Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak kamioien eta autobusen azterketa indartuko du Euskadin

2021-11-14
  • Azaroaren 15etik 21era bitartean kamioien eta autobusen baldintza teknikoak aztertuko dituzte

Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu azaroaren 15etik 21era bitartean, eta arreta berezia eskainiko die ibilgailuen baldintza teknikoei Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea. Batez ere ikuskatuko dira:

  • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.
  • Argiak.
  • Pneumatikoen egoera.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez, “ibilgailuaren mantenimendua behar bezala egitea erabakigarria da horien bizitza baliagarrian segurtasun-baldintza jakin batzuk ziurtatzeko. Horregatik da funtsezkoa IATn baldintza horiek ziurtatzea, bai eta baimendutako mekanika-lantegietan aldian behin azterketak egitea ere, errepidean ezustekorik gerta ez dadin”.

Bestalde, egiaztatuko dute baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren, ezarritako atsedenaldiak egiten diren eta takografoak funtzionatzen duen edo gailua manipulatu egin den erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko. Horrez gainera, salgaien garraioan zainduko da ea baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama behar bezala lotuta dagoen.

Kanpaina hau trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak