Elankidetzak babestuko ditu garapenerako lankidetzako, laguntza teknologikoko eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako 77 proiektu (Gobernu Bilera 2021-11-9)

2021-11-09
  • Guztira, 32 milioi euro zuzenduko dira, batez ere, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz Hegoaldeko Afrikan eta Euskadin egingo diren proiektuetara

Gobernu Kontseiluak onartu du garapenerako lankidetzako proiektuetarako laguntzen 2021eko ebazpena. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak egindako aurtengo deialdian 32 milioi euro bideratu ditu 77 proiektu finantzatzera. Azken horiek hiru modalitate nagusietan banatzen dira: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak. Honako deialdia eLankidetzaren ardatz garrantzitsuena da, bai funtsei dagokionez, eta baita sustatzen dituen eragile eta ekintza kopuruagatik ere.

eLankidetzaren lehentasun estrategikoei jarraituz, onartutako ekimenen % 26 emakumeen ahalduntzeari zuzenduak daude eta % 9 giza eskubideen defendatzaileen babestera. Bestalde, % 20 Afrikan egingo dira.

Tokiko testuinguruak lagunduz, erronka globalei erantzun

Garapenerako lankidetzaren proiektuek balio dute pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoaldeko herrialdeen tokiko garapenerako prozesuak indartzeko.

Azken horietara bideratu dira funts gehienak ─26 milioi euro inguru─ eta 53 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. 21 herrialdetan egingo dira, horietatik nagusiak dira El Salvador, Guatemala eta Peru, eta, Afrikan, Senegal eta Boli Kosta.

Garapenerako lankidetzako proiektuak Hegoaldeko erakundeen bidez gauzatuko dira, eta, nagusiki bideratuko dira emakumeen ahalduntzera eta emakumeen eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aldeko borrokara, giza eskubideen defendatzaileak babestera, eredu ekonomiko solidarioak eta jasangarriak sortzera, haurren eta gazteen egoera hobetzera edota komunikazio proiektuetara, besteak beste.

Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako ekimenei dagokienez, lau proiektu onartu dira Kuban eta Kolonbian. Guztira, 1,2 milioi euro jasoko dituzte.

Azkenik, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan 20 proiektu onartu dira, eta 4,7 milioi euro baino gehiago zuzenduko zaizkie formazioetan jorratzera giza eskubideak, ekonomia soziala eta solidarioa, elkartasun balioetan heztea, emakumeen ahalduntzea eta feminismoak.

Proiektu horiek guztiak Euskadin egingo diren arren, Hegoaldeko errealitatearekin lotura izango dute; izan ere, helburua da munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoien ulermena sustatzea eta, gizartea eraldatzeko, euskal herritarren inplikazioa eta konpromisoa bultzatzea.

Aurten, eLankidetzak 5,9 milioi euro esleitu ditu ekintza humanitarioko proiektuetara, gatazka testuinguruetan edo indarkeria egoeretan krisi humanitarioak jotako pertsonak babesteko, eta beste 218.000 euro zazpi GGKEri laguntzeko barne-funtzionamenduko maila guztietan genero desberdintasunak desagerrarazteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko