Berriak Hezkuntza

15,3 milioi euro itunpeko ikastetxeei, ikasleentzako ordenagailu eramangarriak eskuratzeko (Gobernu Bilera 2021-11-23)

2021-11-23

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, ikasleentzako ordenagailu eramangarriak erosteko itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten dien Agindua. Deialdi honek 15.300.000 euroko zenbatekoa du.

2021-2022 ikasturte honetan hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzenduriko laguntza hauen helburua da, 2021 eta 2022 ekitaldietan ikastetxe hauek egin duten ordenagailu eramangarrien erosketa finantzatzen laguntzea. Ordenagailu hauek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek aurrez aurreko eskoletan erabil ditzaten izan beharko dute erosiak

Deialdi honen bidezko dirulaguntza jaso ahal izan dezaten, ordenenagailu hauek Hezkuntza Sailak sare publikorako eskuratu dituenen pareko ezaugarri teknikoak izan beharko dituzte. 

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 eta 445 euro artekoa izango da erositako gailu bakoitzeko, erabiltzen duen teknologiaren arabera. Diruz lagundu daitekeen dispositiboen kopuruak ezin izango du gainditu laguntza  hauen xede diren ikasmailetako matrikulen kopurua, ikastetxe bakoitzean. 

Ikastetxeak hala aginduta gailu eramangarriak familiek erosi badituzte, ikastetxea deialdi honen onuradun izan daiteke, betiere, eskabidearekin batera, ordaindutako zenbatekoak familiei itzuli zaizkiela eta gailuen titulartasuna egiaztatzen badu. Horretarako, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, banakako fakturak eta ikastetxeak dirua itzuli duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko ditu. 

Hezkuntza Saila garatzen ari den Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak apustu irmoa egiten du teknologia digitalak hezkuntza-maila guztietan txertatzearen alde; hartara, teknologia hauek duten potentzialtasun guztia baliatuko baita irakaskuntza eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko,  bai eta konpetentzia digitalak garatzeko ere.

Plan hau garatze aldera, Hezkuntza Sailaren asmoa da ordenagailu eramangarri bana ematea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle guztiei, hezkuntza-arloan erabil dezaten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko