Berriak Herrizaingoa
Eu

Antolatze eta aginte ikastaro bat emango diete suhiltzaile buruei Arkautin

2011.eko irailak 13

Arkautiko Polizia Ikastegiak EAEko suhiltzaile-etxe ezberdinetako buruei zuzendutako Antolatze, Aginte eta Kontrol ikastaro bat emango du datozen hamabost egunetan. % 85a alde praktikoak beteko du eta, suhiltzaile buruei, besteak beste, Agintaritza Postu Aurreratu baten ardura hartzeko beharrezko baliabide eta arrazoiketa taktikoen teknikak erakutsiko dizkiete.

Guztira, EAEko suhiltzaile-etxe ezberdinetako 24 kide (ofizialordeak, ofizialak, sarjentuak eta kaboak) izango dira ekimen honetako ikasleak. Bi taldetan banatuko dituzte: lehenak irailaren 13tik 16ra bitartean jasoko du ikastaroa eta bigarrenak, aldiz, 19tik 21era. Ikastaroaren % 15a baino ez da izango teorikoa. Gainerako % 85a praktikak izango dira, batzuk areto barruan eta besteak Agintaritza Postu Aurreratu batean.

Frantziako Suhiltzaileen ofiziala den Antoine Ruizek emango du ikastaroa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian, Arkautin. Agintaritza Postu Aurreratu batez arduratzeko beharrezko arrazoiketa taktikoak eta gaitasunak erakusteaz gain, aginte kate batean sartzen eta sinesgarritasun, aginte eta antolatze gaitasunak izaten ikasiko dute suhiltzaileek.

Guztira hamazazpi ikasgai jorratuko dituzte. Horien artean garrantzitsuenak aginterako printzipioak, kudeaketa operatiboa eta agintearen kontzeptuak, txosten operatiboa; eta maniobretarako ideiak eta betebeharrak dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko