Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Substantzia kimikoei buruzko Europako araudi berrira egokitu behar dituzte beren produktuak euskal enpresek

2011.eko irailak 13

Eusko Jaurlaritzako lau sailburu (Industria, Osasun, Ingurumen eta Lan sailetakoak, alegia) osasunean eta ingurumenean mozkinak bilatzen dituen araudi berriak eraginpean harturiko enpresa eta sektoreekin bildu dira.

Euskadik irailaren 1ean abiarazi zuen Oficina REACH CLP Bulegoa, araudira egokitzeko eskaturiko neurriak errazago ezartzeko enpresei laguntza-eta aholkularitza-zerbitzua eskaintzen dien erakundea. 

EBk balioetsi duenez, araudiaren aplikazioak 5,2 bilioi eurora ere iritsiko diren mozkinak ekarriko dizkio industria kimikoari datozen 15 urteetan, eta osasunerako eta ingurumenerako, aldiz, 50 bilioiko mozkinak datozen 30 urteetan. 

REACH eta CLP erregelamenduak behar bezala ezartzea funtsezko elementua izango da giza osasunaren eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko, aldi berean lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatuz. 

Plastikozko edalontzi bat, jostailu bat, kandela aromatiko bat.... Egunero erabiltzen ditugun objektu asko eta asko egiteko sustantzia kimikoren bat erabili behar izan zen ziurrenik. Orain, Europako araudi berri bat dugu, enpresa guztiei ere hartara egokitzeko eskatzen diena, sektore kimikokoak zein horrelako produktuak merkaturatzen dituzten beste hainbat esparrutakoak, eta gehienek ezagutzen ez dituzten eskakizun batzuk bete behar dituzte. 

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzaren lau sail elkartu egin dira REACH eta CLP Erregelamenduaren aplikazioan laguntzeko eta euskal enpresei horrek nola eragingo dien azaltzeko. 

Gaur goizean, lau sailburuorde produkzio-prozesuaren edozein unetan substantzia kimikoekin kontaktuan dauden euskal enpresa eta sektoreekin bildu dira, erregelamendua aplikatzeko beren esku jarri dituzten erreminta guztiak helarazteko. 

Bilbon izan den lan-jardunaldian Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiak, Osasuneko sailburuorde Jesús María Fernándezek, Ingurumeneko sailburuorde Arantza Leturiondok eta Laneko sailburuorde Sonia Pérezek hartu dute parte. 

Enpresekin izandako elkarraldian irailaren 1ean abiarazitako Oficina Reach Bulegoaren funtzionamendua jakinarazi da, baita enpresek eskueran dituzten gidaliburu eta on line tresna guztiak ere. 

Mozkinak osasunarentzat eta ingurumenarentzat 

Araudiaren idazkuntza egin zen arte merkaturaturiko 105.000 substantzietatik 6,000 baino ez zeuden sailkatuta. Horren ondorioz, ez genuen substantzien % 85en toxikotasunari eta ingurumenean zituzten ondorioei buruzko informaziorik. Europar Batasunak balioetsi duenez, araudiaren ezarpenak 5,2 bilioi eurora ere iritsiko diren mozkinak ekarriko dizkio industria kimikoari datozen 15 urteetan, eta osasunerako eta ingurumenerako, aldiz, 50 bilioiko mozkinak datozen 30 urteetan. 

Eusko Jaurlaritzak, inplikaturiko lau sailekin batera, uste du funtsezkoa dela indarrak biltzea, erronka handiak ezartzen baitizkie enpresei araudi berriak. Erregelamenduek zehazten dutenez, industria berak bermatu behar du bere jarduera profesionalaren testuinguruan fabrikatzen, inportatzen edo erabiltzen dituen substantzia eta nahaste kimikoen erabilera segurua. 

Jardunaldian Ingurumeneko Klusterrak (Aclima) eta zenbait euskal konpainiak parte hartu dute. Bulegoak eskaintzen dituen zerbitzuak azaldu dituzte bertan; hiru jardun-eremu ditu bulegoak, eta bakoitzak ere dagozkion erremintak ditu: 

1. REACH-CLP arreta-zerbitzua. Enpresei laguntzea eta aholkularitza ematea du helburutzat. Telefono bidezko eta online zerbitzua du (902 820 369), eta zuzeneko aholkularitza-eskaintza zerbitzu aurreratuen direktorio baten bidez REACH-CLPn. 

2. Informazio / Prestakuntza Zerbitzua. Erregelamenduak errazago betetzea lortu nahi du, prestakuntzaren eta informazio estrategikoaren zabalkuntzaren bidez. Sentsibilizazio- eta dibulgazio-plan bat du, baita webgune-plataforma bat (www.reachclpbulegoa.net), eta enpresei beharrezko informazioa emango dieten Gidaliburu Tekniko batzuk ere bai. Gainera, arautu gabeko Prestakuntza Programa bati buruzko informazioa ere eskainiko da bloke honetan. 

3. REACH Foroa. Industria-esparruan lankidetza estua ziurtatu nahi du, lankidetza publiko-pribatuaren ikuspegitik betiere. Bi lantalderen bidez egituratuko da zehazki: koordinazio-talde egonkor bat sektore-elkarte, kluster, unibertsitate, agente zientifiko teknologiko eta abarrekin, eta Adituen Foroa. 

Substantzia kimikoekin loturiko enpresa guztiek 2012. urterako bete beharreko eskakizun guztiak ezarrita izatea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. 

Enpresentzako afektazioak 

Lau sail tartean egoteak Europako araudiak dituen ondorio zabalen erakusgarri da. 

Osasun eta Kontsumo Saila arduratuko da EAEn produzitzen eta inportatzen diren substantzia kimikoak zaintzeaz, haien ikuskapena egiteaz eta behar bezala merkaturatzen direla kontrolatzeaz, horien erabilerak herritarrei osasun-arazorik eragin ez diezaien. Substantziak ez erregistratzeak edo horiek merkaturatzeko ezarritako eskakizunak ez betetzeak substantzia horien merkaturatzearen etenaldia edota zehapena eragin ahalko du. 

Ingurumeneko sailburuorde Arantza Leturiondok adierazi duenez, bere sailak urte asko daramatza substantzia kimikoek ingurumenean eta osasunean dituzten ondorioak kontrolatuz zenbait administrazio-prozeduraren bidez, hala nola jarduera ekonomikoen ingurumen-inpaktuaren baimentzea eta ebaluazioa, hondakinen kudeaketa, ingurumenaren kalitatea zaintzea (airea, ura, lurzoru kutsatuak, eta Natura 2000 Sarea) eta jardueren lizentziak betetzearen inguruko ikuskapena.

Zehaztu duenez, ez dira araudi horri loturiko administrazio-prozedura berriak sortuko, eta, aitzitik, integratu egingo dira REACH Mahaiaren eta egungo ikuskapenen bidez, hau da, airearekin, urarekin, hondakinekin, lurzoruarekin eta abarrekin loturiko beste ingurumen-alderdi batzuk egiaztatzen diren ikuskapenean bertan bilduko da substantzia kimikoei eta haien nahasteei buruzko araudia. 

"Gobernu-estrategia bateratua bultzatzea da helburua, prozedurak sinplifikatuko dituena administrazio-sarea gehiago ez korapilatzeko, eta Europako zuzentarauak betetzea ez dadin industriarentzat zailtasuna izan, baizik eta justu kontrakoa, haren lehiakortasunerako plus bat. Hori guztia pertsona guztientzat eta ingurumenarentzat nagusi behar duen segurtasuna murriztu gabe", adierazi duenez. 

Laneko sailburuorde Sonia Pérezek nabarmendu du lanbide-gaixotasunen % 1,4 agente kimikoen ondorio direla. Erabiltzen dituzten substantzia kimikoei eta nahasteei buruz langileak informatuta egotea eskatzen du arrisku horrek. 

"Erregelamendu hori", erantsi du, "aukera da langileen pertzepzioa hobetzeko substantzia kimiko arriskutsuen esposizioarekiko. Osalanek zabalduko du erregelamendua eta aholkularitza emango die agenteei horrelako lan-arriskuen prebentzioari buruz". 

Industrian, substantziak erregistratzera, erabiltzeko baimena eskatzera, eta araudi berriaren arabera etiketatu eta ontziratzera behartzen ditu enpresak. Zenbait kasutan, berrikuntza-estrategiak erabiltzera behartuko du, erabiltzen ari ziren substantzien ordez osasunarentzako eta ingurumenarentzako arrisku gutxiago eragiten duten beste batzuk erabiltzeko. Hori erronka gisa eta euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko aukera gisa ikusi behar da betiere. 

Bilbao, 2011ko irailaren 13a

Iruzkin bat
  • @greengip
    2011.eko irailak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Las empresas vascas deben adaptar sus productos a la nueva normativa europea sobre sustancias químicas. http://t.co/QUVGxJ7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko