Javier Hurtado sailburuak Urban Commerce Kongresua inauguratu eta hiriko merkataritzaren Berrikusi proiektu pilotua aurreratu du bertan
-
Laudioko proiektu pilotua bat da Berrikusi eta esperientzia gisa balioko du beste udalerri batzuetan ezartzeko, merkataritzaren eskaintzari eta herritarren eskariari erantzuteko tresna digital gisa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur inauguratu du Hiriko Merkataritzari buruzko Urban Commerce Nazioarteko Kongresua, Gasteizko Udalak antolatua, Sailaren babesarekin. Foro horri buruz esan duenez “ezinbestekoa da beti, baina gaur inoiz baino gehiago, ezohiko pandemia-egoera batetik ateratzen ari garelako, gure eskemetako asko aldatu dituela eta merkataritzaren erronkei bestelako ikuspegi batetik aurre egitera behartzen gaituela kontuan hartuta”.
Erronka horien aurrean sektoreari laguntzeko Jaurlaritzak hartutako neurrietako batzuk nabarmendu ditu sailburuak, programa espezifikoekin eta hainbat ekimenekin, oinarritzat hartuta hiriko merkataritzaren eszenarioak digitalizatzea, egokitzea eta antolatzea, ekintzailetza bultzatzea, belaunaldien arteko erreleboa egitea eta “gure tokiko merkataritza balioan jartzea”, bestearen artean.
Era berean, Euskadi Bono Dendaren arrakasta azpimarratu du. Izan ere, oraingo deialdian ikusi ahal izan denez, aste batean 200.000 bonu inguru trukatu dira eta dagoeneko 2 milioi euro injektatu dituzte Euskadiko saltoki txikietan, 6 milioi euroko inpaktuarekin salmentetan.
Gainera, Berrikusi proiektu pilotua nabarmendu nahi izan du sailburuak, Saila ezartzen ari dena Laudion, merkataritzaren sektorearekin eta foru- eta toki-administrazioekin lankidetzan. Tresna digital bat da, aurretik diagnostiko bat egitea eskatu duena, bai Laudioko merkataritzaren eskaintzarena bai bertako herritarren eskariarena.
Gainera, merkataritzaren eremuan inpaktu nabarmena duten elementuak biltzen ditu, besteak beste, hiri-bilbearen banaketa, elkartegintzak sortzen dituen indarra eta baliabideak, gizarte-jarduerak eta mugikortasuna. “Zeren eta, zalantzarik gabe” adierazi du sailburuak, “hirigintzak funtsezko eragina baitu merkataritzan. Gero eta mugimendu zabalduagoa dago espazio publikoa birkonkistatzeko bidean. Eta ni espazio publikoaren birkonkista honen beharraren defendatzaile sutsua naiz, pertsonentzat berreskuratutako hiri-espazioena. Eta horrek mesede egiten die merkataritzari, ostalaritzari eta tokiko negozioei. Datuek erakusten dutenez, hiriguneen jasangarritasun-neurriek eta oinezkoentzako guneak jartzeak dei-efektu gisa balio dute kontsumitzaileentzat, eta ingurua aberastea eta bere errentagarritasuna handitzea dakar horrek berekin” esanez amaitu du.