Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekak Ertzaintzarekin duen harremana indartzeko Euskadira etorri den Anberesko Poliziaren buruak hartu ditu

2021-11-10
  • Anbereseko Poliziaren ordezkaritza batek aste honetan Ertzaintzaren hainbat egoitza eta ekipamendu bisitatuko ditu, Segurtasun Sailak eta Anbereseko Udalak 2017an izenpetu zuten lankidetza-hitzarmenean aurreikusitako trukeen esparruan. Topaketa honen helburua da bi polizia-kidegoen arteko lankidetza-akordio hori berrestea eta sendotzea, Ertzaintza hobeto ezagutzea eta 2022rako esperientzia-trukeak zehaztea.

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Anberesko Poliziaren arduradunekin elkartu da gaur arratsaldeko lehenengo orduan. Ordezkaritzaren buruan Serge Muyters komisario burua, Karl Heeren komisario nagusia eta Nazioarteko Harremanetako burua eta Jan Bryssinckx komisarioa eta Indar Berezien burua izan dira, eta sailburuarekin batera izan dira topaketan Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua eta Jon Ziarsolo Inteligentzia Bulego Nagusiaren burua.

Lan-bileran, lehenengo Ertzaintzaren eta Anberesko Poliziaren lankidetza-akordioaren balantze guztiz positiboa egin da, eta hitzarmenarekin jarraitzea sinatu da formakuntza, polizia-esperientziak eta mugarik ez duen delitugintzaren prebentziorako eta delitu horien aurkako borrokarako lankidetza trukatzen jarraitzeko. Halako delituak dira terrorismoa, krimen antolatua, ibilgailuen lapurretak, agiri-faltsutzea, gai sorgorgarrien trafikoa, etab. Hori guztia azken helburu partekatua lortzeko: Europar Batasunean askatasuna, segurtasuna eta justizia indartzen jarraitzea.  

Bisitaren programa

Lankidetzarekin jarraitzea izenpetu ondoren, Belgikako ordezkaritza, Ertzaintzaren arduradunek lagunduta, Donostian eta Zarautzen izan da. Bihar Berroziren instalazioak bisitatzea aurreikusten da, eta bertan Erakundeen Segurtasunerako Buruzagitza Nagusiaren jarduerak eta unitateak aurkeztuko zaizkio eta, ondoren, Esku Hartzeko Unitatearen erakustaldi bat ikusi ahal izango du. Instalazio horietan topaketa honetan aurreikusitako beste helburuetako bat beteko da, Anberesko Poliziaren arduradunak Ertzaintzaren zuzendariarekin eta buruarekin elkartuko baitira bi polizia-kidegoen artean 2022an egingo diren trukeak zehazteko.

Azkenik, ostiralean lan-bilera egitea aurreikusten da Zaintza eta Erreskate Unitatearen Santurtziko portuko basean, eta bertan amaitutzat emango da Anberesko Poliziaren eta Ertzaintzaren arteko topaketa.

Bisitak trukatzen 2017tik

Lankidetza-hitzarmena 2017ko martxoan izenpetu zutenetik, bi polizia-kidegoak urte horretan bertan hasi ziren bisitak trukatzen eta entrenamenduak elkarrekin egiten polizia esku-hartzeak prestatzeko, erradikalizazioaren prebentziorako eta berrikuntza teknologikoak sartzen joateko. Hurrengo urtean Anberesko Polizia Euskadira etorri zen Erandioko zentrala eta Iurretako base operatiboa bisitatzera, eta Inteligentzia Bulego Nagusiaren lana ezagutzeko eta PRI Bizkor patruilen erakustaldi bat ikusteko aukera ere izan zuen, eta, gainera, Islamismo Erradikalari buruzko Ertzaintzaren Planaren xehetasun teknikoak ere azaldu zitzaizkion. 2019an Berroziko instalazioetan egin zioten harrera, eta bertan landa-inguruan bizi diren herritarren segurtasun-beharrei eta -eskaerei erantzuteko Ertzaintzako landa-patruilen ereduari buruzko jardunaldi bat antolatu zen.

Bisita eta topaketa horiek bi polizia-zerbitzuen arteko lankidetza-akordioak sendotu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren eta Flandriako Gobernuaren arteko akordioa 2015ean

Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak 2015eko ekainaren 1ean Bruselan izenpetu zuten Asmo Deklaraziotik aurrera, eta Europaren baterakuntza-prozesu progresiboaren baitan Europar Batasunean askatasuna, segurtasuna eta justizia sendotzeko zituzten interes bateratuetan oinarrituta, handik bi urtera izenpetu zuten Segurtasun Sailak eta Anbereseko Udalak segurtasunaren arloan lankidetza indartzeko konpromisoa, eta ekintza horretan bi polizia-kidegoen buruek parte hartu zuten.

Akordio horren helburu nagusia zen delituen aurkako borrokan eta prebentzioan eta segurtasunarekin eta ordena publikoarekin zerikusia duten lanetan esperientziak trukatzea,   bereziki, terrorismoaren, krimen antolatuaren, lapurtutako ibilgailuen nazioarteko trafikoaren, agiri-faltsutzearen eta droga-trafikoaren arloetan.

Era berean, konpromisoan nabarmentzen zen ezagutzak trukatuko zirela hainbat arlotan, hala nola, polizia formakuntzako eta hobekuntzako programetan, antolaketa-egituretan eta teknologia berriak, zuzendaritzako tresnak eta baliabide bereziak sartzean, eta, horretarako, Ertzaintzaren eta Anbereseko Poliziaren polizia-instalazioetara bisitak egiteko programa bat ezarri zen.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @fco_granaino
    2021-12-23
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)