Kontroleko osoko bilkura

2021-11-12

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Mikel Otero Gabirondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, larrialdi klimatikoari aurre egiteko politiken porrotaren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza “klimaren aldeko ekintzarekin” konprometituta dagoela, eta, ahalegin horretan, hainbat ekintza gauzatzen ari dela; esate baterako, Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena; Trantsizio Energetikoari eta Aldaketa Klimatikoari buruzko Lege Proiektua; Mugikortasun Jasangarriari buruzko Lege Proiektua; Hidrogenoaren Euskal Estrategia; “Life Urban Klima 2050” Proiektua; EKIOLA proiektua; eta, duela gutxi, Euskadik bat egin du, Glasgowko COP 26an, Munduko Industria Aliantzarekin, 2050ean zero emisio garbiak lortzeko. “Eskertzekoa litzateke zuek bat egitea eta energia berriztagarriak ezartzea bultzatuko bazenute, helburu horiek lortzeko”, adierazi du Urkulluk.

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2022ko Aurrekontuen lege-proiektuari buruz.

Iñigo Urkulluk adierazi duenez, Aurrekontuen Proiektua inflexio-puntua izan daiteke, ekonomia suspertzen, enplegu-aukerak sortzen eta gizarte-babeserako euskal eredua indartzen lagunduko baitu; baita hiru eraldaketa globaletan aurrera egiten lagundu ere: energetikoa eta ekologikoa; teknologikoa eta digitala; demografikoa, sanitarioa eta soziala.

Lehendakariak aitortu du Elkarrekin Podemos taldearen proposamen batzuek aurrekontu-helburu horiei erantzuten dietela, eta, beraz, hitz egiteko eta adosteko prest agertu da. “Zenbat eta laguntza gehiago batu une honetan, orduan eta bizkorrago egin ahal izango dugu berraktibazio-prozesua, enplegu gehiago sortuko dugu, baliabide gehiago izango ditugu, eta, azken finean, kohesio eta oreka sozialari ekarpen handiagoa egingo diogu”, gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko familia eta enpresen gaineko karga fiskala murrizteari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua gizarte kohesionatu batean ahalik eta bizi-mailarik onena lortzen laguntzea dela, eta, horretarako, fiskalitatea tresna bat dela. Horrela, fiskalitate progresibo eta ekitatiboa defendatu du; baliabideak lortzen lagunduko duena horiek gizarte-politiken bidez birbanatzeko eta enpresei laguntzak eskaintzeko. “Gure baliabideen kudeaketari esker posible den gizarte-eredu bat defendatzen dut. Ekonomia Ituna defendatzen dut erantzukizunaren, aldebakarreko arriskuaren eta harmonizazio fiskalaren ariketa gisa, Estatuko gainerako herrialdeekin eta Europarekin ere”, gaineratu du.

“Kezkatuta nago zuk interes handiagoa duzulako Madrilgo eredua defendatzean Euskadiren eredua defendatzean baino. Madrilgo erabakietarako autonomia aldarrikatzen duzu. Ez kezkatu, nire aldetik Euskadiren erabakientzako autonomia eta errespetua defendatuko ditut. Madril efektuaren balorazioa erregimen komuneko autonomientzat utziko dut, amaitu du Lehendakariak.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ETAren kasu argitugabeak direla eta EBren ordezkaritzaren Gasteizko bisitari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, lantalde hori ez zen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri, eta, bere ustez, zaila da ulertzea, jakinik Eusko Jaurlaritzak argitu gabeko atentatuen inguruko ekimen zehatzak garatu direla. “Benetan diotsut gure iritzia eta ekarpena emateko prest egongo ginatekeela. Hala jarraitzen dugu, talde honek partekatzen dugun helburu bat planteatzen duelako”, gaineratu du.

Arlo horretan egindako urratsen adibide gisa, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak 2014an eskatu zuen txostena aipatu du, argitu gabeko ETAren kasuak argitzeko bidean aurrera egiteko; eta nahiz eta esperientziak erakusten duen gaur egun oso zaila dela duela berrogei urte baino gehiago egindako krimenen argitze judizial osoa lortzea, Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela etsi eta helburu hori planteatzen duten ekimenekin lagunduko duela.

Ildo horretan, Gobernuak abian jarritako Memoriaren eta Aitorpenaren Koadernoak proiektua aipatu du, ETAren terrorismoaren ondorioz hildako biktimen egia- eta justizia-eskubideei laguntzeko. Koaderno horietako batzuk abenduaren 17an entregatuko dira, eta biktima horiek jasan duten kalte erantsia, ahal den neurrian, konpontzea du helburu. “Biktima horien duintasunari, humanizazioari eta aitortzari egingo diogun ekarpena izango da. Egia eta justizia izateko eskubideari egiten diogun ekarpena”, adierazi du.

Galdera, Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuesta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, "Euskal Y"-aren inguruko kudeaketari buruz.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du euskal Y-a funtsezko azpiegitura dela Euskadi Europarekin lotzeko, tren-industria garatzeko, barne-mugikortasunerako eta CO2 emisioak murrizteko. “Glasgowko COP 26 izan da trenaren aldeko apustu irmoaren azken adibidea, garraiobide berdeago eta irmoago gisa”, adierazi du. Hala ere, aitortu du azpiegituraren kudeaketa ez dela eraginkorra helburuak betetzearen ikuspegitik.

Halaber, Iñigo Urkulluk gogorarazi du euskal Y grekoa izaera orokorreko azpiegitura dela, eta, beraz, kostua, erabat, Espainiako Gobernuari dagokiola. Eusko Jaurlaritzari egindako kudeaketa-mandatuei dagokionez, Lehendakariak azpimarratu du bide hori eraginkorra izan dela Gipuzkoako obrak arintzeko, eta, horregatik, eskaintza hori berriro egin dela, Bilborako eta Gasteizerako lurpeko sarbideak eraikitzeko.

Hitzartutako behin-behineko konponbideei dagokienez, lehendakariak argi utzi du obrak amaitzeko ituna sinatuta dagoela Espainiako Gobernuaren eta euskal erakundeen artean; behin-behineko edozein irtenbide behin-behinekoa izango da beti, eta akordioak betetzea errespetatu beharko dela; eta helburua dela azpiegitura hori lehenbailehen amaitzea eta martxan jartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak