José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea Euskadiko ijitoen komunitateko ordezkariekin batu da, Lakuan

2021-11-16

 

José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria, gaur, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan Euskadiko ijitoen komunitateko ordezkariekin batu dira.

Zehazki, Lakuan izan den topaketan, honako elkarte hauetako kideak izan dira: Adarra, Agifugi, Gao Lacho Drom, Amuge, Secretariado Gitano de Euskadi fundazioa, Kale Dor Kayiko, Kamelamos Adiquerar, Sin Romí eta Nevipen. Elkarteetako ordezkariek Rodríguez Ranzi eta Hernandori Euskadiko ijitoen komunitatearen kezka eragiten duten zenbait gairen berri eman diete.

Euskadin Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Batzordea –2003an sortu zen– eratzen duten elkarteek azaroaren 16a Euskadiko Ijito Herriaren Eguna izateko aldarrikapena egiten dute.

Pasa den azaroaren 5ean, Erromaniaren Nazioarteko Egunean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, emakume ijitoekin eginiko ekitaldi batean, honako hau esan zuen: “azken urteotako aurrerapenak gorabehera, ijitoen aurkako jarrerak jarraitzen du oztopo larria izaten, eta ijito askori eragotzi egiten die beren funtsezko eskubideak erabat eta eraginkortasunez baliatzea”. Beraz, “desberdinkeria horien aurka borrokatzea 2022-2024rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia berriak aurrez aurre duen erronketako bat da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak