Berriak Herrizaingoa
Eu

Ikastetxeak Autobabeseko Euskal Araua berriaz babestuko dira

2011.eko irailak 15

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Mari Sol Estebanek eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburuorde Raúl Fernández de Arroiabek azaldu dute nola zabalduko den ikastetxeetan autobabeseko euskal arau berria. Arautegi berri hori sartzeko, Gobernuak ''administrazioek eta herritarrek lankidetzan jarduteko konpromiso sendoa'' ezarriko du, segurtasuna are gehiago indartzeko, ''eskoletako funtsezko'' helburua baita.

Prozesua Arabako ikastetxe guztietako zuzendariekin abiatu da; guztira, ehun zuzendarik baino gehiagok. Arau berria ikastetxeetan aplikatzeko behar duten prestakuntza jaso dute irakasleek, gero bertako langileei azaltzeko. Era berean, zuzendariek "Autobabesa eguneroko bizitzan" hezkuntza-materiala ezagutu dute. Material horren 1.000 ale baino gehiago inprimatu da eta bertsio digitalean, berriz, 15.000 ale baino gehiago sortu da, euskal ikasleek erabil dezaten.

Irakasleak prestatu eta gero, prentsaurrekoa izan da, eta bertan, Marisol Estebanek azpimarratu du Hezkuntza Sailak beti jarraitu duela "politika aktiboa" arriskuei aurre egiteko. "Noiz edo noiz ikastetxea erabiltzen duten talde guztiak biltzen dituen politika" hain zuzen ere. Haren iritziz, gaur arte egindako lanaren adierazgarri argia dira ikastetxe guztiek ezarrita dituzten larrialdi-planak, ikastetxeetan azaltzen diren seinaleak (20.000 baino gehiago) edo euskal irakasleek (17.000 baino gehiagok) dagoeneko jaso dituzten prestakuntza-planak.

Raúl Fernández de Arroiabek, bere aldetik, azaldu duenez, "arriskuak aurreikusteko gaietan benetako helburuak lortzeko, ezinbestekoa da motibazioa eta herritar guztiek nork bere burua babesteko konpromisoa hartzea". Aurkeztu den hezkuntza-material berri horrek ikasleak gai horretan prestatu nahi ditu. "Izan ere, biztanleen artean eurek dira babesgabeenak baina hain zuzen ere eurek dute autobabeseko oinarrizko kontzeptuak bereganatzeko ahalmenik handiena", azpimarratu du Herrizaingoko sailburuordeak.

Irailaren 15etik eta urtarrilaren 12arte, prestakuntza hori Euskadiko berritzeguneetan emango zaie zuzendariei, herri-ikastetxeetan guztira dauden 688 zuzendariek jaso artean. Guztira, 17 saio emango dira lau hilabetean. Lehenengo etapa hau amaitu eta gero, nozio horiek modu piramidalean zabalduko dira, zuzendariek irakasleei zabalduko dizkiete, eta horiek ikasleei; nozio horiek ikastetxeetako gainerako langileei ere zabalduko zaizkie.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)