Berriak Lehendakaritza

Agustin Azkaratek eta Ane Zulaikak jaso dute 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariak

2021-11-09
  • Agustin Azkarate historialari eta arkeologoari 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria eman diote gaur Gasteizko Santa Maria Katedralean.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Giza Zientzien, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien 2021eko Sarien banaketan izan da. Bertan, erakundeetako ordezkari ugari eta zientzia- eta kultura-arloetako pertsona ospetsuak izan dira. Aurten, Agustin Azkarate Euskal Herriko Unibertsitateko Historian doktorea eta Arkeologian katedraduna eta Ane Zulaika ikus-entzunezko sortzailea izan dira sarituak.

Aukeratutako lekua egiteko ezin egokiagoa izan da: Gasteizko Santa Maria Katedrala, zeinaren berritze-planaren inspiratzaile intelektuala eta zuzendari zientifikoa izan baitzen sarituetako bat, Historian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia katedradun, Agustin Azkarate Garai-Olaun.

Ekitaldia hasi da 2019az geroztik 35 urtetik beherako gazteek aurkeztutako ikerketa- edo sorkuntza-proiektuak babesten dituen Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren banaketarekin. Maialen Olabe, epaimahaiko bozeramaileak, Ane Zulaika Aranburu ikus-entzunezkoen sortzailearen “Emakumeak Blai” lana definitu du: "Emakume gazte baten ikuspegitik, ezkutuan zegoen emakumeen errealitatea agerian uzten duen lana da". Saria jaso ondoren, Ane Zulaikak “protagonismorik izan ez duten emakume batzuen istorioak biltzeko” izaera azpimarratu du bere proiektuan. Emakumearen, euskararen eta ondarearen garrantzia nabarmendu nahi duen film labur batean islatuko da hori guztia.

Bere aldetik, Agustin Azkaratek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2021eko Saria egiaztatzen duen diploma jaso du. Eskerrak emateko, “Anboto eta Udalaitz begien bistan” dituen baserri batean bere familiaren jatorria eta haurtzaroa gogoratu ditu. Saria Vitoria-Gasteizi eskaini dio, “duela ia berrogei urte adoptatu ninduen eta naizen guztia zor diodan hiriari”. Arabako hiriburuak, hiri “aitzindari eta berritzaile” gisa, “ondarearen kudeaketa modu integralean, natura eta kultura uztartuz, sortzeko eta eraldatzeko ahalmen handia duen formula dela erakusten du”. Eta, azkenik, honako hau ziurtatu du: “Oinordetzan jasotako ondareak, izan ginenaren memoriak, nortasun propioa ematen digu, berezi egiten gaitu, behin betiko indartzen gaitu, globalizazioaren marea geldiezinari arrakastaz aurre egiteko”.

Ekitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu lehendakaria Azkarate irakasleari esker ona azaldu dio “Eusko Jaurlaritzaren solaskide etengabea izan da, bere ideiak eta proposamenak aurkeztu ditu eta bere lankidetza eskaini du aholkua eskatu diogun bakoitzean”. Bikaintasun profesionalaren adierazgarri dira Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko plana eta “20 urtez katedrala berreraikitzeko abenturaren berri herritarrei eman zien kontzeptu eredugarria”. Lehendakariak Ane Zulaika ere zoriondu du. Izan ere, “begirada gazteak ere behar ditugu, bai, iragana ulertzeko eta gizarte arduratsu bat eraikitzen jarraitzeko”.

Ekitaldia 2020ko Gazte Sariaren irabazleek, Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoak musikaz alaitu dute, eta errepertorioko hiru pieza interpretatu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak