Berriak Segurtasuna

Euskalmeten arabera urria oso lehorra izan da, eta tenperatura normalak izan ditu

2021-11-04
  • Mende honetako bosgarren urririk lehorrena izan da, eta hil honetan ohikoa den euriaren erdia egin du
  • Gainera, urriko eguzki-orduak % 40 gehiago izan dira  

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urria oso lehorra izan da, eta Araba hegoaldean eta Gipuzkoa ipar-ekialdean lehorra. Berez, hil honetan ohikoa den euriaren erdia egin du Euskadi gehienean. Balio horien ondorioz, XXI. mendeko bosgarren urririk lehorrena izan dela esan daiteke. Tenperaturari dagokionez, urrian izan diren tenperaturak normalak izan dira, eta Euskadiko batezbesteko tenperatura batezbesteko normala baino 0,2 °C baxuagoa izan da, eta intsolazioa, aldiz, ohikoa dena baino handiagoa, eguzki-orduak espero zirenak baino % 40 gehiago izan baitira.

Euskalmeten arabera, euri-egunak ohikoak baino gutxiago izan dira, eta, esate baterako, 7 euri-egun zenbatu dira Donostian eta 5 egun bai Bilbon eta bai Gasteizen. Euri-egunak, batez ere, hilaren hasieran eta bukaeran pilatu ziren.

Tenperaturari dagokionez, urria hotza izan da Arabako Lautadan, baina normala Euskadiko gainerako lekuetan. Batezbesteko tenperatura 1981-2010 aldi normaleko batezbestekoa baino 0,2 °C baxuagoa izan da. Batezbesteko tenperaturak 12 °C-ra gerturatu dira Arabako Lautadan eta 16 °C  inguruan ibili dira itsasertzean. Hiriburuei dagokienez, tenperaturarik hotzenak Gasteizen erregistratu dira, eta 0,8 °C-ko anomalia negatiboa izan da; baliorik altuenak Donostian erregistratu dira, eta 0,2 °C-ko anomalia positiboa izan da.

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa batezbestekoa baino nabarmen handiagoa izan da (eguzki-orduak % 40 gehiago izan dira). Horrela, 193 eguzki-ordu zenbatu dira Donostian, 191 Gasteizen eta 185 Bilbon.

Muturreko meteorologiari lotuta Eusko Jaurlaritzak urrian 4 abisu hori aktibatu zituen, horietatik 2 haizeagatik haizeguneetan, 1 kostaldeko inpaktuagatik eta beste 1 baso-sute arriskuagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko