Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak “ez du Urdaibain inolako proiekturi betoa jartzeko asmorik”

2009.eko abenduak 29

Gasteizko gobernuaren bozeramaileak berriro eskatu du Bizkaiko eskualde honetara egokiena den proiektuari buruzko "eztabaida lasai" bat egiteko astia

Eusko Jaurlaritzak berriro adierazi du prest dagoela Urdaibai ekonomikoki sustatu behar duen azpiegitura bati buruzko eztabaida bati ekiteko eta gogorarazi du gobernuak ez duela "arriskuan jarriko" eskualde honek duen Biosfera Erreserba kalifikazioa.

"Eusko Jaurlaritzaren asmoa ez da ezeri betoa jartzea". Adierazpen horiek egin ditu gobernu autonomikoaren bozeramaileak Eusko Jaurlaritzak Urdaibain Guggenheim Museo berri bat eraikitzeko proiektuari betoa jartzeko aukeraren aurrean. Mendiak onartu du Guggenheim Museoaren Patronatuko Estatutuetan badagoela artikulu bat bi kide nagusietako bati, Gasteizko gobernuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari beto hori ezartzea ahalbidetuko liokeena. Hala ere, bozeramaileak baztertu egin du neurri hori eta edozein erabaki hartu aurretik Urdaibaiko eskualdearen beharren inguruan eztabaida "lasai" bat hasteko proposamena egin du.

Asteko Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendiak azaldu du Patxi Lópezek zuzentzen duen gobernuaren lehentasuna gaur egun Urdaibai eskualdeak duen Biosfera Erreserba kalifikazioa "arriskuan ez jartzea" dela. Horrela, bozeramaileak berriro adierazi du gobernuak "ez duela ez polemikarik ez betorik nahi". "Guk nahi dugun gauza bakarra da proposamen desberdinen gainean eztabaida lasai bat egitea, eta hori, jakina, Guggenheim fundazioaren eremutik kanpo egin daiteke", azpimarratu du.

Lehendakariaren mezua

Hauxe izan da urteko azken Gobernu Kontseilua, beraz, bozeramaileak guztioi jai zoriontsuak opatzeko baliatu du, eta gogorarazi du lehendakaria abenduaren 31ko gauean, Urte Amaierako ohiko hitzaldian, euskal gizarteari zuzenduko zaiola. Lehendakariak amaitzera doan urtearen nondik norakoak aztertuko ditu eta 2010erako helburuak finkatuko ditu. Hori guztia, Eusko Jaurlaritzaren buru gisa emango duen lehenengo Urte Amaierako mezuan egingo du.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009-12-29n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea