Nagusi Agendak hobekuntzak proposatzen ditu adinekoentzako egoitza-zentroen funtzionamendua arautzen duen dekreturako

2021-10-28
  • 2021ean zehar egin den adinekoentzako egoitza-ereduari buruzko hausnarketa-prozesuaren emaitza da; hartan, administrazioek, profesionalek, adituek eta adinekoek beraiek parte hartu dute

  • Ondorioak gaur aurkeztu dira Vitoria-Gasteizen, Beatriz Artolazabal sailburuak eta Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak parte hartu duten jardunaldian

  • Entzun egin dugu, eta, orain, maila politikoan eta teknikoan dekretua hobetzeko erakundearteko koordinazio-prozesuaren buru izan behar dugu”, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak

 

Beatriz Artolazal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Euskadin adinekoentzako egoitza-ereduari buruzko hausnarketa-prozesuaren ondorioen lehen txostena aurkezteko jardunaldia itxi du. Jardunaldia Vitoria-Gasteizko Canciller Ayala hotelean izan da, eta Artolazabal buru duen Sailak sustatzen duen Nagusi Agendaren barruan sartzen da.

2021ean, prozesua egin da, honako hauen bidez: foru-aldundietako arduradunei eginiko elkarrizketak; sei fororen dinamizazioa (Batzorde Aditua, Euskadiko Adinekoen Batzordea, Erabiltzaileen Senideak, Egoitzetako Profesionalak, Elkargo Profesionalak eta Sindikatuak), nazioarteko biltzarretako parte-hartzea, kontrasterako topaketak eta webgunearen eta youtuben Nagusi TVren elkarrekintza. Prozesuaren lehen ondorioak gaur aurkeztu dira.

Entzun egin dugu, eta, orain, adinekoentzako egoitza-zentroen funtzionamendua arautzen duen dekretua hobetzeko erakundearteko maila politikoko eta teknikoko koordinazio-prozesuaren buru izan behar dugu”, esan du Artolazabalek, ekitaldia ixteko esan dituen hitzetan. “Erdigunean, zuok egin duzuen bezala, arreta behar duten adinekoak jarriko ditugu, bai eta haiei arreta ematen dieten zenbait profil profesionaletako pertsonak ere; hori da gure konpromisoa”, esan du sailburuak. Ondoren honako hau esan du: “ondorioak pixkanaka aplikatzen joango gara, eremu konplexu batean, non jakitun baikaude eragile bakarra ez garela”.

Adinekoen zaintzarekin zenbait arlo profesionaletatik zerikusia duten berrogeita hamar pertsonak baino gehiagok lehen ondorioen txostenari buruzko eztabaidan parte hartu dute. Ondorio horien artean, adinekoentzako egoitza-zentroen funtzionamendua arautzen duen dekretua hobetzea proposatzen da, besteak beste honako alderdi hauetan: mendekotasun-maila bakoitzaren beharrizan bereiziak, irizpideak bateragarri egitea hiru lurraldeetan, ‘Bizi-proiekturako laguntza pertsonalaren Plana'ren kontzeptua sartzea, euste fisikoaren erabileraren arauketa hobea egitea, atsedenerako plazetarako sartzeko aukera ematea, ikuskaritza-zerbitzuak hobetzea, etab.

Foru-aldundiekin batera lan egingo dugu, dekretu berria prestatzeko; dekretua handinahia izatea nahi dugu, eta mendekotasun-egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden adinekoentzako zaintzako eta arreta integraleko eredua bermatzea, pertsonalizatua eta kalitatekoa, beren bizi-proiektua lortzen lagunduko diena”, esan du sailburuak.

Prozesu honetatik ateratzen diren proposamenak hartu eta araudi-prozeduran txertatuko ditugu, ahal den neurrian. Nagusi Agendak lagunduko digu erabaki horiek zuonak izan daitezen, guztionak; horiek beti dira-eta erabakirik onenak”, esan du Artolazabalek.

Nagusi Agenda

Adinekoek egoitza-zentroetan dituzten bizi-baldintzen inguruan eginiko hausnarketa-prozesua Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Nagusi Agendak eginiko hirugarrena izan da. Lehena 2019an izan zen, eta haren helburua izan zen familia-eremuan zaintzaileei laguntza emateko estrategia bat prestatzea. Hurrengo urtean, 2020an, adineko-kopuru handi batek bizi duen nahi ez duen bakardadearen erronkari aurre egiten laguntzeko estrategia bat ezartzea izan zuen xede.

Nagusi Agendaren parte-hartze publiko-sozialaren eredua ‘Adinekoekiko Gobernamendurako Euskal Estrategia’ren dimentsio praktikoa eta operatiboa da. Estrategia horrek hiru helburu nagusi ditu: administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzuekin zahartzen diren pertsonen gogobetetasuna hobetzea; adinekoen erantzunkidetasuna sustatzea eta, horretarako, zerbitzuak diseinatzean, ematean eta ebaluatzean parte hartzea, eta erabakiak hartzeko bide ematea, parte hartzeko prozesuen bidez. Gainera, berrikuntza elikatzeko adinekoen proposamenak ere jasotzen ditu.

Euskadin adinekoentzako egoitza-ereduari buruzko hausnarketa-prozesuaren kasuan, haren funtzionamendua arautzen duen dekretua aldatzera bideratzen du prozesuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak