastetxeetan izaten ari den eraginari edo etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Legeari buruzko gaiak izan ditu hizpide.

Bildarratzek gogorarazi du egun 109 ikasgela daudela itxita Euskadin (atzoko datua, azaroaren 23koa), edo, bestela esanda, 17.300 ikasgela baino gehiago irekita daudela. Datu hori Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapetan gertatzen da batez ere, eta txertaketari esker. Sailburuak adierazi du hezkuntza-sistema aurten iaz baino hobeto dagoela kualitatiboki, pandemiari aurre egiteko eskarmentua eta gaitasun hobea dituelako, eta baliabide materialak zein profesionalak ere badituelako ikasturtearen lehen egunetik.

Ildo horretan, Bildarratzek adierazi du espero duela, 12 urtetik beherakoei txertoa jartzeko baimena iristean, jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia eman ahal izango dela, eta, beraz, txertoa jartzeko deia egin du: bai adingabe horien gurasoei, seme-alabak txertatu ditzaten, bai 20 eta 29 urte bitarteko ikasleei. “Zuhurrena txertoa hartzea da, egunero ari gara adibideak ikusten. Arazo asko ari dira izaten txertoa hartu ez duten pertsonak. Ospitalean amaitzeko lau aldiz aukera gehiago dituzte”, azaldu du.

Gainera, Bildarratzek aurreratu duenez, Hezkuntza Sailak zirkular bat bidaliko die gaur bertan ikastetxe guztiei gomendio batzuekin, koronabirusaren aurrean arreta ez jaistearen garrantzia gogoraraziz, ikastetxeek gune seguruak izaten jarrai dezaten.

Hezkuntza Legea

Etorkizuneko Euskal hezkuntza Legeaz galdetuta, Jokin Bildarratzek nabarmendu du aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari direla. Aurrerapausoa, alde batetik, euskal hezkuntza-sistemari buruzko gogoetaren inguruan izaten ari den sozializazioagatik. Ildo horretan, Legebiltzarreko ponentzian egiten ari den lana baloratu du, abenduaren 22ra arte 100 eragile, kolektibo edo pertsona baino gehiagoren ikuspuntua entzunez. Gainera, Bildarratzek adierazi du beste aurrerapauso garrantzitsu bat ikusten dela legebiltzar-taldeen artean ikusten duen jarrera positiboan eta lanerako prestasunean.

Gai honi dagokionez, berak zuzentzen duen saila ikastetxeetako zuzendariekin, hezkuntza-eragileekin, patronalekin edo sindikatuekin, besteak beste, egiten ari diren bilerak azpimarratu ditu. Talde txikietan burutzen ari diren bilerak dira. Sailburuak zehaztu duenez, gaur arte 20 bilera inguru izan ditu, eta abendurako hainbat hezkuntza-saretako 400 bat zuzendarirekin bilduko da. Bilera horiek, sailburuaren hitzetan, eguneroko arazoen ikuspegi hurbilagoa ematen dute.

Harreman eta bilera horien aurrean, Bildarratzek diskrezio beharra azpimarratu du berriro ere, eta bildu nahi duten talde parlamentario guztiei entzuteko prest dagoela adierazi du.

Ebaluazio jarraitua

Hezkuntza Ministerioak onartu berri duen ebaluazioei buruzko Errege Dekretuari dagokionez, gogorarazi du ikasleek ikasturte batean edo eskola-ibilbidean eskuratzen dituzten konpetentzien garrantzia eta balioa. –“Ikasleak bere ikaskuntza prozesua eraiki behar du, eta irakasleek ikaskuntza hori eraikitzen lagundu behar diote. Ebaluazioak jarraitua izan behar du”, nabarmendu du. Ildo horretan, balioetsi egin du irakasleak edo klaustroak ebaluatzea ikasle batek izan duen bilakaera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak