Animalien dieta aldatzea, haragi, esne eta haragiki eta esneki osasungarriagoak lortzeko

2021-11-22

NEIKER zentro teknologikoa pentsuak egiteko formula berriak lantzen ari da, animalia jatorriko elikagaien nutrizio propietateak hobetzeko

Zentroak NUTFOOD proiektuaren barruan egindako saiakuntzek nabarmentzen dute lihoa lehengai ezin hobea dela giza osasunerako gantz profil onuragarriagoa duten produktuak lortzeko

Elkartek programak finantzatutako ekimena Leartikerrek gidatzen du, eta NEIKER, Tecnalia, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) eta ISS Bioaraba erakundeek ere parte hartzen dute 

Gaur egun, kalkulatzen da Euskadiko gaixotasun kronikoen %95 inguru elikatzeko ohiturekin edo ariketa fisikoa ez egitearekin lotuta daudela. Elikadura ohituren artean nabarmentzen da dietaren desoreka nutrizionala, mantenugai jakin batzuk gehiegi agertzen baitira, eta beste batzuk, berriz, osasungarriak, urriak baitira. Hala ere, gero eta kontsumitzaile gehiago jabetzen dira elikaduraren eta osasunaren arteko loturaz, eta, horregatik, nutrizio alderdiek gero eta eragin handiagoa dute produktu jakin batzuk erosteko erabakian.

Horrelako animali jatorrizko produktuen kontsumoaren inguruan dagoen eztabaidak, halaber, eragina du ustiategi askoren jasangarritasunean eta abeltzaintza jardueran. Testuinguru horretan bultzatu da NUTFOOD lankidetzazko ikerketa-proiektua, non lehen sektorean espezializatutako eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide NEIKER  zentro teknologikoak parte hartzen baitu.

Ekimenaren helburu nagusia animalien dietan formula berriak diseinatzea da, animalia jatorriko jakiek kontsumitzaileei plus osasungarriago bat emateko.

Txerri eta ardientzako pentsu osasungarriagoak

Ekimen horren barruan, NEIKERek probatu egin du tokiko hazi oleaginosoen olio eta irinen erabilera, horien artean egonik lihoa, koltza edo ekilorea. Hazi horiek hotzeko presioko prozesu mekaniko bat jasaten dute, eta, prozesu horretatik, olioa eta irina ateratzen dira. Oraingo honetan, txerri eta ardi aziendarako pentsuak formulatzeko erabili dira, animalia horien haragiaren eta esnearen nutrizio profila hobetzeko.

“Ondorioztatu dugu lihoa lehengai interesgarria eta ezin hobea dela animaliak elikatzeko eta animali jatorriko elikagaiak lortzeko, bai haragia, bai esnea, nutrizio ezaugarri osasungarriagoekin”, azaldu Roberto Ruizek, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko departamentuko arduradunak.

Ondorio horretara iristeko, zentro teknologikoak bi saiakuntza egin ditu, bat ardiekin eta bestea txerriekin; abere espezie bakoitzerako pentsuen hiru formula ezberdin diseinatu dira, eta pentsu konbentzional batekin alderatu dira.

Txerriei dagokienez, zentro teknologikoak Basatxerri elkarteak ekarritako 24 animalia izan zituen. Txerri horiek 6 buruko 4 taldetan banatu ziren, eta talde bakoitza pentsu desberdin batekin elikatu zen: ohiko pentsua, inolako gantzik gehitu gabe kontrolatzeko tratamendu gisa, eta ekilore, liho edo koltza olioa zuten pentsuak.

“Emaitzen arabera, hazi oleaginosoekin elikatutako animalien koipearen osaerak, oro har, ohiko pentsuarekin elikatutako taldeak baino profil osasungarriagoa izan zuen gantz azidoei dagokienez. Gainera, liho olioz formulatutako pentsuarekin elikatutako txerrien haragiak balio nabarmen altuagoak izan zituen osagai osasungarri horietan”, gaineratu du NEIKEReko adituak.

Are gehiago, liho olioz formulatutako pentsuarekin elikatutako animaliek kontrol tratamendukoen antzeko hazkundea eta pisua izan zuten hiltzean, eta koltza eta ekilore pentsuekin elikatutakoek baino gehiago.

Ardien kasuan ere, NEIKERek antzeko saiakuntza bat egin zuen, pentsua egiteko oleaginosoen irinak erabiliz (lihoa, ekilorea eta koltza), eta pentsu komertzial-kontrolekoarekin elikatutako talde batekin alderatu zen.

“Oleaginosen irinez formulatutako pentsuarekin elikatutako taldeen esneak gantz azidoen profil osasungarriagoa eman zuen. Eta, kasu horretan ere, liho irinez formulatutako pentsuarekin elikatutako ardietatik datorren esnearen gantz profilak osasunerako onuragarriagoak diren propietateak zituen”, zehaztu du Ruizek.

Animalien elikaduran lihoaren erabilera nutrizio balio handiko iturria dela egiaztatu eta gero, NUTFOOD proiektuaren hurrengo pausoak dira haragikiak (hanburgesak eta txorizo onduak) eta esnekiak (jogurta eta gazta ondua) prestatzea eta analizatzea, kontsumitzaile osasuntsuekin saiakuntza kliniko nutrizionalak egitea, produktu horiek giza osasunean dituzten eragin onuragarriak ikertzeko, dieta osasungarri baten esparruan.

Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programak finantzatuta, NUTFOOD ekimenaren partaide izan dira baita ere Leartiker zentro teknologikoa, proiektuaren lider gisa, Metabolomips ikerketa taldea, Euskal Herriko Unibertsitatekoa (EHU/UPV), ISS Osasun Ikerketarako Institutua, Bioaraba eta Tecnalia zentro teknologikoa.

NEIKERi buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak dira ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzea, klima larrialdiak nekazaritzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea, bioekonomia bultzatzea, lehengai ez-berriztagarriekiko menpekotasuna murrizteko eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko, nekazaritzan fitosanitarioen erabilera arrazionalizatzea eta abeltzaintzan antibiotikoen erabilera murriztea, antibiotikoekiko erresistentzia handitzearen inpaktua minimizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da Eusko Jaurlaritzak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak