Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

Azpiazuk Ekonomia eta Ogasun sailaren xehetasunak aurkeztu ditu (128,6M€ edukiko ditu 2022an eta akordiorako prest dagoela erakutsi die gainerako taldeei

2021-11-02

 

AZPIAZUK EKONOMIA ETA OGASUN SAILAREN XEHETASUNAK AURKEZTU DITU (128,6 M€ EDUKIKO DITU 2022an) ETA AKORDIORAKO PREST DAGOELA ERAKUTSI DIE GAINERAKO TALDEEI

 

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk Legebiltzarreko agerraldiak ireki ditu gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko aurrekontuen proiektuan bere sailari dagozkion xehetasunak ezagutzera emateko. Sailak 128,6 M€ edukiko ditu 2022an. Kopuru hori 2021ean aurkeztutako aurrekontukoa baino 41,2 M€ handiagoa da. Beraz, gehikuntza % 47,2koa izan da. Aldakuntza hori argitzeko, nagusiki, aski da lau partida aztertzea:

 

  1. Finantzen Euskal Institutuarentzako 50 M€-ko ekarpena sartu da, FINKATUZ funtsaren zuzkidurarekin jarraitzeko. Aurreko aurrekontuetan, aldiz, Finantzen Euskal Institutuarentzako ekarpenak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Industria Garapeneko programaren aurrekontuan sartzen ziren.
  2. 7 M€-ko partida bat sartu da diruzaintzako saldoa mantentzearen ondoriozko finantza-gastuak ordaintzeko.
  3. 21 M€ murriztu dira ELKARGI elkar bermatzeko sozietateari hornidura teknikoen funtserako ekarpen eta abalaren komisioaren ondoriozko dirulaguntzak, pandemiaren hasieran abian jarritako autonomoentzako eta ETE-entzako finantza-laguntzako programari lotuak. Programa horri esker, enpresa horiek finantza-berme handiagoekin aurre egin ahal izan diote 2021. urteari.
  4. Aurrekontuan 2 M€ inguru sartu dira ekonomia-kudeaketako EIKA aplikazio berriaren mantentze eta laguntza teknikorako. Aplikazio horrek euskarria emango dio aurkeztutako lege-proiektuaren zuzenketen kudeaketa eta tramitazioari.

Sailean izandako langile-gastuen aldakuntza argitzen du % 2ko ordainsari-igoerak ez ezik, Europako funtsak betearaztea koordinatzeko eta horren jarraipena egiteko, pandemiaren eragina jasan duten enpresa eta autonomoentzako zuzeneko laguntzak kudeatzeko eta Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzaren egitura berria gauzatzeko behar diren behin-behineko langileen kontratazioak ere.

 

EUSTATek, bestalde, 15,5 M€-ko aurrekontua du (2021. urtean 14,8 M€-ko aurrekontua izan zuen). EUSTAT eragiketa estatistiko ofizialak egin eta argitaratzeaz arduratuko da, hiru helburu handi lortzeko asmoz: lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika erakunde-mailan ordezkatzea eta finkatzea; bigarrenik, ekoizpen estatistikoa eta horren zabalkundea eta erabilera indartzea; eta, azkenik, bere gaitasun operatiboa hobetzea.

 

Bestalde, Lehiaren Euskal Agintaritzak, Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikita dagoen eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen duen administrazio-izaerako organismo autonomoak, 1,77 M€-ko aurrekontua edukiko du. Datorren ekitaldian Lehiaren Euskal Agintaritzak 2018-2022 Plan Estrategikoan definitutako ekintzak gauzatzen jarraituko du, bertan ezarritako helburu estrategikoak betetze aldera, eta bere jarduera bideratuko du lehia sustatzera, lehiaren kontrako jokabideak ikertu, dagozkien espedienteak hasi eta ebaztera, eta bere kudeaketa-tresnak hobetzera.

 

Finantzen Euskal Institutuak 220 M€ inguruko aurrekontua izango du. FINKATUZ funtsa kudeatzeaz gain, ETE-en eta kapitalizazio ertaineko enpresen, pertsonen, enpresaburu indibidualen eta profesional autonomoen finantzaketari laguntzeko programetan eta esportazioa finantzatzeko lerroetan parte hartzen jarraituko du, besteak beste. Kopuru globaletan, 78,5 M€-ko epe labur eta luzeko maileguak formalizatzea aurreikusten da. Baliabideei dagokienez, sailak FINKATUZ funtsari egindako ekarpenaz gain, nabarmentzekoak dira programek enpresei emandako maileguen amortizazioen kobrantza (55,5 M€) eta Europako Inbertsio Bankuaren beste mailegu bat lortu izana, 100 M€-koa, zero interes-tasan eta 12 urteko epearekin.

 

Azkenik, Finkatze Kapitala Finkatuz SA sozietate publikoaren kasuan, 160,61 M€-ko lehen aurrekontu onartuari beste 50 M€ gehituko zaizkio 2021ean eta beste 50 M€ 2022an. Euskal Autonomia Erkidegorako estrategikoak diren enpresetan partaidetzak hartzea izango da sozietatearen jarduketa nagusia.

 

Akordiora irekia

Aurkezpena amaitzeko, Azpiazu sailburuak Legebiltzarreko elkarrizketarako eta akordiorako gonbita egin die gainerako talde politikoei, “Jaurlaritzari babesa ematen dion gehiengo parlamentarioarena baino adostasun handiagoa izan dezaten aurrekontuek”.

 

“Ongi etorriak izango dira gure eskumenetan eta aurkeztutako kontuetan hobekuntzak sortzeko gai den errealismo politiko-ekonomikoaren printzipioan zentratzen diren iradokizunak, zuzenketak edo akordioak, bideragarritasun politiko zabala izan dezaten, betiere Gobernu honekin elkarrizketa irekia izateko interesa agertu duten taldeekin, noski”, azaldu du.

 

Hala, Azpiazuk aurreratu du sailburuen agerraldien ondoren, babes bila hasiko direla. “Espero dut, zinez, negoziatzeko benetako borondatea adierazten duten jarrerak aurkitzea, eta hobekuntza sozialak eta zentzuzko politika sektorialak adostu nahi dituztenek, Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia eta enplegua bultzatzeko, aurrez aurre aurkituko gaituzte”, azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)