Berriak
Eu

Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak EHUren Udako XXX. Ikastaroetan parte hartu du

2011.eko irailak 12

Ikastaroa 'Merkataritza-jarduera berriak eta kontsumitzaileak babestea (X)' (Donostian, 2011ko irailaren 7an eta 8an).

 

Kontsumobidek (Kontsumoko Euskal Institutua) "Merkataritza-jarduera berriak eta kontsumitzaileak babestea (X)" ikastaroan hartu du parte. Kontsumobide erakunde autonomoa da eta irailaren 1ean jarri da abian aurreko Kontsumo Zuzendaritzaren ordez.

Ikastaroa irailaren 7an eta 8an egin da Donostian, eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du Kotsumobideren laguntzarekin, EHUren Udako XXX. Ikastaroen barruan.

Ikastaroaren egitarauaren arabera, merkataritza-jarduera berriak ugaritzearekin kontsumitzaileak izaten dituen arazo nagusiei buruz aritu dira (kontsumitzaileak erakartzeko amuak, jazarpen-jardunak, ezkutukoak eta abar), eta kontsumitzaileek jardun horietatik babesteko zer baliabide dituzten adierazi da.

Ikastaroan, zenbait aditu, akademiko eta profesionalekin batera, Ana Collía aurreko Kontsumoko zuzendariak, eta irailaren 9tik aurrera, Kontsumobideko zuzendari izango denak ere hartu du parte. Collíak adierazi du egia dela kontsumitzailearenganako jazarpeneko taktika oldarkorrak geroz eta ohikoagoak bihurtzen ari direla, hainbesteraino, non askotan alta ematen diguten zenbait zerbitzutan guk benetan baimena eman diegula kontziente izan gabe. Alde horretatik, zuzendariak azpimarratu du Kontsumobide kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko eta babesteko sortu dela, haiei informazioa emateko, erreklamazioetan, bitartekaritzan, arbitrajean eta abar laguntzeko.

Collíak adierazi duenez jazarpen-jardute horiek "benetako espezialistek" egin ohi dituzte, eta bereziki zenbait merkaturi eragiten diete, hala nola telefoniari, elektrizitateari, gasari, urari eta abar. Izan ere, berriki liberalizatu dira, eta enpresa horiek "produktu eta merkatu berriekin ari dira etengabeko lehian".

Eusko Jaurlaritzak bildu dituen datuen arabera, urtearen lehen erdian, kontsumoaren alorreko 12.061 kexa aurkeztu dituzte EAEn, 2010eko aldi berean erregistratutakoak baino % 12,29 gehiago (orduan 10.741 izan ziren). Erreklamazio horietako askok, hain zuzen ere, merkataritza-jarduera oldarkorrak izaten ari diren gorakadarekin dute zerikusia, zehazki, telefono bidez egiten direnekin.

Collíak nabarmendu du oso garrantzitsua dela edozer dokumentu sinatu aurretik ondo irakurtzea, eta nahitaezkoa dela ziur ez gauden zerbitzuak saltzen saiatzen direnean EZ esateko behar besteko adorea izatea. Alferrik izaten baita zerbitzu jakin bat jasotzeko enpresa batek erabiltzailearen baimena jasotzen duen grabazio bat edo dokumentu sinatu bat aurkezten duenean enpresaren aurka egitea.

 

Informazio gehiago:

- Kontsumobide irailaren 1ean jarri da abian

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan