Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko diru-laguntza emango dio ALBAOLA elkarteari bere museoko azpiegituren handitzea finantzatzeko (Gobernu Bilera 2021-11-2)

2021-11-02

Gobernu Kontseiluak 500.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du gaur Albaola Elkartearentzat, Pasaiako Albaola Itsas Faktoriaren museo biziaren azpiegiturak handitzea finantzatzeko.

Dirulaguntza museoaren hobekuntza-lanak, ezagutzaren transmisio-proiektua laguntzeko eta San Juan ontzia eraikitzen jarraitzeko erabiliko da.

Diruz lagundutako jarduera horiek Kultura- eta sormen-industriak eta Albaola Itsas Kultura Faktoria izeneko proiektuaren barruan sartzen dira. Proiektu hori 180 milioi euroko ezohiko inbertsio-planean sartuta dago, eta Eusko Jaurlaritzak onartu zuen maiatzean, lehentasunezko jarduketa-eremuetan trakzio-proiektuak dinamizatzeko. Aparteko plan hori Berpiztu programan sartuta dago.

Eusko Jaurlaritzak guztira, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, 2,5 milioi euro inbertituko ditu, bi urtean, 2021an eta 2022an, Albaola Itsas Faktoriako azpiegiturak handitzeko lanetarako. Espazioaren azpiegiturak hobetzeko obrak izango dira, jarduera berriei ekiteko eta Museoaren eta ontziolaren harrera-gaitasuna handitzeko. Gainera, inbertsio horren helburua eraikinaren efizientzia eta jasangarritasun energetikoa hobetzea izango da. 

Albaola Itsas faktoriaren proiektua 2013an hasi zen, XVI. mendeko euskal baleontziaren erreplika bat egiteko asmoz, XX. mendearen amaieran Kanadan aurkitutako aztarnei jarraituz eta arotzeriako artisau-tekniken bidez. Denboraren poderioz, Albaola ontzigintzaren ikerketara eta euskal itsas ondarearen hedapenera bideratu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko