Europan kongresuak Donostia Europako arkitekturaren epizentroa bihurtu du aste honetan

2021-11-05
  • Kursaalen 150 adituk egingo duten bileraz gain, erakusketa bat ere izango da EHAEOren egoitzan, Europan biurteko lehiaketaren aurreko edizioan saritutako proiektuekin.
  • Erakusketa lehen aldiz egongo da ikusgai, eta Espainiako epaimahaiak saritutako 28 lanak eta beste herrialde batzuetako talde espainolek aurkeztutako 18 lanak biltzen ditu.
  • Aurreko edizioan protagonista izan ziren tokien artean Lasarte-Oria dago, lehiaketan eskainitako 47 proposamenetatik arrakasta gehien izan zuena. Aurten ere, Euskadik aukeratu duen lekua, Beizaman kokatua, izan da gustukoena.
  • ‘Hirien nazioarteko foroa’ bihar arte izango da Donostian (Brusela 2017 eta Innsbruck 2019ren ondoren). 9 herrialdetako Europako arkitekturako paisajistak, hirigileak, erakundeetako arduradunak eta promesa gazteak biltzen ditu.

 

Aste honetan Donostia arkitektura europarren epizentroa izango da Europan kongresuari esker. Erakunde honek hainbat funtzio betetzen ditu aldi berean: Europako arkitekturaren gazteak bultzatzen dituen nazioarteko lehiaketa da, eta, horrez gain, administrazioak (Europako Parlamentua, gobernu nazionalak, eskualdekoak eta tokikoak), ospe handiko arkitektoak, epaimahaiak eta aurreko sarituak biltzen dituen foroa da. Eta, gainera, azaroan erakusketa bat antolatu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako egoitzan, azken edizioan saritutako lanekin.

Bertan, Espainiako epaimahaiak hautatutako 28 lanak azaltzen dira, baita beste herrialde parte-hartzaile batzuetan (Alemania, Austria, Belgika, Kroazia, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Norvegia eta Suedia) sarituak izan ziren talde espainiarrek aurkeztutako 18ak ere.

Europan lehiaketa bi urtero egiten da, eta habitataren eta hirigintzaren arloko ezagutzan eta ikerketan sakontzen du, ekimenarekin bat egiten duten Europako herrialdeetako profesionalen arteko ideia-trukearen bidez. Gai, araudi eta egutegi komun baten inguruan, arkitekto gazteei parte hartzeko deia ematen zaie, kontinente osoko antolatzaileek eskaintzen dituzten hiri-kokalekuei buruzko hausnarketan parte har dezaten. Orain arte, 1988an sortu zenetik, Europan lehiaketako 15 deialdi burutu dira, eta 46.000 gazte-taldek baino gehiagok eman dute izena deialdi horietan. Horietako askok beren ideiak praktikara eramateko eta nazioarteko arkitekturan nabarmentzeko aukera izan dute lehiaketan.

30 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Europan lehiaketa Europa mailako arkitekturaren, hirigintzaren eta paisaiaren berrikuntzarako plataforma bat da. Bi urtean behin, 40 urtetik beherako arkitekto gazteei zuzendutako ideien eta proiektuen lehiaketa bat antolatzen du, eta arduradun politiko eta instituzionalak biltzen ditu, esparru akademikoko adituekin eta arkitekturaren etorkizun handiko gazteekin batera.

Une honetan 16. edizioa amaitzen ari da, ‘Hiri biziak’ gaiaren inguruan. Bertan, 9 herrialdetako 40 udalerrik hartu dute parte: Frantzia, Alemania, Austria, Belgika, Italia, Suitza, Norvegia, Suedia eta Espainia. Edizio honetako epaimahaia Euskadiko Arkitektura Institutuan bilduko da igande honetan, Donostian, talde irabazleak erabakitzeko.

Euskadi, “erreferentziazkoa”

Europan Espainiak 15. ediziora aurkeztu zituen kokalekuen artean Lasarte-Oriako orube bat zegoen, Europa osoan eskainitako 47 proposamenetatik proposamen gehien jaso zituen tokia. Horrek interes gehien piztu zuen lurraldea bihurtu zuen Euskadi, lehen aldiz. Aurtengo edizioan, egoera hori errepikatu egin da: beste euskal leku bat, Beizaman, Gipuzkoaren bihotzean, talde gazteek gustukoen izan dute. “Horrek Euskadi Europa mailan arkitekturan eta hirigintzan berrikuntzaren erreferente bihurtzen du”, nabarmendu du Pablo García Astrainek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak.

Aurreko edizioan AZAB estudio bilbotarrak irabazi zuen Espainiako txapelketa. Horregatik, gaurtik aurrera Donostian ikusgai egongo den erakusketaren diseinua eskatu zaio.

Erakusketan, Europan 15 lehiaketaren Espainiako emaitzez gain, arkitekto gazte sarituek 1988ko Europan eta Europan 14 ikus-entzunezko euskarrien bidez egindako proiektuak ikusgai daude. Hor lehiaketan parte hartu duten pertsonen testigantzak aurki daitezke, baita Europan 15en parte hartu zuten 47 kokalekuek izan zuten gaiari buruzko bideo bat ere: etxebizitza produktiboak'.

300 profesional bildu dira Euskadin

Edizioen artean, Europanek Europa mailako foroak antolatzen ditu, edizio bakoitzean jasotako proposamenen inguruan azterketak egiteko eta eztabaidatzeko. Aurten, ‘Hiri biziak’ deitua, Donostia hiria aukeratu da ekitaldia egiteko, Mugak/ Euskadiko hirugarren Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan. Horrela, Kursaalean 9 herrialde eta 40 herritako Europako arkitekturako 300 paisajista, hirigile, arduradun instituzional eta etorkizun handiko gazte baino gehiago bilduko ditu.

Gaur, Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak, Iñaqui Carnicero Espainiako Gobernuko Arkitektura eta Hiri Agendaren zuzendari eta Europaren Espainiako presidenteak, Lluís Comerón Espainiako Arkitektoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko presidenteak, Anna Catasta Europan lehiaketaren aurreko presidenteak eta Manuel Blanco Europanen presidente berriak ekiltadiaren hasieran parte hartu dute.

Bruselaren (Belgika) ondoren, 2017an, eta Innsbrucken (Austria) ondoren, 2019an, besteak beste, Europan Donostiara iritsi da. Arrazoi batzuengatik nabarmentzen da Euskadi Europan foruaren barruan: horien artean, saritutako proiektuak beren kokalekuetarako gauzatzen eta eraikitzen amaitzen duten administrazio bakarrenetakoa da. Horren adibide dira Basaurin egindako 160 etxebizitzen lehen promozioa, 1991n amaitu zena Europan 2-ren ondorioz, Bilbon egindako Mina del Morroko 84 etxebizitzak (Europan 4), 2007an amaitutakoak, edo aurreko edizioan Lasarte-Orian egindako 100 etxebizitza produktiboak, gaur egun eraikitze prozesuan daudenak.

“Europan plataformak arkitekturaren bilakaerari buruzko nazioarteko eztabaidarekin erlazionatzeko aukera ematen digu, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailean horren jakitun gara. Gainera, etxebizitzaren arloko ikerketarako laguntza da, berrikuntza arkitektonikoaren prozesuaren kalitatean bermeak ematen dituen zerbitzua”, Iñaki Arriola sailburuak adierazi duenez. “Pozik gaude Europan-eko antolaketa-batzordeak gure hirietako bat aukeratu duelako foro honetarako. Gainera, Europan-ekin dugun konpromisoaren eta lankidetzaren aintzatespen bat da, ideiak errealitate bihurtzen ditugu, erreferentzia bihurtuko diren etxebizitza berritzaileak bezala”, gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaqui Carnicero, director de Agenda Urbana y Arquitectura del MITMA