Berriak Segurtasuna

Jaurlaritzak “Emakumeak Ertzaintzan sartzeko I. Sustapen Plana” egingo du 2022an, berdintasuna Arkauten probak hasten direnetik sustatzeko

2021-11-02
  • Planak emakumeek Ertzaintzan duten presentziaren egungo desoreka zuzentzeko ekintza positibo zehatzak identifikatu eta proposatuko ditu, eta Ertzaintzarako hurrengo lehiaketa oposaketetan ezarriko dira
  • Horrez gainera, Jaurlaritzak 2,6 Mill/€ inbertituko ditu Ertzaintzaren ibilgailuak babesteko zibersegurtasun-laborategi berritzaile batean, eta 2024ko Hauteskundeak prestatzeko lehenengo urratsak emango dira hauteskundeei buruzko informazioa biltzeko, prozesatzeko eta hedatzeko plataforma berri bat abian jarriz
  • Bestalde, Segurtasun Sailerako “2023-2028 Euskara Plan” berria ere egingo da

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur aurkeztu du Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren 2022rako aurrekontua. Guztira 725,1 milioi euro dira, aurreko urtean baino % 4,8 gehiago (+33,2 Mill/€). Aurrekontuaren igoeraren arrazoi nagusiak hiru dira:

  • Inbertsio errealen igoera esanguratsua (6. kapitulua). +% 69,9 igoko dira (17,3 Mill/€). Horien artean azpimarratzekoak dira: Ertzaintzarentzat erosiko den helikoptero berria (10 Mill/€), eraikinak zaharberritzeko, birgaitzeko eta horietako energia-efizientzia hobetzeko eta polizia-ibilgailuen zibersegurtasunerako neurri berriak abian jartzea (6,9 Mill/€) eta hauteskundeei buruzko informazioa biltzeko, prozesatzeko eta hedatzeko aplikazio berria (442.500 €) 2024ko Hauteskundeak prestatzen hasteko.
  • Langile-gastuen igoera (1. kapitulua). Igoera +% 2,8koa (14,8 Mill/€) izango da, lansarien % 2ko igoera orokorraren (9,9 Mill/€), Itzarri-BGAErako soldata-masaren % 2ko ekarpenaren (2,2 Mil/€) eta Gizarte Segurantzako kotizazioen, antzinatasunaren eta abarren (2,7 Mill/€) ondorioz.
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren finantzazioaren igoera. 2022an 24,9 Mill/€-ko aurrekontua izango du, 2021ekoa baino % 1,7 handiagoa (423.000€). Diru horrekin Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lehiaketa oposaketa bateratua, Covid-19aren ondoren ikasleak geletara itzultzea (Mugi-Arkaute programa) eta giza eskubideen arloko formakuntza ikasleen formakuntzan sartzeko UPV/EHUrekin egingo den hitzarmen berria finantzatuko dira.

BERDINTASUNA ETA EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Jaurlaritzak 2022an Emakumeak Ertzaintzan sartzeko I. Sustapen Plana egingo du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna agenteak hautatzeko prozedura hasten denetik sustatzeko diseinatutako plana. Plan berritzailea eta aitzindaria da panorama konparatuan, eta Euskadin emakumezko polizien kopurua igotzea du helburu. Josu Erkorekak adierazi duenez, une hauetan “desoreka argia eta nabarmena dago Ertzaintzan emakumeen eta gizonen arteko proportzioan: 5.995 gizon (% 85,14) eta 1.046 emakume (% 14,86) daude”. Lehenengo plan honen helburua egoera hori zuzentzen jarraitzea da; izan ere, “azken urte hauetan emakumeen presentzia areagotzen joan den arren, oraindik nahi baino apalagoa da”.

Alde horretatik, Josu Erkorekak azpimarratu duenez, “Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ikusten ari da hautapen-prozesuetan emakumeen arrakasta-tasa gizonezkoena baino baxuagoa dela nabarmen, eta, horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Emakunderekin elkarlanean jauzi kualitatibo bat ematea eta sarbide-probetatik hastea berdintasunaren alde lanean”.  Horretarako, jada hasita daude generoaren ikuspegitik aztertzen kidegoan sartzeko hautapen-prozesuak, eta Planak identifikatu egingo ditu eta desorekak zuzentzeko ekintza zehatz positiboak proposatuko ditu, eta Ertzaintzarako hurrengo lehiaketa oposaketetan ezarriko dira.  

Bestalde, eta berdintasunaren ardatz estrategiko honen baitan, aurrekontuaren zati handi bat (7,9 Mill/€) indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babestera bideratuko da, besteak beste, honako programa hauen bidez:

  • Biktimen babesa: 7,9 Mill/€ biktimarik larrienak, batez ere genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren delituenak, babesteko. Azken zifren arabera, 5.038 emakumek (2021ean baino 257 gehiagok) dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa bat jarri ondoren eta Ertzaintzak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.516k (2021ean baino 172 gehiagok) epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.522ek (2021ean baino 85 gehiagok) biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda. Aurtengo urtean 2 emakume hil dituzte bikotekideek: otsailaren 12an Conchi, 56 urtekoa, senarrak hil zuen Sestaon. Alaba eta semea zituen. Urriaren 12an Erika, 37 urtekoa, hil zuen senarrak Gasteizen. Alaba eta seme adingabeak zituen. Bi emakumeetako bakar batek ez zuen salaketarik jarri aurretik, eta poliziak ez zekien indarkeria basati horren biktimak zirela.
  • Bortxa aplikazioa: 355 € biktimaren mugikorrean integratzen den eta Ertzaintzarekin eta SOS Deiak zerbitzuarekin azkar komunikatzeko aukera ematen dion telefonia mugikorrerako aplikazio hau mantentzeko. Aplikazio horri esker biktima berehala jar daiteke harremanetan Eusko Jaurlaritzako 24 orduko arreta-zerbitzuko 900 840 111 telefono-zenbakiarekin, eta GPS lokalizazioa duen alarma aktibatzeko aukera ere ematen du, besteak beste. Gaur egun 248 emakumek (2021ean baino 86 gutxiagok) dute euren telefono pertsonalean integratuta aplikazio-mota hori.
  • EBA – Emakumeen eta Etxekoen Babesa proiektua: 000€ emakumeen aurkako indarkeria-delituekin zerikusia duten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera ematen duen sistema digital hori sustatzeko. Proiektua urtearen amaieran jarriko da abian eta 2022an zehar garatuko da espediente guztiak formatu berean sortzeko eta partekatzeko, emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazioak homologatzeko –edozein izanik ere kasuaz arduratzen den polizia-kidegoa–, euren seme-alaben arriskua berdin ebaluatzeko, diagnostikatzen den arrisku-mailaren araberako babes egokia ezartzeko, etab.
  • Euskal polizien arteko koordinazio-protokoloak: 000€ koordinatuta eta modu homogeneoan jarduteko polizia-protokolo berritzaile eta aitzindari bat prestatzeko, Europako Kontseiluaren Istanbuleko Hitzarmena izenekoan jasotako emakumearen aurkako indarkeria-gertaera guztiak barne hartuta: indarkeria fisikoa, psikologikoa edo sexuala, bortxaketa barne dela; jazarpena edo zelata; mutilazio genitala; behartutako ezkontza, abortua edo antzutzea; sexu-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketa; irudiak baimenik gabe hedatzea, baimenduta grabatu izanda ere; etab. Tresna handinahiko honek esku hartzeko kideko prozesuak eta jarduteko jarraibide bateratuak ezarriko ditu Ertzaintzarentzat eta Euskadiko udaltzaingoentzat emakumearen aurkako indarkeria-mota guztietarako, eta, era horretara, alde batetik, biktimei arreta integrala eman ahal izango zaie eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragotziko da.

BERRIKUNTZA ETA DIGITALIZAZIOA

Segurtasun Sailaren beste inbertsio-ardatz garrantzitsu bat prozesuen digitalizazioarena eta teknologiaren berrikuntzarena da, segurtasunaren erronkari erantzuteko erreminta aurreratuak eta egokiak izateko. Atal honetan, nabarmentzekoa da Ertzaintzaren ibilgailuentzako zibersegurtasun-proiektu berria. Proiektura 2,6 Mill/€ bideratuko dira, eta inbertsio handi horren barruan bi laborategi jarriko dira abian, finko bat eta mugikor bat, polizia-ibilgailuen zibermehatxuak eta ziberkalteberatasunak hautemateko eta horiei erantzuteko.  Helburua da ibilgailuetan biltegiratzen diren informazioa eta datu pribatu, sentikor eta konfidentzialak kanpoko komunikazio-bideren batetik manipulatzea, lapurtzea eta ezabatzea eragoztea. Bestalde, zibereraso baten bidez ibilgailuetako komunikazioak erabilezin bihurtzea edo blokeatzea ere eragotzi nahi da; izan ere, funtsezko erreminta da laguntza eske edo larrialdien berri emanez egiten diren deiei azkar eta eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

Proiektu aitzindaria da panorama konparatuan, eta Ertzaintza izango da, beraz, mugikortasun zibersegurua izango duen lehenengo polizia-kidegoa. Horri esker, jarduketa-protokoloak ezarri ahal izango dira eta automozioko zibersegurtasunean espezializatutako formakuntza-plana abian jarri ahal izango da, Segurtasun Sailaren automobil-parkean lan egiten dutenek zibereraso bati erantzun ahal izateko eta zibererasoa zapuztu ahal izateko.

Segurtasun Saila egiten ari den eraldaketa digitala barneko operatiba eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko aukera bat da, baina, aldi berean, baita mundu digitalaren mehatxuei aurre egiteko bide berri bat ere, hau bezalako proiektu aitzindariekin.

Horrez gainera, Jaurlaritzak, beste hainbat proiektu teknologikoren artean, honakoak jaso ditu 2022ko aurrekontuan:

  • 500.000€ bideo grabazio eta kudeaketako sistema integralak ezartzeko, adibidez aireontzietako bideo-transmisiorako sistemak edo grabazio-kamerak Ertzaintzako hainbat unitatera hedatzeko proiektua, une hauetan Irunen, Bilbon eta Gasteizen gauzatzen ari den proiektu pilotua urtearen amaieran amaitzen eta ebaluatzen denean.
  • 981.880€ polizia-informazioko eta larrialdietako sisteman hobekuntzak egiteko. Kontu-sail honekin hainbat proiektu garatzen eta hobetzen jarraituko da, besteak beste, Euskarri edo Europako Morphobis (identifikazio biometriko automatizaturako), Pemea (112ren Europako aplikazioen arteko konexioa), etab.
  • 70.000€ irrati telekomunikazio mugikorretako soluzioetarako. Diru hori erabiliko da polizia-sareko eta larrialdietako aplikazio guztietarako sarbidea bermatzeko kanpoko lan-egoera normaletan, baina baita jendetza pilatzen den ekitaldi handietan edo gertaera handietan ere. Horrela, 2022an tableta edo smartphone moduko dispositiboak ezartzen jarraituko da, egoitzetatik kanpora informazio osoa izateko eskura online euskarrian. Gainera, larrialdi bat gertatzen den edozein lekutan telekomunikazio-eremu propioa eta segurua sortu ahal izateko “burbuila taktikoak” finantzatuko dira.
  • 400.000€ trafikoko sistema adimendunak ezartzen jarraitzeko. Ibilgailuak zenbatzeko eta sailkatzeko sistema hauek trafikoari buruzko datuen kalitatea eta kopurua hobetzen laguntzen dute. Horien ezarpenarekin trafikoaren kudeaketarekin zerikusia duen informazioa eta planifikazioa hobetzen da behin eta berriz errepikatzen diren pilaketen eta gertaeren aurrean.
  • 1,1 Mill/€ Txurdinagako, Erandioko eta Iurretako segurtasun-sistema elektronikoak digitalizatzeko eta modernizatzeko.

JASANGARRITASUNA

Segurtasun Sailaren inbertsioan igoera handiena izan duen ardatz estrategikoa jasangarritasunarekin eta energia efizientziarekin lotutakoa da. 6,7 Mill/€-ko inbertsioa egingo da eraikinen energia-efizientziaren hobekuntzan eta zaharberritze eta birgaitze lanetan, Nazio Batuen 2030 Agendako jasangarritasunaren arloko konpromisoen esparruan.

Datorren urterako aurrekontuetan jasotako proiektu zehatzen artean nabarmentzekoak dira ReLated proiektu aitzindaria Berroziren instalazioetara hedatzeko asmoa (Renewable Low Temperature District tenperatura ultra baxuko sareak dituen beroketa, ur bero eta hozketa sistema bat da, eta gradu baxuko bero-iturriak kostu baxuan izatea ahalbidetzen du), azpiegitura fotovoltaikoak eta ibilgailu elektrikoentzako karga guneak instalatzea, aire-girogailuak berritzea eta energia aurrezteko isolamendu termikoa, eta abar.

EUSKALDUNTZEA

Segurtasun Sailak 2022an 2,4 Mill/€izango ditu hizkuntza-normalizazioaren ardatz estrategikoa lantzen jarraitzeko. Ardatz horren baitan Segurtasun Sailaren 2023-2028 Euskara Plan berria egingo du eta langileen euskalduntzea sustatuko du, besteak beste honako proiektu hauen bidez: polizia-terminologiako hiztegi espezifikoak egitea eta etengabe eguneratzea, polizia-agirietako euskara estandarizatzea, ELEBI programa, langileen HABEko matrikulak finantzatzea, egungo Hizkuntza Normalizaziorako Planeko ekintzak ezartzea, “Euskara Eskolak” programa lantokian bertan eskolak emateko irakasleak kontratatzeko, etab.

SENTSIBILIZAZIO ESTRATEGIAK

Segurtasun Sailaren aurrekontuetako azken ardatz estrategikoa kolektibo zaurgarriak babesteko herritarrak sentsibilizatzeko, informazioa emateko eta jarduera hezitzaileak egiteko proiektuak eta estrategiak abian jartzearekin lotutakoa da, batez ere bi arlotan.

  • Mugikortasun seguru eta jasangarrirako sentsibilizazioa (963.000€). Diru horrekin ikastetxeetako ikasleekin eta irakasleekin egingo den lana finantzatuko da, bide-segurtasunaren arloko formakuntzarako materialak prestatuko dira eta kolektibo zaurgarriei (motorra erabiltzen duten pertsonak, txirrindulariak eta adinekoak) zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak, bide-hezkuntzarako ikastaroak eta lan-prebentziorako formakuntza jarriko dira abian.
  • Joko patologikoaren prebentzioa (787.000€). Diru horrekin Jokoaren Euskal Behatokiaren lanak ordaindu ahal izango dira, joko patologikoaren arloko informazio eta prebentzio jarduerak diseinatuko dira Euskadiko irabazi asmorik gabeko erakundeekin batera, joko arduratsua sustatzeko kanpainak egingo dira, etab.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak