Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2021/10/29)

2021-10-29

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Jaurlaritzaren aurrekontuari buruz.

Urkullu lehendakariak nabarmendu du, aurten eta datorren urtean ere, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusia dela gizarte-politikak indartzea eta euskal ekonomia suspertzea. “Hori helburu batekin: galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta langabezia-tasa % 10etik behera jaistea”, gaineratu du. Horretarako, Jaurlaritzak historiako aurrekonturik handiena izango dugu: 13.108 milioi euro.

Zentzu honetan, gaur Legebiltzarrak jaso duen Aurrekontu proiektuaren lehentasunak azaldu ditu. Lehenik eta behin, gizarte-politikak, 10 eurotik ia 8k norabide hau izango dute; bereziki Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte-babesa lehenetsiz. Bigarren lehentasuna, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzen laguntzea dela esan du eta horretarako inbertsio publikoa % 50 handituko dela, lehen aldiz, 1.600 milioi euro izango dituelarik.

Lehendakariak adierazi du, nahiz eta gehiengo osoa izan, Jaurlaritzaren konpromisoa oposizioko talde guztiekin negoziazio prozesu bat irekitzea dela. “Prest gaude ekarpenak aztertzeko eta hobetzeko”, esan du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren legeari buruz.

Iñigo Urkulluk azaldu du Eusko Jaurlaritzak ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen lagunduko duen aurrekontu hedakorraren aldeko apustua egiten duela. “Inoiz egin dugun apusturik sendoena dela esango dizut eta, are gehiago, ez da izango bakarrik 2022garren urterako, hamarkada osorako apustua izango da”, esan du.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua euskal ekonomia ehunaren eraldaketa-prozesuari indar guztiarekin ekitea dela, “ez da nahikoa pandemia aurreko egoerara itzultzea, gure ekonomia- eta garapen-eredua eraldatu behar dugu”, adierazi du. Hori horrela, esan du teknologikoagoa izateko ikerketa eta garapeneko inbertsioa bultzatzen jarraituko dutela eta, datorren urtean, aurrekontu publikoa ia % 10 handituko da; berdeagoa izateko trantsizio energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten inbertsio eta programak lehenetsiko dira; eta gizarte politikak bermatzeko aurrekontuaren ia % 80 helburu honetara bideratuko da.

Hori horrela, Lehendakari prest agertu da entzuteko, zuen ekarpenak jasotzeko eta, errealitatearen eta eskumenen printzipioaren barruan badaude, sartzeko, hamarkada honetan Euskadiren ekonomia eta gizartea suspertzeko funtsezko aurrekontua indartzeko. “Denbora dugu eta prest gaude. Atea zabalik dago”, gehitu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Bildurekin euskal gizartearentzat funtsezkoak diren gaiak negoziatzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzak, legebiltzarreko taldeekin negoziatzeko eta akordioak bilatzeko orduan, ez duela, talde bat besteen gainetik lehenesten. “Gizartearen etorkizunerako funtsezkoak diren gaietan, akordioak sustatzea eta zabaltzea da gure nahia”, nabarmendu du. Gainera, esan du akordioak lortzeko lehentasuna ez duela Jaurlaritzak zehazten, gehiengo osoa baitu, talde bakoitzaren borondateak eta praktikak baizik. “Oposizioko taldeei, baita Alderdi Popularrari ere, eskua luzatzen dizuet negoziazio bat irekitzeko. Akordioak zenbat eta zabalagoak izan, orduan eta onura handiagoa lortuko dugu gizarte osoarentzat“, adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ETAren porrotaren hamargarren urteurrenaren aurretik PSEk Sorturekin Aieteko adierazpena egiteko asmoa zuela jakin ondoren lehendakariaren kabinetea osatzen duten alderdien artean dagoen harremanari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Gobernu Kontseiluaren barruko harremanak osasuntsuak direla, eta desadostasunak daudenean, elkarrizketarako, konponbideak bilatzeko eta akordioak lortzeko mekanismoek ondo funtzionatzen dutela. Horrela, Gobernu Kontseilua osatzen dutenen eta berau babesten duten talde parlamentarioen arteko harreman onaren hiru froga zehatz eskaini ditu: Gobernu Programa betetzea; urriaren 19an onartutako Adierazpena, ETAren indarkeriaren amaieraren hamargarren urteurrenaren esanahiari buruzko adostasun sendoa islatzen duena; eta joan den ostegunean Legebiltzarrean hartutako akordioa, iraganari buruzko memoria kritikoaren arloan oinarrizkotzat jotzen dutenarekin bat datorrela berresten duena.

“Harremanaren alderdi garrantzitsuena emaitza praktikoa da, eta egia esan, euskal gizartearen aurrean konprometituta gauden Gobernu Programa betetzen jarraitzen dugu”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)