Artolazabalek EAEko Gizarte Zerbitzuen sisteman aplikatutako berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu Valladolideko biltzar batean

2021-11-05

Sailburuak betiON sistemaren funtzionamendua eta Altxor 7.0, ‘OK Etxean’ eta Gizarte.eus proiektu pilotuak aurkeztu ditu, besteak beste

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Berrikuntza Teknologikoen eta Gizarte Zerbitzuen Biltzarrean parte hartu du, Valladolideko Zientzia Museoan, beste administrazio batzuetako ordezkariekin eta adituekin batera.

“Hemen gaudenok kezkatuta gaude aurrerakuntza teknologikoen inguruan, eta aurrerakuntza horiek pertsonen zerbitzura jartzeko dagoen beharra dagoela uste dugu; bat gatoz horretan”, esan du Artolazabalek.

Sailburuak honako programa hauek aipatu ditu: betiON; betiON narriadura kognitiboa duten pertsonetara egokitua; Altxor 7.0; OK Etxean; Gizarte.eus+; Historia Soziosanitario Elektronikoa, eta Telelaguntza Prediktiboa.

“betiON programaren kasuan, teleasistentzia aurreratuaz ari gara; izan ere, sorospen-botoia duen dominaz gainera, pertsonaren segurtasuna areagotzeko beste gailu batzuk ere barne hartzen ditu, besteak beste, ke- edo gas-detektagailuak, erortze-detektagailuak, entzuteko desgaitasuna duten pertsonek erabili ahal izateko piktograma-sistemak, eta abar", esan du Artolazabalek. Gaur egun, ia 62.000 pertsonak jotzen dute zerbitzu horretara Euskadin. Erabiltzaileen profil nagusia honako hau da: emakumea, 82 urtekoa edo gehiagokoa eta bakarrik bizi dena.

Ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradunak narriadura kognitiboa duten pertsonetara egokituta dagoen betiON sistemaren proiektu pilotuan sakondu du. “Programa pilotua 17 familiarekin egiten ari gara”; “ohearen edo besaulkiaren okupaziorako gailua, etxea uzten denerako sentsoreak, etxean bertan ibilbideak bideratzeko argien gidak edo geolokalizatzaileak” dituzte.

Bestalde, Altxor 7.0 proiektua Europako Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoaren deialdira aurkeztu da. Artolazabalek esan duenez, “nagusientzako informaziorako, orientaziorako eta bitartekaritzarako online zerbitzua da, haien bizi-proiektuei laguntza emateko bulego pilotu batzuei lotua”; APPa, web elkarreragileak eta beste laguntza mota batzuk erabiltzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fabiola Garcia(Conse. de Política Social, Xunta Galicia); Isabel Franco Sanchéz (Vicepres. y Cons. de mujer, igualdad, LGTBI, familias y política social Murcia); Mª Isabel Blanco Llamas(Cons. de familia e igualdad de oportunidades Junta Castilla y Leon)