Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak indartu egingo ditu kontrolak gidatzean arreta-galtzeak eragozteko

2021-11-21
  • Kontrolak azaroaren 22tik 28ra bitartean indartuko dira.
  • Gidatzean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzeak zigorrak ekar ditzake, horien artean 200 eurora arteko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea.

Azaroaren 22tik 28ra bitartean Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, areagotu egingo ditu gidatzean arreta-galtzeak eragozteko kontrolak, helburua izanik istripuen eta istripuetan izaten diren hildakoen eta zauritu larrien kopurua murriztea.

Egiaztatuta dago, adibidez, gidatzen ari garen bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzeak laukoiztu egiten duela istripua izateko arriskua, eta alkohol gehiegi edanda gidatzearekin pareka daiteke. Bestalde, debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, edo Internet, Tb., bideo edo DVD hargailuak manipulatzea. Arau-hauste horiek, zirkulatzen den bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzeak bezala, 200 euroko isuna eta gidabaimeneko 3 puntu galtzea ekar dezakete.

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariaren esanetan, “mugikorra izaten da arreta-galtze gehien eragiten dituen gailua, eta ibilgailua geldi dagoela bakarrik erabili behar dugu. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar”.  

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira.

Arreta-galtzeak saihesteko kanpaina hau trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak