Artolazabalek ohartarazi du sare sozialak gaizki erabiltzen direla mezu xenofoboak, arrazistak eta homofoboak zabaltzeko

2021-11-19
  • Bilbon izan da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak antolatutako Gorroto Delituen Jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian
  • “Giza eskubideak eta pertsona guztien duintasuna errespetatzea bizikidetzaren oinarrietako bat da”, esan du
  • Bere hitzaldian, sailburuak bere Sailaren ekintzak zehaztu ditu erasoak jasan dituzten pertsonei informazioa, prestakuntza, sentsibilizazioa eta laguntza emateko, eta erakunde publikoen eta gizarte-eragileen arteko koordinazioario balioa eman dio

 

“Krisia hasi zenetik, beste behin ere, bereziki kaltetuak eta diskriminatuak izaten ari dira pertsona eta kolektibo ahulenak. Sare sozialetako harremanen bilakaerak eta garapenak agerian utzi dute izaera arrazista, xenofobo, homofobo eta ijito-herriaren aurkako diskurtsoen errealitatea, besteak beste”. 

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur egin du gogoeta hori, UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak Bilboko Bizkaia Aretoan antolatutako Gorroto Delituei buruzko Jardunaldia irekitzeko ekitaldian.

Artolazabalek Katedraren lana goraipatuz ekin dio bere hitzaldiari, eta eskerrak eman ditu “lan-ildo horri eusteagatik gorroto-delituen arloan”, eta Unibertsitatearen eta bere sailaren arteko lankidetza gogorarazi du 2016. urteaz geroztik.

Horren ondoren, sailburuak sareei buruzko azalpena egin du, eta honako hau adierazi du: “Komunikabideen eta gizarte-sareen laguntza jasotzen duten herritarren adierazpen-askatasunak eta informazio-eskubideak haien erabilera okerraren aurkako alderdia aurkitzen dute”. Eta honako hau erantsi du: “Erabilera txarra desinformazioari, gezurrei, beldurraren sustapenari, gaitzespenari edota gorrotoa bultzatzeari dagokienez”.

Haren iritziz, “gorroto-diskurtso eta delituak bizikidetzaren haustura eragiten duten forma berriak dira; eta horren aurrean, irmoak izan behar dugu gure diskurtsoetan”. Horregatik, gizarte oparoenak pluralenak direla azaldu du.

Funtsezko bost alderdi

Era berean, Beatriz Artolazabalek, bere hitzaldian, gorroto-delituak desagerrarazteko “giltzarritzat” jotzen dituen zenbait alderdi zehaztu ditu.

Lehenik, informazioaz hitz egin du. “Gure herrialdean gertatzen diren gorroto-gertakari eta delituei buruzko informazioa behar dugu”, esan du, eta azaldu du, halaber, 241 kasu erregistratu zituela Ertzaintzak joan den urtean eta 63, Eraberean sareak.

Beste alderdi garrantzitsu bat prestakuntza da. “Diskriminazioari eta gorroto-delituei buruzko ezagutza hobetzea, batez ere gerta daitezkeen gorabeherak atzeman eta erregistratzeko ardura duten taldeena”, azaldu du. Gaineratu du Ertzaintzak arlo horretako prestakuntza handitu duela. Hori dela eta, asko handitu da erregistratutako gertakarien kopurua.

Hezkuntza eta sentsibilizazioa funtsezko elementuak dira lan honetan, ezagutza sortu eta transferitzen baita, eta, aldi berean, herritarrak sortu, sentsibilizatu eta ahalduntzen baitira. “Gorrotozko diskurtsoen aurrean, administrazio publikoek inoiz baino gehiago eragin behar dugu tolerantzia, errespetua eta bizikidetza diskurtsoetan”, esan du.

Laugarren giltzarria biktimei laguntzea da. “Prebentzioa funtsezkoa da, baina gertaerak gertatu ondoren, biktimen ondoan egon behar dugu”, esan du Artolazabalek. Ildo horretatik, beharrezkoak diren ekintzak deskribatu ditu, hala nola salatzeko informazioa ematea, prozeduran laguntzea eta biktimen egonkortasun emozionala zaintzea.

Eta koordinazioa sailburuak garrantzitsutzat jo dituen azken puntuetako bat da. Erakunde publikoen eta gizarte-eragileen arteko koordinazioa. Puntu horretan, balioa eman dio Erabereanen lanari; sare hori Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak sustatu du, eta Biltzen eta Berdindu Saileko bi zerbitzuk eta hirugarren sektoreko 12 erakundek osatzen dute.

“Antena gisa jokatzen dute”, azaldu du, “bereizkeria-egoerak atzemateko, eta biktima izan daitezkeenen arreta zuzena bermatzeko”.

Beatriz Artolazabal sailburuak hurrengo urteetan aurre egin beharko diogun erronkari buruz hitz egin du: bereizkeriaren eta desberdintasunaren aurka borrokatzea. Era berean, ohartarazi du, une honetan, “giza eskubideen babesa eta sustapena lurzoru irristakor batean dagoela”; horregatik, azpimarratu duenez, beharrezkoa da “aniztasunaren diskurtso positiboa sortzea” eta “giza eskubideen defentsan atzera egin ez dadin jardutea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eduardo Santos (Consejera de Políticas migratorias y justicia, Gobierno de Navarra) Carmen Andan (Fiscal superior de la CAV), Ignacio José Subijana( Presidente de la TSJPV); Manuel Lezertua(ararteko); Gorka Moreno(Vicerector Campus Bizkaia UPV)