Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak euskal gizarteari etorkizuneko Euskadi ´eraikitzeko ereduari buruz eztabaida bat´ proposatu dio

2009.eko abenduak 29


Krisitik indartuta irteteko Euskadi ´modernoago, libreago eta parte-hartzaileago´ baten oinarriak jartzeko Lópezek euskaldun guztion batasuna eskatu du

Euskal gizarteari egindako harrerak alderdi politiko, eragile ekonomiko eta sozial desberdinen ordezkariak bildu ditu Lehendakaritzaren eraikinean. Bertan ekitaldi bat ospatu da, denboran zehar bidaiatu duena, euskal literaturaren erreferentzia batzuk aipatuz

Patxi López lehendakariak euskal gizarteari Euskadik etorkizunean izan behar duen herri ereduaren eztabaidan parte hartzeko gonbita egin dio. López berak ireki du eztabaida urte amaiera bakoitzean egiten den gizarte zibilaren ohiko harreraren hitzaldian. Bertan, Lópezek "aurrera egitea eta herritarrei aukera berdintasun handiagoa ematea ahalbidetzen duen" gizarte eredu baten alde egin du eta ukatu egin ditu "ikur" eta "banderen" gainean eraikitzen diren herri ereduak. Lehendakariak indar politikoak, eragile ekonomiko eta sozialak, eta herritarrak eztabaida honetan "batera lan egitera" animatu ditu. "Batera, krisiari aurre egiteko eta batera, Euskadi eraikitzeko", azpimarratu du.

Euskal gizarteari egindako harrera Lehendakaritzan ospatu da eta bertan egon dira, Patxi Lópezen gobernuko kideez gain, alderdi politikoetako ordezkariak, enpresariak, komunikabideetako ordezkariak eta eragile ekonomiko eta sozialak. Besteak beste, bertan izan dira JL Bilbao, Xabier Agirre eta Markel Olano Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru diputatuak, Iñigo Urkullu EBBko presidentea, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea edo Josu Jon Imaz Petronorreko presidentea.

Hitzaldi hau López Ajuria Eneara iritsi zenetik ematen den lehenengoa da eta bertan lehendakariak ohartarazi du "gure ekonomiak datu positibo batzuk ikusten hasi garen arren, datorren urtea oraindik urte zaila izango dela". Horregatik, euskal gizarteari "indarrak eta ahaleginak batzeko" eskatu dio, "enpresak mantentzeko eta enpleguak sortzeko". Hori lortzeko, Lópezek berriro esan du ezin dela politika egin "inoren aurka", baizik eta "politika Euskadiren eta euskal gizartearen alde" egin behar dela. "Gaur, helburua, etorkizunerako Euskadi solidario eta iraunkor bat zehaztuko duten itunak bilatzea da", "herritarren edo hauen ordezkari diren alderdi politikoen proposamen eta alternatiba desberdinei modu eraikitzailean elkarrekin bizitzea" ahalbidetuko diena, gehitu du.

Lópezek sarri egin dio gizarteari Euskadi berria zehazteko lanean "parte hartzeko" eta "laguntzeko" deia eta eztabaida horrek "epe ertainera" erantzun behar dituen galderetako batzuk planteatu ditu. "Nola lor dezakegu epe ertainera gizarte iraunkor bat? Nola bermatu diezaiokegu euskal gizarteari aukera berdintasuna estaldura publikoen sistemak porrot egin gabe? Nola banatuko ditugu ondasunak eta zein fiskalitate nahi dugu etorkizunerako? Nola sustatu nahi ditugu dauzkagun kultura anitzak? Zein da aurrez aurre ditugun erronkei modu egokienean erantzuten dien hezkuntza edo osasun eredua? Eta hazkunde ekonomikoaren eredua, energiarena edo ezagutza ematekoa?

ETAren biktimei oroipena

Hitzaldia amaitu baino lehen, lehendakariak adierazi du nahiko lukeela hau terrorismoaren biktimak aipatu behar dituen azken aldia izatea. Zehazki, ETAk 2009an hildako hiru pertsonak gogorarazi ditu, Eduardo Puelles, Carlos Sáenz de Tejada eta Diego Salva. "Ez ditugu ahazten gure zati direlako, eta gure memoria kolektiboaren zati izango dira, Euskadi duin bat eraikitzeko", ziurtatu du. Ondoren, "mehatxatuta dauden pertsona guztienganako konpromiso pertsonala" duela adierazi du. "ETAren terrorismoaren aurkako borroka irabazten ari gara. Eta ETA gabeko euskal gizarte bat eraikiko dugu, indarkeriaren apologia zigorrik gabe uzten duen esparrurik gabea, eta ez dugu onartuko hori erabiltzen dutenak babesten dituzten arrazoiketa faltsuak legitimotzat hartzea", amaitu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria