Javier Hurtado sailburuak nabarmendu du merkataritzaren dinamizazio eta gizarte-kohesiorako lan handia egin dela Donostiako merkataritzari sariak emateko ekitaldian

2021-11-18

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Donostiako Merkataritzaren Egunaren edizio berri batean parte hartu du gaur, eta hiriko establezimenduei zuzendutako sariak banatu ditu, beren eguneroko lana aintzatesteko eta babesteko. San Sebastian Shops Donostia erakundearen laguntzarekin, Donostiako Sustapenaren bitartez, Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako Zinegotzigoak antolatutako sariak dira.

Sailburuak Donostiako merkataritza jasangarriaren saria Minusse eta Mikel Aranburu Arte y Grabado-ri eman die.  Javier Hurtadok merkatarien lana goraipatu du, “zuen ekimenekin gure kaleei bizia ematen eta hiria dinamizatzen laguntzen duzuelako. Merkataritza funtsezkoa da hiri-bilbea berritxuratzeko, eta hiri-mugimenduak ere funtsezkoak dira merkataritzan. Gure saltokiak eta gure hirigintza elkarri lotuta daude eta sinergiak sortzen dituzte beste sektore batzuekin, hala nola ostalaritzarekin eta turismoarekin, hain tradizio turistiko luzea duten Donostia gisako hiriekin gertatzen den bezala”.

Horregatik, “merkataritzaren erronkei heltzen diegunean, zeharkako ikuspegi horrekin egin behar dugu. Badakigu pertsonentzat atseginagoak diren hiriek, jasangarritasun-neurriak aukeratu dituztenek —hala nola kaleak oinezkoentzako bihurtzea—, merkataritzaren eta ostalaritzaren diru-sarrerak handitzen laguntzen dutela. Ikerketa askok hori bermatzen dute; halaber, erakutsi dute ostalaritzarekin duten loturak diru-sarreren eta gizarte-kohesioaren hobekuntza hori sustatzen duela”.

Ildo horretan, azpimarratu du merkataritzarentzako Sailetik eman den eta ematen jarraituko den laguntza: “pandemian zehar 10 milioi euroko zuzeneko laguntzen bidez, beste laguntza batzuk indartuz, hala nola merkataritza-establezimenduak modernizatzeko —2 milioi eurotik 3,35 milioi euroraino handitu dugun laguntza—, zuen saltokietan berrikuntza- eta inbertsio-beharrak asetzen laguntzeko. Eta merkataritza-bonuaren bigarren edizioarekin —5,1 milioi euro—; 500.000 bonu baino gehiago jarri ditugu martxan duela 3 aste. Harrera bikaina izan duen kanpaina honek jada 360.000 bonu baino gehiago trukatu ditu, horietatik 27.000 Donostian”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak