Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak eskerrak eman dizkie segurtasun pribatuko agenteei Euskadiko segurtasun publikoa mantentzen laguntzeagatik

2021-11-10

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean inauguratu du Bilbon V. Segurtasun Pribatuko Batzarra. Edizio honetan sektore honek teknologiaren eta legegintzaren ikuspegitik eta etorkizunera begira dituen erronkak eztabaidatuko dituzte elkarte profesionalen ikuspegitik.  

Josu Erkorekak esku-hartzean lankidetza publiko-pribaturako deia egin du, kontuan hartuta gero eta gehiago eskatzen dela segurtasun publiko integral, kohesionatu eta modernoa, hautematen diren mehatxu berri eta aldakorrei aurre egiteko gai izango dena, eta eskaera horri erantzun egin behar zaiola. Alde horretatik, segurtasun pribatuaren sektoreak Euskadin egiten duen ekarpena eskertu eta balioetsi nahi izan du, Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta larrialdiei aurre egiteko sarea osatzen duten gainerako guztien lana osatzen baitu segurtasun publikoa bermatzeko.

Lan-jardunaldian aztertu diren gai nagusietako batzuk body-cam izenekoak eta bideo-grabazioko sistema integralak izan dira. Horri buruz lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren 2022ko aurrekontuan 500.000 euroko kontu-sail bat dagoela irudiak hartzeko, transmititzeko eta grabatzeko eta kudeatzeko sistema horiek, esate baterako, Segurtasun Sailaren aireontzietan ezartzeko. Kontu-sail horrek barne hartzen du banakako grabazio-kamera horiek pixkanaka Ertzaintzaren unitate ezberdinetara hedatzea, Irunen, Bilbon eta Gasteizen gauzatzen ari diren proiektu pilotua aurtengo urtearen bukaeran amaitu eta ebaluatu ondoren.

Body Cams Ertzaintza

Josu Erkorekak hitz egin ondoren Raúl Otaola Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko Inteligentzia Operatiboko buruak hartu du hitza Euskadiko hiru hirietan aurreikusitako moduan garatzen ari diren proiektu pilotuaren xehetasunak azaltzeko. Zehazki, Ertzaintza 10 astean ari da probatzen modelo ezberdinetako 30 kamera goizeko, arratsaldeko eta gaueko hiru patruila txandetan. Guztira 18 kamera izendatu dituzte Bilborako, 6 Gasteizerako eta 6 Irunerako.

Probatzen ari diren kamera-modeloez gainera, proiektu pilotuko ekipamendua osatuko dute kamerak agenteen uniformeei lotzeko osagarriek, irudiak automatikoki jaisteko eta bateriak ertzain-etxeetan kargatzeko gailuek, bideo-kudeaketako sistemek eta irudiak zorroztasun eta segurtasun osoz biltegiratu eta tratatu ahal izateko software lizentziek.

Proiektu pilotua ebaluatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak grabazio-sistemen funtzionalitateak zehaztuko, ezarriko eta doituko ditu azken helburura begira: Ertzaintzako patruila guztiek izatea integratuta grabazio-kamerak eta, era horretara, polizia-jarduketetan ahalik eta gardentasunik handiena bermatzea, delituen aurrean probak hobeto aurkeztea eta agenteen segurtasuna areagotzea.  

Proiektu hau legealdi honetan Segurtasun Sailaren jarduera gidatuko duten ardatz nagusietako batean kokatzen da: prozesuen digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa segurtasunaren erronkari erantzuteko tresna aurreratuak eta egokiak izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak