Berriak Osasuna

Bronkiolitis akutuaren epidemia aurreratu egin da euskadin, eta aurreko urteetan baino intzidentzia handiagoa du

2021-10-28

 

  • Pasa den denboraldian birus hau, Covid-aren aurkako neurriak direla eta, oso gutxi zabaldu izanak eta neurrien ohituretan lasaitu izanak ekarriko zuten, beharbada, kasuen igoera hori
  • Osakidetzak gogorarazten du eskuen higienea, jende asko batzen den leku itxietara ahalik eta gutxien joatea edo haurrak arnas sintomak dituzten pertsonekin harremanetan ez egoteko ahalegina egitea funtsezkoak direla hura transmititzeko

Bronkiolitis akutua bi urtetik beherako umeengan eragina duen arnas infekzioa da. Hasieran, katarroaren antzeko sintomak izaten dira, besteak beste mukiak, eztula edo sukarra, eta, egun batzuetara, beste sintoma batzuk agertzen dira, esaterako arnasteko zailtasunak, txistu-hotsak edo esnea hartzean eragina duen itolarria.

Normalean, epidemia moduan gertatzen da, urritik eta martxora bitartean, eta intzidentziaren goren unea azaroaren eta abenduaren bitartean izaten da. Hala ere, Osakidetzak ikusi du intzidentziaren goren unea, aurten, aurreratu egin dela, eta birus horren ondoriozko kontsulta-kopuru handi bati ematen ari zaiola arreta; zehazki, bikoiztu egin dira, aurreko urteetako data berekin alderatuta.

Aurrerapen horren kausa, seguruenik, bronkiolitisak pasa den denboraldian izan zuen intzidentzia baxua da, Covid-19a prebenitzeko abian jarri ziren segurtasun-neurriak direla eta, ziur asko. Aurreko denboraldian bronkiolitisaren birusarekin kontakturik eduki ez izana eta gaur egun neurriak arindu izana badirudi motibo direla gaixotasun horri kalteberak diren bularreko haurren kopurua handitzeko.

Hala, bada, Osakidetzak gomendatzen du kutsadurak prebenitzeko neurriak betetzen jarraitzea; alegia, beste arnas birus batzuk transmititzea saihesteko erabiltzen diren berak, besteak beste Covid-19aren kasuan erabiltzen direnak. Bronkiolitisa larriagoa da 6 hiletik beherako umeetan, eta kutsadura-iturri nagusia ume nagusiak dira, askotan neba-arrebak. Hori dela eta, eskuak sarri garbitzea, jende asko pilatzen den leku itxietan ahalik eta gutxien egotea, barrualdeak aireztatzea, umea gaixorik dagoenean haurreskolara edo eskolara ez eramatea edo arnas sintomatologia –katarroak, eztula edo mukiak, besteak beste– duten pertsonek jaioberriei bisitarik ez egitea neurri garrantzitsuak dira kutsadurarik egon ez dadin.

Bronkiolitisaren ohiko epidemian, Euskadin 2 urtetik beherako mila pertsona bakoitzeko 25ek, epidemiak irauten duen hil bakoitzeko, gaixotasun hori jasan ohi dute. Kontsulta medikoak direla eta, epidemia bakoitzean, Euskadin, bronkiolitisagatik, 4.500 kontsulta izaten dira, Lehen Mailako Arretan, eta ospitaleko larrialdietako 2.500 gertakari, eta 450 ospitalizazio. Aurtengo urtaro honetan, orain arte, 700 kontsulta baino gehiago izan dira, Lehen Mailako Arretaren eta Larrialdien artean, aurrekoetan baino bi aldiz gehiago.

Gaur egun, ez dago gaixotasun hori tratatzeko medikazio eraginkorrik, baina badaude diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendioak jasotzen dituzten praktika klinikoaren gida batzuk eskuragarri. Hori horrela, Osakidetzako zentro guztiek, bai Lehen Mailako Arretakoek bai ospitaleek, ibilbide asistentziala zabaldu dute, eta, hartan, bronkiolitisa duen adingabe baten kasuan zer jarduketa bete behar diren jasotzen da, lehen unetik asistentzia homogeneoa bermatzeko. Gainera, Osakidetzak informazioa ematen die familiartekoei, gaixotasunari buruzko eta haren aurrean nola jardun jakiteko material idatziaren eta ikus-entzunezkoen bidez.

Ibilbide asistentzial hori garatzeak aukera eman du bronkiolitisa tratatzeko beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 75 baino gehiago murrizteko. Gaixotasun honen azken goren unean –2021eko maiatzaren eta uztailaren bitartean izan zen; atzeratu egin zen Covid-19aren pandemiaren ondorioz–, farmakoen erabileraren zifra oso baxuei – % 10etik behera– eutsi zaie.

Argibide gehiagorako:

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan