Berriak Lehendakaritza

Herritarrak bizitza soziala berreskuratzen hasi dira, baina zuhurtziaz jokatzen dute murrizketak kendu ondoren

2021-10-28
  • Pandemiari buruzko azken galdeketak erakutsi du Euskadin hartutako neurri murriztaileek babes zabala dutela
  • Gizarteak zuhurtziaz jokatzen du larrialdi-egoera amaitu ondoren, eta gune itxietan maskara erabiltzearen alde dago 

EAEko biztanleak bizitza soziala berreskuratzen hasi dira pandemiaren unerik txarrenak igaro ondoren. Hala ere, zuhurtziazko jarrera dute murrizketa gehienak kendu ondoren, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur plazaratu duen azken azterlanaren arabera. Landa-lana Osasun Larrialdia amaitu eta astebetera hasi zen, urriaren 7an, herritarrek Covid-19 pandemiari eta horren ondorioei buruz dituzten pertzepzioak eta jarrerak ezagutzeko.

Hala, bi pertsonatik batek (%48k) dio bere egungo bizitzak pandemiaren aurretik bezala jarraitzen duela, eta %8k uste du bere bizitzak hobera egin duela. Bestalde, %43k uste du bere bizitzak okerrera egin duela. Halaber, arindu egin da herritarrek koronabirusa hedatzeko duten kezka, aurreko azterlanekin alderatuta, nahiz eta oraindik herritarren erdiek adierazi duten oso edo nahiko kezkatuta daudela.

Azterlanak, gainera, egiaztatu du Euskadin hartutako neurri murriztaileek babes handia dutela, inkestatutako pertsonen %65ek uste baitute egokiak izan direla. Oro har, gizartea zuhur ageri da murrizketak kendu ondoren, eta gehiengoa (%79) maskara espazio itxietan erabiltzeko derrigortasuna mantentzearen alde dago, gutxienez beste hilabete batzuetan.

Azkenik, normaltasunera itzultzeari buruz galdetzen denean, euskal gizartearen gehiengoak uste du oraindik denbora beharko dugula pandemiaren aurretik bezala bizitzeko. %39k uste du 2022an izango dela, eta %32k 2023an edo geroago.

 Informazio gehiago

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko