Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

Eustatek 210 estatistika-eragiketa proposatu ditu 2022rako, 21 milioi euroko kostuarekin

2021-10-27

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) 210 estatistika-eragiketa planteatzen ditu guztira 2022ko Urteko Estatistika Egitarauan, aurreko urtean baino bat gutxiago, 21 milioi euroko kostuarekin. 2022 Programaren proposamen hau Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen Estatistika Planak garatzeko eta gauzatzeko tresna da.

Horretarako, Euskal Estatistika Kontseiluak eta Euskal Estatistika Batzordeak, gaur, asteazkena, Eustatek aurkeztutako dekretu-proiektuaren aldeko txostena egin dute. Euskal Estatistika Kontseilua kide anitzeko organoa da, eta estatistiken organo ekoizleak eta gizarte-eragileak daude bertan ordezkatuta, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua buru dela.

Indarrean dagoen egungo planean, hau da, Eusko Legebiltzarrean lege bidez onartutako 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Planean aurreikusitako jarduerak garatzen ditu 2022ko Urteko Estatistika Programaren Proiektuak. Helburua estatistikako informazio-sistema bat ezartzea da, plan estrategiko publikoen diseinuari, ezarpenari eta ebaluazioari euskarria emango diena eta datuetan oinarritutako kudeaketa publikora egokituko dena, estatistika ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko ezinbestekoa dela uste baita.

Urteko Estatistika Egitarauaren Proiektuaren elementu nagusia 2022an egin beharreko estatistika-eragiketen 210 fitxak dira. Fitxa bakoitzak honako hauek biltzen ditu: helburu orokorrak, erakunde arduraduna, erakunde parte-hartzaileak, lurralde-eremua, emaitzak hedatzeko aldizkakotasuna, hedapen-egutegia, informazio-unitateak, informatzaileak eta aurrekontua.

2022ko programaren guztizko kostua 21 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino % 2,4 gehiago. Eustatek guztizko kostuaren % 74an parte hartzen du, ondoren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak % 6,6an eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak % 4,8an.

2022ko Urteko Programa honetan jasotako 210 estatistika-eragiketetatik, Eustat 114 eragiketez arduratzen da, eta sailek honela banatzen dute:

  • Ekonomiaren Garapena, Iraunkortasuna eta Ingurumena: 31 eragiketa
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 13 eragiketa
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 10 eragiketa
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 9 eragiketa
  • Osasuna: 8 eragiketa
  • Lana eta enplegua: 6 eragiketa
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 6 eragiketa
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 5 eragiketa
  • Ekonomia eta Ogasuna: 4 eragiketa
  • Segurtasuna: 4 eragiketa

 Hiru foru-aldundiak ere ageri dira parte-hartzaile gisa.

Gaikako arloen arabera, kostu handiena duena Demografia eta gizarte-ohiturak da, 2021eko Programaren % 13,2; ondoren, Estatistika Azpiegitura ( % 11,8) eta Kontu Ekonomikoak ( % 11,3) datoz. Hedapen-aldizkakotasunaren arabera, 170 estatistika-eragiketa egiturazkoak dira (urtean behin edo gehiagotan egiten dira, horietatik 95 urtean behin), 25 koiunturazkoak dira (urtean behin baino gutxiagotan zabaltzen dira) eta 15 noizbehinkakoak edo irregularrak dira.

Hori egiteko, 70 estatistika-eragiketatako administrazio-informazioa erabiltzen da datu-iturri gisa, eta beste 50 eragiketatan informazio osagarri edo misto gisa gehitzen da iturri gisa.

Hurrengo laurtekoari begira, 2023-2026 Euskal Estatistika Plana egiteko lehen urratsa eman da gaur. Horretarako, Euskal Estatistika Kontseiluak Koordinazio Taldea eratu du plan berri hau egiteko. Koordinazio Talde hori, aldi berean, azterlanerako gaikako 6 azpitaldek osatuko lukete, eta Euskal Estatistika Kontseiluan zuzenean parte hartzen ez duten beste erakunde batzuk gonbidatuko lirateke talde horretara.

Lantalde horiek sortzeak aukera ematen die Euskal Estatistika Antolakundeko kide guztiei eta gizarte-eragileei Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu behar zaion Planaren Legearen Aurreproiektuan sartu beharreko estatistika-informazioari buruzko hausnarketan parte hartzeko eta parte hartzen laguntzeko.

Eusko Legebiltzarrean lege bidez onartzen den Euskal Estatistika Planaren oinarrizko eta funtsezko helburua estatistika-jarduera planifikatzea eta sistematizatzea da. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da hori, eta Eustatek egiten du kasu bakoitzean hartzen duen aldian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko