Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak euskararen etorkizun osasuntsu eta jasangarrirako denon ahalegina eta elkartasuna beharrezkoa dela azpimarratu du Euskararen Aholku Batzordearen bileran

2021-11-16
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakaritzan egin den bileran Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 aurkeztu da
  • Agendak lau helburu estrategiko finkatzen ditu euskararen ezagutza eta erabilera handitzeko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzeko euskararen lurralde guztietan

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da Euskararen Aholku Batzordearen legealdiko bigarren bileraren buru. Lehendakaritzan egin den batzarrean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere parte hartu dute Euskararen Aholku Batzordeko gainontzeko kideekin batera.  

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “garapen jasangarriaren helburuei begira jarri gara mundua osatzen dugun gizarte guztiak eta, ongi asko dakigu euskarak behar duela, eta baduela, ikuspegi horretan berezko toki bat, ezinbestekoa bezain ukaezina. Euskararen etorkizun osasuntsu eta jasangarriak, nahitaez, ahalegin planifikatzera behartzen gaitu… Herritarren eta multzoen arteko elkartasunezko loturak zaindu eta indartuko dituen plangintza. Pertsonaren neurrian diseinaturiko plangintza, askotariko pertsonen eta taldeen inplikazioa bilatuko duena”. Lehendakariak adierazi duenez, “plangintza horren goreneko emaitza” da Euskararen Aholku Batzordean gaur bertan aurkeztu den Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024.

Gobernu Kontseiluak azaroaren 2ko bileran onartu zuen 2021-2024 epealdirako Euskararen Agenda Estrategikoa, legegintzaldi honetako hizkuntza politikaren lan-ildoak zein helburu estrategikoak zehazten dituen dokumentua. Agiriak lau helburu estrategiko finkatu ditu euskararen ezagutza zein erabilera handitzen jarraitzeko, hizkuntza eskubideen bermean aurrera egiteko eta euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzeko.

Agenda hau Eusko Jaurlaritzak euskararekiko duen konpromisoaren erakusgarria da, eta euskara sustatzeko hizkuntza politika garatzeko funtsezko tresna izango da. Dokumentu honek, halaber, euskararen zeharkakotasuna bermatzen du, bai administrazioan, bai gizartean, hainbat erakunde, gizarte eragile eta adituren arteko elkarlanean gauzatuko baita.

Euskararen Agenda Estrategikoak bat egiten du XII. legealdirako Gobernu Programarekin. Izan ere, Gobernu Programan euskararekiko ezarritako konpromisoak, bai eta bakoitza garatu ahal izateko ekimenak ere, Agendaren oinarrian daude. Hona hemen 3 konpromiso nagusiak:

  • Euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabileran eragitea gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan.
  • Hizkuntza eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizatutako hizkuntza bizikidetza baterantz aurrera egitea.
  • Erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen lurralde guztiekin.

Konpromiso horiek lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak lau helburu estrategiko onartu ditu Agendaren bidez.

  1. Herritarren euskararen ezagutza handitzen jarraitzea.
    • Helduen ikaskuntza-egitasmoa sendotzea.
  1. Herritarren euskararen erabilera handitzen jarraitzea.
    • Euskararen transmisioa bermatzea.
    • Aisialdian eta kirolean euskararen erabilera handitzea.
    • Ingurune digitalean euskararen erabilera handitzea.
    • Hedabideetan euskararen erabilera handitzea.
    • EAEko sektore publikoan euskararen erabilera handitzea.
    • Eremu sozioekonomiko publikoan zein pribatuan euskararen erabilera handitzea.
  1. Herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea.
    • Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.
  1. Euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzea.
    • Hizkuntza politika garatzeko adostasunak lantzea.
    • Erakundeen arteko lankidetza indartzea.

Helburu horiek guztiak lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekintza aurreikusi ditu. Horrela, euskararen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan aurrera egiten jarraitzea da asmoa. Legegintzaldiaren amaieran, Agendaren betetze maila neurtuko da.

Agendaren jarraipena egiteko Jarraipen Batzordea eratuko da, eta kide hauek izango ditu: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Hezkuntza sailburuordea, HABEko zuzendari nagusia, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, IVAPeko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzeko ordezkaria (gutxienez zuzendari mailakoa). Era berean, partaide izango dira erakunde hauetako ordezkariak (gutxienez zuzendari mailakoak): Osakidetza, Justizia, Ertzaintza, EITB, Eustat eta Emakunde.

Euskararen normalizazioa

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, “gure gizarteak argi utzi du, Euskaraldia bezalako ekimen arrakastatsuetan, baita beste hainbat ekinbidetan ere, ez duela zordun izan nahi euskararen bizi-indarrari dagokionez. Alderantziz. Irabazi garbiko balantzea nahi du gure gizarteak euskararen erabileran, eta, beraz, bizi-indar eta osasunean. Horixe da, besteak beste, garapen jasangarrirako gizarteak egin nahi duen ekarpen nagusietako bat: “iraganeko eta gaurko hizkuntza gurea etorkizuneko hizkuntza ere izan dadila”. Eta gaineratu duenez, alor guztietan egin beharko da lan helburu hori lortzeko. Gainera, gazteek euskararen erabileran duten garrantziaren inguruko gogoeta bat ere partekatu du Lehendakariak gaurko Euskararen Aholku Batzordearen bileran: “gizarte bizitzaren alor guztietan bezala, gure gazteek badakite eskuzabaltasunez jokatzen euskararen erabilerari dagokionez ere. Aitorpen hori merezi dute, diskurtsoan zein praktikan. Neurri handi batean, haiei esker goaz aurrera. Merezi dute gizarte osoaren onespena, euskarentzat bizi-emaile baitira”.

Euskararen Aholku Batzordea

Euskararen Aholku Batzordearen helburua da ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinatzea euskara normalizatzeko. Gaur egun 26 kidek osatzen dute Euskararen Aholku Batzordea eta hiru batzorde-atalez osotuta dago: ingurune digitala; hizkuntza eta generoa; eta eremu sozioekonomiko pribatua. Batzorde-atal horietan gizartearen ordezkaritza zabala batzen da; izan ere, arlo bakoitzean adituak diren pertsonek osatzen dituzte.

2 iruzkin
  • 2021-11-17

    "garantizar los derechos lingüísticos de la ciudadana", supongo que en esta expresión se incluirán los artículos de la Constitución Española: 14, 23.2, 103.1 y 3.

  • @HABE_erakundea
    2021-11-17

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari subraya en la reunión del Consejo Asesor del Euskera... https://t.co/YjfBdBj7ho

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak