Artolazabalek nabarmendu duenez, “desberdinkerien aurka borrokatzea 2022-2024rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia berriak aurrez aurre duen erronketako bat da”

2021-11-03

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Erromaniaren Nazioarteko Egunaren ospakizun-ekitaldian parte hartu du; ekitaldia Sin Romi emakume ijitoen kolektiboak antolatu du, Bilborock aretoan, eta “Stop Ijitofobia” izan du lema

Niretzat, ohore handia eta oso atsegina da hemen egotea, zuokin batera, Erromaniaren Nazioarteko Eguna ospatzen”. Hala agurtu ditu Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoan Erromaniaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldian izan diren pertsonak. Sin Romi emakume ijitoen kolektiboak antolatu du ekitaldia; bertan, gainera, Ricardo Hernández Gaz Kalo federaziokoak ere parte hartu du, eta, halaber, Tía Victoriaren poesia eta zuzeneko musika ere izan dira.

Gaurko egunez, 2015ean, UNESCOk azaroaren 5a Erromaniaren Nazioarteko Egun aldarrikatu zuen”, esan du Artolazabalek. “Unescoren asmoa izan zen erromanien hizkuntzaren eta kulturaren babesa sustatzea, ijito-herriaren ongizatea hobetzea eta hizkuntza guztien garrantzia aitortzea, hizkuntzen aniztasuna gizarte guztiei eskaintzen zaien indar-iturria baita”, esan du.

Sailburuak honako hau azpimarratu du: “azken urteotako aurrerapenak gorabehera, ijitoen aurkako jarrerak jarraitzen du oztopo larria izaten, eta ijito askori eragotzi egiten die beren funtsezko eskubideak erabat eta eraginkortasunez baliatzea”. Beraz, “desberdinkeria horien aurka borrokatzea 2022-2024rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia berriak aurrez aurre duen erronketako bat da”.

Artolazabalek nabarmendu du ijito-herriaren aurkako jarrera ez dela ijitoen kontua soilik, sustraietatik heldu beharreko gai soziala baita.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradunak, agur esateko Luminita Mihai Cioba olerkariaren bertso batzuk euskaraz, espainieraz eta erromaniz irakurri aurretik, dei oso berezia egin die “emakume ijitoei”, erkidegoak haiek behar baititu, “Euskadin nahi dugun gizarte inklusiboan eta kulturartekoan aurrera egiteko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak