Eusko Jaurlaritzak 731.000 eurorekin osatu ditu mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko inbertsio‑proiektuetarako laguntzak (Gobernu Bilera 2021-11-2)

2021-11-02
  • 2021 ekitaldiko areagotze hori gehituko da Europako funtsetatik jasotako 3 milioi eurotara
  • "OCM Ardoa Inbertsioa” programaren esparruan, zeina irailean ebatzi baitzen, 27 proiektu onartu dira, eta 7,8 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira 

Eusko Jaurlaritzak onetsi egin du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua, zeinaren bidez aurtengo laguntzak deitzen diren Europako funtsak agortzeagatik "OCM Ardoa Inbertsioa" programako 2021eko deialdian erantzunik izan ez duten mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko inbertsio-proiektuetarako.

2021 ekitaldirako 731.000 euro bideratu dira laguntzen gehikuntza hori finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira soil‑soilik.

Zenbateko horrek osatu egiten ditu irailean ebatzitako "OCM Ardoa Inbertsioa" deialdiko FEAGA funtsen 3 milioi euroak. Deialdi horretan 27 proiektu onartu dira, eta 7,8 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira.

Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte mahastizaintzako eta ardogintzako enpresek, baldin eta egiaztatzen badute eskabidea aurkezteko unean "OCM Ardoa Inbertsioa" programaren 2021 ekitaldiko deialdietan parte hartu dutela; beren eskabideak hautatuak, lehenetsiak eta onartutakoen behin betiko zerrendan sartuak izan direla; eta ez dutela laguntzarik jaso programa horretan aurrekontu-zuzkidurarik ez izateagatik.

Enpresa batek gehienez ere 200.000 euroko laguntza jasoko du hiru zerga‑ekitalditako edozein alditan, eta eskatzaile bakoitzari emango zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa "OCM Ardoa Inbertsioa" programaren 2021 ekitaldiko deialdietan aurkeztutako proiektuaren araberakoa izango da. 

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/01091803.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko