Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak urtarriletik otsailera bitartean, gizarte esku-hartzearen esparruko dirulaguntzak argitaratuko ditu, orain arte herri administrazioan sekula gertatu ez den bezala

2009.eko abenduak 29

Gemma Zabaleta sailburuak Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia gastu publikoaren eraginkortasunean aurrerapauso izugarria dela esan du

Azken Gobernu Kontseilu honek, besteak beste, neurri gisa datu publikoak irekitzeko proiektua hasteko agindua eman du eta Vitoria-Gasteizko trenbidearen arteria-sarea birmoldatzeko protokoloa onartu du.

Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak gizarte esku-hartzearen esparruan dirulaguntzak berrantolatzea "aurrerapauso izugarria" dela adierazi du eta esan du horri esker bere sailak, datorren urtarril eta otsailean, 2010. urteko dirulaguntza agindu guztiak eskura izango dituela. "Hau orain arte ez da sekula gertatu", ziurtatu du Zabaletak, eta gogorarazi du neurri hau sektorearen aldarrikapen historiko baten erantzuna dela.

Asteko Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Gemma Zabaleta Idoia Mendia gobernuko bozeramailearekin batera agertu da, urteko azken Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak azaltzeko. Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bat onartu du gaur, orain arte zatituegiak azaltzen ziren laguntzen multzoa bateratzea ahalbidetuko duena, eta horrenbestez, orain arteko inkoherentzia, nahaste eta bikoiztasunak saihestuko ditu.

Zabaletak dirulaguntzen berrantolaketa honen garrantzia nabarmendu du, izan ere, dirulaguntza publiko bat eskatzen duten entitateei ahalbidetu egingo die "beren proiektuak ez zatikatzen, lehen zeuden dirulaguntza ugari horietara aurkezteko". "Dekretu honekin aurrerapauso izugarria eman dugu administrazioaren antolaketan, arrazionalizazioan, gastu egokian, gastuaren eraginkortasunean eta politika publikoak askoz hobeto ebaluatzeko aukeran", azpimarratu du sailburuak. Halaber, ziurtatu du hau bere sailaren helburu "estrategiko" bat dela.

Berrantolamendu horren ondorioz, gizarte-ekimeneko diru-laguntzetarako dekretu-marko honen eraginez, 2010ean bi laguntza-agindu soilik aplikatuko dira, bakoitzak hiru subentzio-linea dituela: lehen subentzio-agindua irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei zuzendutakoa izango da, eta 10 milioi euroko hornidura izango du; bigarren subentzio-linea beste administrazio publiko batzuei laguntzeko izango da, batez ere udalei, eta 12,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Open data

Horretaz aparte, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Gasteizko trenbide-sarearen birmoldaketarako Eusko Jaurlaritzaren, Sustapen Ministerioaren, Adifen, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-protokoloari. Hitzarmen honekin egungo bidaiari-geltokia hiriaren iparralderako aurreikusi den erdigune berrira eramanda, bidaiariei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetu nahi dira, eta benetako garraio-geltoki intermodal bat egin, nabarmen ugarituko bide diren tren-zerbitzuak behar bezalako baldintzetan eskaini ahal izateko, irisgarritasuna hobetzeko eta garraiobide batetik bestera azkar eta eroso aldatzea ahalbidetzeko.

"Geltoki berri honekin baldintza egokiak sortuko dira trenbide zerbitzuetan aurreikusten den hazkuntzarako, zerbitzu horien irisgarritasuna hobetuko du eta gainerako garraiobideekiko hartu-emana azkarragoa eta erosoagoa izango da", ziurtatu du Idoia Mendia bozeramaileak. Eusko Jaurlaritzak 117 milioi euro inbertituko ditu guztira 476 milioi euroko kostua duen proiektu batean.

Sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko 37/2007 Legea betetze aldera, Eusko Jaurlaritzak erabaki du datu publikoak zabaltzeko proiektuari hasiera ematea. Honela, informazio publikoa zabaltzeko konpromisoa bere gain hartzeko adierazpen instituzionala egiten duen lehenengo erakunde autonomoa da. Gainera, hori Gobernu Irekia izeneko testuinguruan egiten du, gardentasun baloreari baita herritarren partaidetzari eta zerbitzuari eta eraginkortasunari loturikoei ere lehentasuna emanez. Erabakia gauzatzeko euskadi.net-en atari berri bat prestatuko da eta bertara, arian-arian, datuak eramango dira. Ekimenera ongi lortu dadin, Eusko Jaurlaritzak herritarrarekin eta arlo informediarioarekin lankidetza estua bultzatuko du, informazioa benetan erabilgarria izan dadin eta berriro erabiltzeko asmoz

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009-12-29n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria