Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Euskadiko Lanbide Heziketan gertatzen ari den eraldaketa digitala eta nekazaritzako elikagaien arloko eraldaketa ezagutu du

2021-11-05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Leioako, Galdakaoko eta Bilboko ostalaritza-eskolek esparru horretan garatzen dituzten proiektuak aurkeztu dizkiote Lehendakariari, Leioako Ostalaritza Eskolara egindako bisitan

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Leioako Ostalaritza Eskolako instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo ere parte-hartzaile izan duen bisitaren arrazoia, nolanahi ere, Euskadiko Lanbide Heziketan gertatzen ari den eraldaketa digitala eta nekazaritzako elikagaien arloko eraldaketa bertatik bertara ezagutzea izan da.

Bisitan, Lehendakariak eta sailburuak ezagutu ahal izan dituzte Agroteknologia eta Elikagaien arloan diharduten Lanbide Heziketako Ikastetxeen Sarean garatzen ari diren proiektuak. Nekazaritza, Elikagaien Industriak, Itsasoa eta Arrantza, eta Ostalaritza arloetako ikastetxeek osatzen dute aipaturiko sarea, eta sare honetako kide diren heinean, Galdakaoko Ostalaritza Eskolak, Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak eta Leioako Ostalaritza Eskolak aurkeztu dituzte euren proiektuak.

Euskadiko Lanbide Heziketak badaki funtsezko zeregina betetzen duela giza garapen jasangarriaren arloan, bai gazteei eskaintzen dien prestakuntzagatik, bai bere ikastetxeetan burutzen den jardueragatik ere. Giza garapen jasangarri hori egungo baliabideen erabilera efizientean eta ekonomia jasangarri batean oinarritutako produkzio-eredu batean lortu behar da. Ildo horretan, Tknika (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroa) hainbat lan-esparrutan ari da jarduketak egiten, Euskadiko Lanbide Heziketako Zentroen Sarearekin batera; hala nola, nekazaritzako elikagaien bioteknologian, elikadura-berrikuntzan, jatetxe-arloaren digitalizazioan eta ekonomia zirkularrean. Arestian aipatutako Lanbide Heziketako ikastetxeek beren esparruetan egiten ari diren urratsak azaldu dituzte gaur Leioan.

Leioako Ostalaritza Eskola: gastronomiaren esparruko digitalizazioa eta 0 Jatetxea

Leioako Ostalaritza Eskola erabat murgilduta dago gastronomiaren esparruaren eraldaketa digitalean, 4.0 Jatetxea proiektuaren bidez. Digitalizazioa dagoeneko iritsi da ikastetxeko jatetxearen kudeaketara (erosketak, biltegien eta stockaren kudeaketa) eta baita bertako mahai eta kartetara ere. Sukaldeetan 3D inprimagailuak daude, eta laguntza-robotak hasi dira bazkariak zerbitzatzeko lehen urratsak egiten. Arlo eta elementu horiek guztiak aplikazio batek lotzen eta koordinatzen ditu eskolan.

Lehendakariak bertatik bertara ezagutu ahal izan du eraldaketa digital hori Leioako Ostalaritza Eskolako instalazioetan, baita 4.0 Jatetxe baten elementurik esanguratsuenak ere, hala nola:

  • Sutondo Ikastetxean bertan sortutako aplikazio bat da, eta ezinbesteko tresna bihurtu da ikastetxeko sukaldeen eguneroko funtzionamenduan. Aplikazio horretan oinarrituta, hornitzaileei egin beharreko eskaerak, albaranen eta fakturen kudeaketa, biltegietako stocka eta produktuen barne-hornikuntza automatizatu egin dira. Sutondo aplikazioak jatetxeko kartarekin lotzen ditu eskaerak eta hornikuntza. Lehengaien trazabilitate zehatza ere ahalbidetzen du, eskolan sartzen direnetik janariren bat prestatzeko erabiltzen diren arte. Tresna hori, gainera, irakaskuntzarako lagungarria da ikasleek fitxa teknikoak (errezetak) interpretatzeko zereginari, lan-ordenari eta praktikaren plangintzari dagokienez.
  • Karta interaktiboa. Jatetxeko karta eskuragarri dago edozein gailu digitaletatik. Sistema horren bidez, karta eguneratu eta platerak alda daitezke Sutondo Horri esker, papera eta inprimatze-gastuak saihestu daitezke. Ardoen kartaren kasuan, bodegan dauden erreferentzia guztiak erakuts ditzake, eta ardoak prezioaren, jatorriaren edo mahats motaren arabera bahetu daitezke. Komandak hartzeko prozesu osoa automatizatzeko lehen urratsa da.
  • Botila bakoitzaren tratamendu indibidualizatua bodegan. Bodega kudeatzeko sistema botiletan NFC etiketak erabiltzean datza. Teknologia horren bidez, ikastetxeak botila bakoitzaren mugimenduak kontrolatu ditzake, ikastetxera iristen denetik kontsumitzen den arte. Tratamendu indibidualizatu horri esker, botilak une bakoitzean izan duen tenperaturaren eta hezetasunaren jarraipena egin daiteke, besteak beste. Mahaikideak botila bakoitzari buruzko informazio xehatua eskura dezake bere mugikorretik (uzta, mahatsa, upeltegia, uztartzea eta abar).
  • Elikagaien 3D inprimaketa. Leioan hainbat urte daramatzate sukaldeetan 3D inprimaketa erabiltzen, pastelgintzako dekorazio jangarrietarako nagusiki.
  • Mahai interaktiboa. Mahaikideari jaten ari den bitartean elkarreragiteko aukera ematen dion mahai digitala (kartak, eskolari buruzko informazioa eta bodegari buruzkoa ikusteko). Jateko erabili beharreko mahai-zapiaren diseinua ere aukeratu daiteke.
  • Laguntza-robotak (proba-fasean). Eskola robotika ezartzen hasiko da laster, hainbat robot motarekin: robot tabernaria (edariak zerbitzatzen ditu, hala nola garagardo-kañak); robot zerbitzaria, mahaietara janaria edo edaria garraiatzen duena (ez dira antropomorfoak, orga itxura dute); eta beso robotikoa, denbora eta tenperatura programatzeko aukera ematen duten paella-ontzi automatizatuekin batera paellak modu autonomoan egin ditzakeena.
  • Baliza adimendunak edo beepcon-ak. Jatetxean orientatzen eta mugitzen laguntzen diete ikusmen-arazoak dituzten pertsonei, eta autonomia handiagoa ematen diete.

Bilbao Ostalaritza Goi Eskola: elikadura-berrikuntza

Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak elikadura-berrikuntzan dihardu, Artxandan duen egoitzako laborategi-ikasgelan. Nekazaritzako elikagaien garapena eta berrikuntza lantzen du, bereziki Euskadiko elikagaiena. Eskola honek, sektoreko enpresek eskatuta zein bere ekimenez, gastronomiako hainbat kontzeptu garatzen ditu lehen sektoreko produktuetan oinarrituta, lehengaiari eraldaketaren bidez balio erantsi handiagoa emateko.

Eskola horretako arduradunek elikagai berri eta berritzaile horietako batzuk eraman dituzte Leioara, eta beren espezializazio-ildoaren gakoak helarazi dizkiete Lehendakariari eta sailburuari. Eskolak atondu duen mahaian, bertan garatu eta landutako produktu berriak jarri dira ikusgai, hala nola:

  • Tex-Mex snacka: snack aperitibo osasungarria eta proteina kantitate handikoa, kilker-irinez egina.
  • Igurzteko kakaoa: % 85ean lekekin egindako, haurren askarirako.
  • Gazta proteikoa: % 1etik beherako gantz kantitateko gazta, proteina kantitate handikoa eta esnearen serumaren aprobetxamendutik lortutakoa.
  • Txitxarro-snacka: snack osasungarria eta D bitamina kantitate handikoa, arrain urdinaren (berdelaren eta txitxarroaren) bazterkinekin sortua.
  • Alga-hegaluzea: hegaluze-ordezko tranpantojoa da, algekin egina eta bezero beganoei zuzendua.

Galdakaoko Ostalaritza Eskola: Ekonomia Zirkularreko proiektua

Galdakaoko Ostalaritza Eskolak Ekonomia Zirkularreko proiektu bat zuzentzen du, honako lau lanbide-arlo hauetako Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuekin lankidetzan: Nekazaritza, Elikagaien Industriak, Itsasoa eta Arrantza, eta Ostalaritza eta Turismoa.

Ekonomia zirkularraren kontzeptuak materialen eta produkzioaren egungo fluxu lineala (baliabideak-produkzioa-hondakinak) haustearen alde egiten du, eta fluxu hori zirkular bihurtzea proposatzen (baliabidea-produkzioa-baliabide birziklatua). Filosofia hori Lanbide Heziketan aplikatu ondoren, eta aipatutako lanbide-arlo horien inplikazioarekin, nekazaritzako eta elikagaien industriako lanbide-arloetako ikastetxeek produzitzen dituzten elikagaiak lantzen eta kontsumitzen dira hainbat ostalaritza-eskolatan (hala nola Galdakaokoan). Zirkulua ixteko, ostalaritza-eskoletan biltzen diren janari-hondarrak ongarri organikoak produzitzeko baliatzen dira. Ongarri horiek Nekazaritzako Lanbide Heziketako eskoletan erabiltzen dira berriz, ongarri kimiko artifizialen ordez.

Ekonomia zirkularrean, “hondakin” kontzeptua desagertu egiten da, eta beste produktu batzuk lantzeko berriz erabil daitekeen “baliabidetzat” hartzen da, era horretan zirkulua ixteko. Galdakaoko eskolak, aipatutako ongarri organikoez gain, sukaldeetan erabilitako olioarekin eskolan bertan egiten diren xaboiak eta kremak erakutsi ditu gaur Leioan, eta baita normalean sukaldean erabiltzen ez diren porru hosto berdeekin egindako landare-papera ere.

Filosofia horri jarraiki, Galdakaoko Ostalaritza Eskola pentsuak egiten hasi da aurten, arrain-haztegietarako eta abeletxeetarako, normalean baztertu egiten diren hainbat fruta, ortuari eta barazkiren azalak erabiliz (tipula, zitrikoak eta abar).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)