Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio espetxeetako langileen lan baldintza iragankorrei buruzko aurreakordioari (Gobernu Bilera 2021-11-2)

2021-11-02
  • Gobernu Kontseiluak onartu egin du ordutegiak, lanaldia, baimenak eta ordainsariak arautzen dituen mahai sektorialaren proposamena, araudi berri bat onartu arte 

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegora transferitu berri diren hiru euskal espetxeetako langileen aldi baterako lan-baldintzei buruzko EAEko Administrazio Orokorraren mahai sektorialaren aurreakordioa onartzeko akordio-proposamena. Akordioak kolektibo horren lan baldintzak ezartzen ditu, harik eta lehenengo akordio honetan jasota ez dauden berezitasunak jasoko dituen araudi berri bat onartu arte. 

Eusko Jaurlaritzak, 2021eko urriaren 1etik aurrera, espetxeetako langileen erregulazioaren funtsezko alderdi batzuk adostu ditu aldi baterako, hala nola lanaldia eta ordutegiak, baimenen araubidea eta indarreko ordainsari baldintzak. Egun horretan hartu zuen eskumena Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak. Langile enplegatu horien lan baldintzen erregulazioaren berezitasuna honako hau da, besteak beste: ematen duten zerbitzu publikoa etengabea eta iraunkorra izatea, eta beren zereginaren izaera bera. Berezitasun horiek ez daude aurreikusita EAEko Administrazio Orokorrean indarrean dagoen araudian, eta, beraz, horri buruzko akordio espezifiko bat beharko da. 

Aurreakordio horretan, transferentziaren unean transferitutako langileei dagozkien baldintzak aurreikusten dira, bai eta langile horien baldintza espezifikoak negoziatzeko konpromisoa ere, akordioa sinatu eta 6 hilabeteko epean. Baldintza horiek Euskadiko espetxeetan lan egiten duten karrerako langile publiko funtzionarioei aplikatuko zaizkie, bai eta euskal espetxe-administrazioan lan egiten duten lan-kontratuko langileei ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko