Eusko Jaurlaritza eta Foro Soziala Gogoran bildu dira

2021-11-19

Bilbo, 2021/11/19

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak bilera egin du gaur Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariekin. Topaketa gaur goizean egin da, Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren (Gogora) egoitzan, Bilbon.

Bileran Beatriz Artolazabal sailburua, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Noemí Ostolaza Kabineteko zuzendaria izan dira. Foro Sozialaren ordezkaritzan, berriz, Nekane Alzelai, Mikel Casado eta Agus Hernán izan dira.

Foro Sozial Iraunkorrak Bizikidetza demokratikorako itun sozial eta instituzionalerako oinarriak dokumentua eman dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragile garrantzitsu baten ekarpen gisa jaso du.

Era berean, Artolazabalek Bizikidetzarako, Giza Eskubideetarako eta Aniztasunerako Plana, Udaberri 2024, eman dio ordezkaritzari, joan den irailean Gobernu Kontseiluak onartutakoa.

“Udaberri 2024 Planerako ekarpena baloratu behar dugu; bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren arloko plangintza osatzen du”, azaldu du Rodríguez Ranzek topaketa amaitzean.

“Azpimarratzekoa da gero eta adostasun handiagoa dagoela Euskadin gure etorkizuna eraikitzeko erabili behar ditugun printzipioen inguruan: indarkeria eza, errepikapenik eza, pertsonaren duintasuna, giza eskubideen babesa eta berme eraginkorra eta aintzatespena, errespetua eta dialogoa-, printzipio eta balio etiko eta demokratikoen corpus sendoa osatzen baitute”, erantsi du.

Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak berriro azpimarratu du beharrezkoa dela “oroimenezko etorkizuna” eraikitzea, bizikidetzan eragingo baitu. “Memoria kritikoa eta inklusiboa, gertaera, esperientzia eta eskubide-urraketa guztiak jasoko dituena. Eta irakurketa etikoa ere izan behar duen memoria: bidegabea izan zen”, ondorioztatu du.

Bestalde, Itun Sozial Iraunkorreko Agus Hernánek nabarmendu du “inplikatutako eragileek konpromiso zehatzak har ditzaten lan egiteko” unea dela. Foro Sozialaren iritziz, “gizarte gisa dugun erronka nagusia da gure herrialdean bizikidetza eraikitzea behin betiko bultzatuko duen itun sozial eta instituzionala lortzea. Eta horretarako, guztiz beharrezkoa da gaur emandako dokumentuan jasotzen ditugun 11 oinarriei heltzea, korapiloak askatzeko oraindik ere: biktima guztien eskubideak, presoak eta memoria kritiko inklusiboa, eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak finkatzea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nekane Alzelai, Mikel Casado eta Agus Hernán