Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

"Basque Green Deal, industria iraunkorraren alde: Basque Circular Hub eta Basque Ecodesign Center " ekitaldi birtuala

2021-10-28

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko arduradunek bilera telematiko bat izan dute gaur goizean zenbait herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, BASQUE GREEN DEAL aurkezteko.

Bideokonferentzia bidez egin den bilera birtualean parte hartu dute Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeak eta Myriam Larroulet Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak, bai eta Alemania, Australia,  Kanada, Txile, Kolonbia, Hego Korea, Costa Rica, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Norvegia, Herbehereak, Portugal, Erresuma Batua eta Suediaren enbaxadetako ordezkariek.

Lan bilera horren izenburua “BASQUE GREEN DEAL, INDUSTRIA JASANGARRIAREN ALDE: BASQUE ZIRKULAR HUB ETA BASQUE ECODESIGN CENTER” izan da eta diplomatikoen kidegoari Euskadiko ingurumen-ildo nagusiak, helburuak eta erronka nagusiak aurkezteko balio izan du.

Basque Green Deal-ek (BGD) emisioak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuak jasotzen ditu, baina ez da esparru horietara mugatzen, eredu ekonomiko gisa sortzen baita industria eta teknologia bultzatzaile nagusi direla, eta, beraz, zientzia, teknologia, ekonomia zirkularra, industria, trantsizio energetikoa edo elikaduraren katea bera helburu berarekin lerrokatzen dira: bidezko garapen iraunkorrarekin. Europako Itun Berdearen printzipio nagusiekin bat datorren lan-ildo nagusietako bat Industria jasangarria sustatzea da, hiru apustu argi eginez: Ekonomia Zirkularraren Hub, Basque Ecodesign Center eta karbono-aztarna murrizteko tresna bat.

Basque Circular Hub Europako hegoaldeko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen lehen zentroa da (merkatu-prospektibako zerbitzuak, prestakuntza aurreratukoak, joerak aztertzekoak eta ekonomia zirkularraren esparruan ezagutza aditua sortzekoak ditu), eta IHOBE sozietate publikoak kudeatuko du. 2024an, 1200 profesional trebatuko ditu ekonomia zirkularrean, eta 1500 euskal enpresak erabiliko dituzte beren zerbitzuak. 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren helburuak betetzeko tresnetako bat da.

Basque Ecodisign Center ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren arloko aliantza publiko-pribatu garrantzitsuena da Estatuan eta 14 euskal enpresak, IHOBE sozietate publikoak, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sinatu dute. Hitzarmenak euskal industria-sektorea eskema jasangarriagoetarantz mobilizatzea dakar, Europako Itun Berdeak ezarritako estrategiarekin bat etorriz. Basque Ecodesign Center-eko enpresek 59.000 milioi euroko fakturazioa dute urtean, 148 mila laguni ematen diete lana eta 103 mila erakunde hornitzaile dituzte.

 Enpresen ingurumen-aztarna neurtzeko tresna berria: hitzarmen hau sinatzearekin batera, Basque Ecodesign Centerrek gida metodologiko bat eta tresna bat aurkeztu ditu, erakundeek beren Ingurumen Aztarna Korporatiboa kalkulatu ahal izan dezaten (neurri horrek aukera ematen du enpresaren jarduerekin lotutako ingurumen-prozesuak eta inpaktuak zehatz-mehatz ezagutzeko eta kuantifikatzeko, inpaktu-foku nagusiak identifikatzeko eta ingurumen-ikuspegitik hobetzeko aukerak definitzeko).

Gaur egin dena Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan azken urteotan Eusko Jaurlaritzako arduradunek eta diplomatikoen kidegoko ordezkariek egin ohi dituzten bilkuren egutegiaren barruan dago. Euskadiren plan eta ekimen estrategikoen berri ematen da bilkura horietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)