Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskal herritarrak sentsibilizatuago daude gaur egun emakumeen kontrako indarkeriaren aurka eta berdintasunaren alde, Jaurlaritzaren iritziz (Gobernu Bilera 2021-11-23)

2021-11-23
  • Adierazpen instituzional bat onartu du gaur, datorren azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta
  • Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak Euskadiko emakumeen aurkako indarkeriari buruzko gizarte-pertzepzioari eta jarrerei buruzko azterlan bat aurkeztu du 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak irakurri du gaur Gobernu Kontseiluak datorren azaroaren 25a, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, dela-eta onartutako adierazpen instituzionala.

Indarkeria sexistaren adierazpen guztiak gaitzesteaz gain, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiteko konpromisoa berresteaz gain, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktima izan direnak gogoratu ditu, biktima eta biziraun duten emakumeei babes eta elkartasun osoa adierazi die, eta Jaurlaritzak dituen baliabide eta zerbitzu guztiak eskura dituztela gogorarazi du. Gainerako erakundeekin biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakunde arteko Hitzarmenaren bidez lankidetzan jarraitzeko konpromisoa gogoratzeaz gain, Jaurlaritzak  aitorpen osoa helarazi nahi izan die egunero indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren emakumeekin lan egiten duten profesionalei.

Adierazpen horretan, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du, halaber, euskal gizarteak argi eta garbi adierazi duela berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearekin duen konpromisoa, eta gaur egun sentsibilizatuago dagoela berdintasunarekin, eta gero eta neurri gehiago eskatzen dituela.

Adierazpenak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen aldaketa onartzeari egiten dio erreferentzia. Aldaketa horrek “berdintasun-politikak eta indarkeria matxistaren aurkako politikak indartuko ditu, eta pizgarri izango da gobernu hau berdintasunaren arloan egiten ari den lanean; izan ere, Legearen aldaketak berresten duen bezala, ezinbestekoa da berdintasunean lan egiten jarraitzea emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko”. Azkenik, Gobernuak konpromisoa hartzen du belaunaldi berriei begira lan egiten jarraitzeko, indarkeriarik gabeko eta berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzen laguntzen jarraitzeko.

Herritarren pertzepzioari buruzko azterlana

Berdintasuneko sailburuak Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako «Emakumeen aurkako indarkeria Euskadin: pertzepzio soziala eta jarrerak» azterlana ere aurkeztu du. Azpimarratu duenez, azterlanetik ondorioztatzen denez, euskal gizartea atzo baino sentsibilizatuago dago berdintasunarekin, eta emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko gero eta neurri gehiago eskatzen ditu. Izan ere, azterlanaren ondorioetako bat da euskal herritar gehienek uste dutela emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea lehentasuna izan behar dela Euskadirentzat (%84), eta %14k uste dute garrantzitsua dela, baina une honetan beste lehentasun batzuk daudela.

Gora egin du, halaber, desberdintasun-egoerak indarkeriarekin lotzen dituzten herritarren kopuruak: herritarren %89 oso edo nahiko ados dago gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-egoerak irauten duen bitartean emakumeen aurkako indarkeriak jarraituko duela adieraztearekin (%59 oso ados eta %30 nahiko ados), eta 2015ean, berriz, % 77 ziren hala pentsatzen zutenak.

Bestalde, azterlan horren arabera, herritarrek ohikoentzat jotzen dituzten indarkeria motak honako hauek dira: sare sozialen bidezko jazarpena eta bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria psikologikoa. Indarkeria mota desberdinen larritasunaren pertzepzioari dagokionez, euskal herritar gehienek larritzat jotzen dituzten jokabideak honako hauek dira: kolpatzea, jotzea eta/edo bultzatzea (% 92), sexu-harremanak bere borondatearen aurka izatera behartzea (% 87), emakumearen irudiak, argazkiak edo informazioa zabaltzea haren baimenik gabe (% 82), mehatxatzea (% 75), senideekiko eta lagunekiko harremanak eragoztea (% 75), mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatzea ( % 72), erabakitzen ez uztea ( % 65) edo janzteko modua kontrolatzea ( % 65), besteak beste.

Bestalde, herritarren %67aren iritziz, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeei egindako eraso, tratu txar eta hilketei buruzko albiste gehiago egotearen arrazoia lehen baino kasu gehiago argitara ateratzen direla da. Bestalde, % 19k uste du indarkeria areagotu egin dela, eta % 11k uste du bi arrazoiek eragin dutela igoera. 2015. urtearekin alderatuta, gora egin du kasu gehiago argitara ateratzen direla uste dutenen kopuruak; orduan, % 61koa zen.

Halaber, genero-indarkeriari buruzko estereotipo batzuk mantentzen dira, hala nola: alkohola eta droga-abusua daudela emakumeen aurkako indarkeria matxistako ekintza gehienen atzean (% 50), salaketa faltsu asko daudela genero-indarkeriako kasuetan (% 27), eta genero-indarkeriaren biktima diren emakume gehienak etorkinak direla ( % 24).

EAEko biztanleen % 37k diote bikotekideak tratu txarrak emandako emakumeren bat ezagutzen dutela beren familia, lagun, auzo edo lan-ingurunean, eta %38k emakumeren bati tratu txarrak eman dizkion gizonen bat ezagutzen dutela. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuen ezagutza-mailak gora egin du 2004tik (%18 zen) eta 2015etik (%27 zen). Tratu txarrak ematen dituzten gizonen kasuak ezagutzen dituztenak ere gehiago dira, 2015ean % 28 baitziren. Emakume baten aurkako eraso edo tratu txarren egoeraren bat ikusiz gero, herritarren erdiek poliziari deituko liokete  (% 54), laurdenek erasotzaileari aurre egingo liokete eta % 13k lagun dezaketen beste pertsona batzuen arreta erakarriko lukete.

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-11-23

    Era guztietako indarkerien aurka ere borrokatzea, hitzezko indarkeria barne, itxuragatik epaitzea, besteak beste, gizarte-estereotipoengatik nahi bezala ezin joatea, adibidez, mundu guztiaren gogara euria egiten ez duenean oro har gustatzea.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-11-23

    Luchar también contra todo tipo de violencias incluida la violencia verbal juzgar por las apariencias como que no se pudiese ir como viene en gana por estereotipos sociales entre otras cosas, como que haya que gustar en general cuando no llueve a gusto de todo el mundo.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko