Berriak Osasuna

GOTZONE SAGARDUI: “EAE-KO OSASUN-IKERKETAKO INSTITUTUEN EGINKIZUNA PERTSONEN OSASUNA HOBETZEA DA”

2021-11-19

Biodonostiaren sorreraren urteurrenean, Osasuneko Sailburuak iragarri du bere Saila 2022-2025erako Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria prestatzen amaitzen ari dela

 

 

Osasun Saila 2022-2025erako Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria prestatzen amaitzen ari da; haren helburua da beste urrats bat gehiago ematea, osasun-ikerketa EAEko ikerketako eta garapeneko oinarrietako bat izan dadin.

 

Hala iragarri du, gaur goizean, Gotzone Sagardui Sailburuak, Biodonostiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian; pasa den urtean egitea aurreikusten zen, baina atzeratu egin behar izan zen, pandemiaren ondorioz.

 

Zehazki, Sagarduik aintzatetsi nahi izan du Euskadiko osasun-ikerketako institutuek (BioDonostia, Biocruces Bizkaia, BioAraba eta Kronikgune) duten eginkizuna, bai eta Bioef-ena ere, 2002tik Osakidetzan eta ikerketa-institutuetan egiten den ikerketaren buru erakunde eta koordinatzaile den aldetik, COVIDi aurre egiteko tresna gisa, EAEko osasun-sisteman bertan koronabirusaren inguruan eginiko ehun proiektu eta azterlan kliniko baino gehiagoren bidez. Ikerketa horien barruan daude, besteak beste, prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra, fidagarria eta azkarra, gaixotasunaren tratamendua, azterlan klinikoa, iraunkortasuna, estadioak edo konplikazioak. 

 

Sailburuak nabarmendu duenez, hori da, funtsean, EAEko osasun-ikerketako institutuek egiten duten lana: laborategian lortutako aurrerakuntzak praktika klinikora eramatea eta, beraz, pertsonen osasunaren hobekuntzara.

 

Gogorarazi duenez, ikerketak horregatik jarraitzen du osasun-politiken funtsezko oinarrietako bat izaten, eta horren adierazle da 2022rako aurrekontuetan kapitulu horretarako zuzkidura ekonomikoa gehien hazi den partidetako bat izatea; % 15 hazi da, eta 25,2 milioi eurora iritsiko da. Lau institutuek garatuko dute jarduera hori osorik osasun-arloko ikerketaren eremuan, haietako 3.000 ikertzaile ingururi esker; gehienak emakumeak dira. 2020an baino ez, 1.700 proiektu baino gehiago egin dira; 1.500 artikulu inguru argitaratu dira zientzia-aldizkari esanguratsuetan, eta 56 garapeneko zorro teknologiko bat eratu da. 

 

Gaur Biodonostian egin den ekitaldian, Gotzone Sagardui Sailburuak eskerrak eman dizkie bere profesionalei, hamarkada honetan eginiko lanagatik, funtsezkoa izan baita Carlos III.aren Ikerketa Institutuaren egiaztapenaren bidez aintzatetsitako bikaintasuna lortzeko; horri esker, Donostiako Unibertsitate Ospitalearekin batera, EAEn terapia aurreratuetako erreferentzia-zentro bilakatu da, zehazki terapia zelularretarako, genikoetarako eta ARNrako. Ez da ahaztu behar, halere, beste eremu estrategiko batzuetan ere egiten duen lana, besteak beste zahartzearen arloan egiten duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak