Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak, 2030erako, % 85 murriztuko du hondakindegira doazen hondakinen kopurua

2021-11-02

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak gaur Gobernu Kontseiluak onartu duen 2030erako Euskadiko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Plana aurkeztu du; planak Euskadik datorren hamarkadan jarraitu beharreko estrategia markatuko du. Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak 2030erako honako helburu hauek aurreikusten ditu: % 30 murriztea hondakinak sortzeagatiko tasa; hiri-hondakinen gaikako bilketa % 85era arte areagotzea; hondakin ez-arriskutsuen % 85 berrerabiltzea eta, hala, bigarren mailako material bilakatzea, eta % 15 baino gutxiagora murriztea hondakindegietan ezabatzea.

Arantxa Tapiak adierazi duenez, kalkulatzen da 2030erako Euskadiko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Plana betearazteak 97 milioi euroko inbertsioa ekarriko duela; eta, horretarako, honako hauek lortzeko ekintza ugari izango dira abian: materialen zirkulartasuna lortzea, alegia, produktu berriak fabrikatzeko berriro erabili ahal izatea; klima-aldaketa arintzea; gardentasuna eta trazabilitatea hondakinen kudeaketan.

Etorkizunerako aztertzen ari diren neurrien artean, birziklapena areagotzeko enpresentzako laguntzak daude, bai eta isurpena ez sustatzeko eta ingurumen-ikuskaritzarako eta -kontrolerako gaitasuna hobetzeko kanona ere.

HEZKUNTZA

Bere aldetik, Jokin Bildarratz sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur hezkuntza arloan onartu dituen hainbat akordioren berri eman du; horien artean, nabarmentzen da 206,2 milioi euro jantokien zerbitzua kontratatzera bideratzeko akordioa. Zehazki, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko hainbat jantokiren funtzionamendurako prestatutako jakiak egin, garraiatu eta entregatzeko zerbitzua kontratatzera bideratuko da gastu hori. Horrela, guztira 20 lote aterako dira lehiaketara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 336 eskola-jantokitan zerbitzua emateko.

Gainera, Jokin Bildarratzek jakitera eman du Gobernu Kontseiluak titularitatez kooperatiba edo fundazio diren itunpeko ikastetxeetako inbertsioak finantzatzeko dirulaguntza deialdia onartu duela (HEZKOOP-2021). Sailburuak adierazi duenez, 24 milioi euroko zenbateko globala duten dirulaguntzak deitzea du helburu, itunpeko ikastetxeen titularrak diren irakaskuntza-kooperatibek edo fundazioek hitzartutako maileguak finantzatzeko. Mailegu horiek, hezkuntzan erabiltzeko eraikinak eskuratzera bideratuak izan beharko dute, edo eraikin berriak egitera, daudenak handitzera, ordezkatzera edo indarrean den legeriak exijitutako baldintzetara egokitzera bideratutako inbertsioak egiteko.

Halaber Hezkuntza sailburuak aditzera eman du Gobernu Kontseiluak 2021eko irailetik abendura bitartean eskola-orduetan eman beharreko IRALE programako (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu dituzten ikastetxe pribatuei edo ekimen sozialeko ikastetxeei eman beharreko dirulaguntzen deialdia onartu duela, 628.000 euroko zenbateko globala duten dirulaguntzak hain zuzen.

EUSKARAREN AGENDA ESTRATEGIKOA

Bukatzeko, gaurko Gobernu Kontseiluak Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin zerikusia duten zenbait gai onetsi ditu eta horien artean aipagarriena da Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 onartu duela; hau da, legegintzaldi honetarako hizkuntza-politikaren lan-ildoak zehazten dituen Gobernu Programaren 16 plan estrategikoetako bat, euskararen eta hizkuntza-bizikidetzaren eremuan zehaztutako konpromiso eta ekimen multzo bat.

Hala, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, Lehendakariak Euskararen Aholku Batzordearen bilera deitu du azaroaren 16rako, eta bertan gaur onartu den plana formalki aurkeztuko da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak