Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 322,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an aurreko urtean baino % 11,6 handiagoa
- Guztira hamar eurotik 1,1 euro inbertsioetara bideratuko dira eta departamentuko atal guztietan egingo dira inbertsio garrantzitsuak.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak zuzentzen duen sailak 2022. urterako izango duen aurrekontua aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Guztira 322,5 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, aurreko urtean baino %11,6 gehiago. Honela banatuko da sailaren aurrekontua:
- Kultura sailburuordetza: 70,6 milioi euro.
- Hizkuntza Politika sailburuordetza: 69,4 milioi euro.
- Etxepare Institutua: 3,4 milioi euro.
- Jarduera Fisikoa eta Kirol zuzendaritza: 12,2 milioi euro.
- EiTB: 161,5 milioi euro.
Aurrekontu osoa harturik, hamar eurotatik 1,1 inbertsioetara bideratuko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.
Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, “kulturak, euskarak, jarduera fisikoak eta EiTBek Euskadiren susperraldi garai berrian eragile aktibo izateko potentziala dute. Pandemia osteko Euskadik kultura indartsua behar du, euskara biziberritua behar du, jarduera fisiko eta kirol ohitura onak behar ditu. Hori jomugan jarrita osatu ditugu hurrengo urteko aurrekontuak, itxaropen horrekin, eta bereziki, konpromiso horrekin”.
Inbertsioak
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko agerraldian azaldu duenez, berak zuzentzen duen sailak apustu garrantzitsua egingo du inbertsioetan. Honako hauek dira inbertsiorik azpimarragarrienak:
- Orconera industria ondare higigarriaren zentroa. 3.100.000 euro.
- Albaola Itsas faktoria museo biziaren azpiegiturak handitzeko, 2 milioi euro.
- Irungo Urdanibia jauregiaren zaharberritze lanetarako 100.000 euro.
- Euskadiko Artxibo Historikoaren eraikinaren berritze-lanetarako 100.000 euro
- Donostiako Miramar Jauregiaren birgaitzeko 130.000 euro.
- Bilboko Zorroza auzoko Euskal Errotak izeneko lantegiaren birgaitzerako 100.000 euro.
- Barakaldoko mea-kargalekuak birgaitzeko 150.000 euro.
- Getariako Zarautz jauregia birgaitzeko 375.000 euro, bertan Juan Sebastian Elkanori buruzko interpretazio zentroa kokatzeko.
- Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko 500.000 euro.
- Sestaoko Labe Garairako 2 milioi euro.
- Euskadiko meatzaritzaren kultura parkea eguneratu eta bere zabalkundea indartzeko, 000 euro bideratuko dira Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundaziora.
- %1a moduan ezagutzen den Kultura ondarea balioztatzeko diru-laguntza deialdiaren zenbatekoa handitzea 600.000 euro, guztira 3 milioi euroraino.
- Zallako artisten gunea (1.258.000 euro)
- Errenteriko Artisten Barrutia (960.000 euro)
- Arteder, Euskal Artearen Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa (300.000 euro)
- TAULAK- Euskadiko Arte Eszenikoen artxibo digitalean egingo diren inbertsioak (200.000 euro)
- Bilboko Arte Ederretako museoaren handitze lanak
- HABEk 700.000 euroko inbertsioa egingo du euskaltegi kontzertatuetan inbertsioak egiten laguntzeko eta Ingura izeneko irakas programa digitala garatzeko
- Basque Teamen Fadurako goi mailako zentroaren berrikuntza eta modernizazio lanak (1,61 milioi euro)
- Maialen Chourraut ur bizien kanala (2022an 480.000 euroko inbertsioa).
Zupiria sailburuak adierazi duenez, inbertsio horietako batzuk 2022an hasi eta bukatuko dira eta beste batzuk datorren urtean hasi eta hurrengo urteetan amaituko dira.
Kultura sailburuordetza
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaurko agerraldian adierazi duenez, “2022a urte garrantzitsua eta itxaropentsua izango da kultur politikei dagokienean. Covid19aren pandemia hasi zenetik gure politikak neurri handi batean pandemiaren kalteak arintzera eta sektore ezberdinei laguntzera bideratu ditugu. Gure aurrekontuak eta programak uneko premietara egokitu ditugu”. Zupiria sailburuak gaineratu duenez “sorkuntza sustatzea eta euskal sortzaileen jarduera bermatu eta laguntzea da gure legealdiko konpromiso nagusietako bat. Konpromiso horri erantzuten dio aurrekontu proiektu honek ere”. Izan ere, Andoni Iturbek zuzentzen duen Kultura sailburuordetzaren aurrekontuaren %30 sorkuntza sustatzera bideratuko da. Honako proiektu hauek daude 20 milioi euroko aurrekontu horretan txertatuta:
- Sorkuntza bultzatzeko deialdiak, izendunak eta programa bereziak: 13,7 milioi euro
- Kultur eta Sormen Industrien (KSI) garapena: 1,5 milioi euro
- Etxepare Institutuaren bitartez euskal sortzaileak nazioartean ezagutzera eman eta nazioarteko plazara irtetzea: 3,4 milioi euro
Kultura sailburuordetzaren bigarren konpromisoa kultur eskaintza eta zabalkundea dira eta sailburuordetzaren aurrekontuaren %40 inguru, horretara bideratuko da besteak beste, egitasmo hauek finantzatuz:
- Euskadiko Orkestra
- Euskadiko Museo eta kulturgune handiak
- Kultur Jaialdiak
- Irakurzaletasuna sustatzeko lerroak
Kultura sailburuordetzaren hirugarren konpromisoa kultur transmisioarena da. Ondare inmaterialaren deialdira, esate baterako, 200.000 euro bideratuko dira.
Bestalde, digitalizazioa saileko politiketan zehar lerro bat dela azaldu du Zupiria sailburuak eta hainbat proiektutan inbertsio garrantzitsuak egingo dira kultur arloan ere digitalizariora eman beharreko jauzia babesteko. Guztien artean azpimarratzekoa dira besteak beste: Euskadiko Museoan Sistema Informatikoan, Euskariana- Euskadiko Liburutegi Digitalean edota museoan eskaintza digitala bultzatzeko egingo diren ekarpenak.
Hizkuntza Politika
Miren Dobaran buru duen Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak 69,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an eta aurrekontu horrekin egingo die aurre lau lehentasun nagusiri:
- Herritarren euskararen ezagutza handitzen jarraitzea
- Euskararen erabilera handitzen jarraitzea
- Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea
- Euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzea
Azpimarratzekoa da HABE-k, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, 46,5 milioi euroko aurrekontua izango duela 2022an. Batetik euskaltegi pribatuetako finantziazio sistema berria gauzatuko da eta bestetik euskara ikasketen doakotasunera ia 3,8 milioi euro bideratuko dira. Aurreko legealdian B2 mailan doakotasuna ezarri zen eta oraingoan C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte arteko gazteek matrikula doan izateko urratsak emango dira.
Hizkuntza Politikako sailburuordetzako aurrekontuan badira azpimarratu beharreko beste jardun lerro batzuk ere:
- Eremu Sozioekonomikoan Euskararen erabilera Sustatzeko Planaren garapena
- Kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko Plana.
- Ingurune Digitalean Euskara indartzeko bide orriaren baitan kokatzen dugu Hizkuntza Teknologien Ekintza Planaren garapena.
- Euskaraldiaren hirugarren edizioa.
- Euskara Sustatzeko Ekintza Plana
- Inkesta Soziolinguistikoa
- ARIGARA plataforma.
Jarduera Fisikoa eta Kirola
Jon Redondo buru duen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzan 12,2 milioi euroko aurrekontua dago eta inbertsioez gain badaude azpimarratu beharreko beste hainbat egitasmo ere, besteak beste:
- Basque Team Fundazioak ziklo olinpiko berriari hasiera eman eta goi mailako euskal kirolariak laguntzkoa: 1,6 milioi euro
- Herri kirolak, pilota eta arrauna laguntzeko 150.000 euro kirol bakoitzarentzat
- Frantziako Tourraren Grand Départ Pays Basque 2023 aurrera ateratzeko 300.000 euroko ekarpena 2022an
EITB
40 urte beteko dituen urtean, 2022an, EITB-ren aurrekontua 161,5 milio eurokoa izango da eta hortik 13,8 milioi euro inbertsioetara bideratuko dira. Besteak beste Donostiako Miramon egoitza berrituko da, Primeran, euskal edukien plataforma, eta Bilboko egoitzan egin beharreko erreforma eta egokitzapen lanak daude aurreikusita inbertsioen atalean.