Berriak Lehendakaritza

Carme Pinós arkitektoaren sormen prozesuek Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala inauguratu dute

2021-10-27
  • Gaur goizean, ‘Estudio Carme Pinós - Testuingurua eta kontzeptuak' aurkeztu da Euskadiko Arkitektura Institutuan, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Iñaki Arriola sailburuaren eskutik.
  • Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren erakusketa nagusiak Pinósen estudioaren sormenaren garapenean sakontzen du, bere sei proiekturen bidez.
  • Erakusketa bihartik otsailaren 27ra bitartean egongo da zabalik, eta doan izango da, ia ehunera iristen diren gainerako jarduerak bezalaxe.
  • Biurtekoaren hirugarren edizioa gaur arratsaldean inauguratuko da, arkitektoarekin berarekin publikoari irekia izango den solasaldi batean.

 

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak edizio honetako erakusketa nagusia aurkeztu du gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan, ‘Estudio Carme Pinós – Testuingurua eta kontzeptuak’. Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, José Ángel Medina aurtengo komisarioak eta Carme Pinós berak inauguratu dute erakusketa.

Arkitekto katalanaren estudioaren garapen sortzailea ardatz hartuta, Mugak/-en edizio berri honetako erakusketa nagusiak hasierako ideia sortzaileetatik edo zirriborroetatik enkargu bakoitzaren eraikuntza-prozesura arteko ibilbidea azaltzen du. Pinós nazioarteko arkitektura-estudio baten buru den emakume bakarrenetakoa da. Bere proiektuen artean, Zaragozako CaixaForum, Bartzelonako Boqueria merkatuaren atzealdeko fatxada, Bartzelonako Massana eskola, Austriako Vienna University of Economics and Business eraikina edo Guadalajarako (Mexiko) Cube I eta Cube II bulego-dorreak daude.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "Mugak/ arkitekturara hurbiltzeko eta gure bizimoduan eta bizikidetzan duen eragina hobeto ulertzeko gonbidapena da, eta Carme Pinósek ahalegin hori egiten laguntzen du bere esperientzia profesionaletik, arkitekto gisa egiten duen lana ikerketarekin eta irakaskuntzarekin uztartu baitu". “Pinósek bere talentuaren zati bat babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzan inbertitu du, eta horretan dihardu gure Sailak, arkitektura pertsona guztien zerbitzura jartzen denean bere adierazpenik gorenena lortzen duela sinetsita”, azpimarratu du Iñaki Arriola sailburuak.

Pinósek azaldu duenez, bere sormen-prozesua “testuinguruaren irakurketa zainduan oinarritzen da beti, bai maila fisikoan, bai kulturalean, eta baita proiektuaren eskakizunak ulertzean ere, bere funtzionaltasuna konpontzeaz gain, hortik haratagoko bizipenak sortzeko borondatearekin”. Kaligrafia propiorik ez izan arren, badago sei kontzeptutan islatzen den filosofia komun bat, erakusketa egituratzen duena. “Horietako bakoitzarentzat hainbat lan biltzen ditugu, azaltzeko eta agerian uzteko, eta, ondoren, krokis, plano, maketa eta irudien bidez, horietako baten garapen sortzaile guztia zabaltzen dugu”, gaineratu du.

Guztira, 240 argazki, 70 plano, 64 krokis, 62 maketa, 46 eskema eta bestelako pieza eta objektuen hainbat diseinu daude erakusketan, hala nola baldosak edo poltsak, baita gatzontzi bat ere. Inbentario zerrenda luze batekin, Estudioak erakusketa “oso zintzo” bat sortu nahi izan du arkitektura egiteko modu guztia modu irekian, maskararik gabe erakusteko. Alde horretatik, eraikitzen ari diren lanen krokis, zirriborro eta argazki asko argitaratu gabeak dira. Gainera, erakusketan hainbat diseinu daude, besteak beste, ‘Objects’ bildumako altzariak, bai eta hainbat bezerorentzat sortutako aparteko piezak ere, hala nola lorontziak, apalategiak edo idazmahaiak. ‘Estudioa Carme Pinós - Testuingurua eta kontzeptuak' bihartik aurrera, urriak 28, 2022ko otsailaren 27ra arte egongo da zabalik.

Mugak/ 2021en inaugurazio ofiziala gaur arratsaldean izango da Donostiako Antzoki Zaharrean, Carme Pinós eta Medinaren beraren arteko solasaldi batekin, eta aurtengo leloari, ‘Ondarea eta modernitatea’-ri, buruzko lehen hurbilketa izango da. Doako izen-ematea herritar guztientzat dago zabalik Donostia Kulturaren webgunean.

Ikuspegi askotatik arkitekturan murgiltzeko hilabete bat

Biurtekoa azaro osoan zehar luzatuko da, egunero hainbat jarduerarekin. Hain zuzen ere, bihar, urriak 28, ‘Peña Ganchegui Saria 2021 Euskal Arkitektura Gazteari' erakusketa inauguratuko da, Peña Ganchegui Artxiboak antolatua. Santa Maria Basilikaren kanpoaldean dago, Donostiako Alde Zaharrean, eta Euskal Arkitektura Gazteari Peña Ganchegui Sariaren irabazleak (Ocamica Tudanca Arquitectos estudioa) eta aurtengo hiru aipamen bereziak (Jonander Agirre, Alex Etxeberria eta Eloi Landia eta Guillermo Avanziniren lanak) izango ditu protagonista. Instalazioa 2019ko irabazleek diseinatu dute, Ane Arce eta Iñigo Berasateguik osatutako tandemak. Horrez gain, arratsaldean, Iñigo Ocamicak eta Iñigo Tudancak ‘Baldintzek sortutako abaguneak' saioan parte hartuko dute Euskadiko Arkitektura Institutuan, lanbideko lehen urteetan izandako esperientziei buruzko hitzaldi batean.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolaturiko beste erakusketa bat ostiralean, urriaren 29an, aurkeztuko da: ‘Arantzazu 70 urte’. Donostiako D’Museoan izango da datorren hilabete osoan zehar. Gipuzkoako XX. mendeko multzo artistiko adierazgarrienetako bat den Arantzazuko Andre Mariaren Basilikako lanak hasi eta 70 urte bete direnean egin da erakusketa. Arkitektura obra honen motore gisa balioesteko, Luis Laorga eta Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoen figura nabarmentzen da, 1950ean lehiaketaren irabazleak izan baitziren. Euskadiko Arkitektura Institutuan egingo den mahai-inguru batek osatuko du aurkezpena ostiral arratsaldean, eta, besteak beste, honako hauek hartuko dute parte: María Luisa Sáenz Guerra, arkitektoa eta Francisco Sáenz de Oizaren alabak, eta Enrique Arenas Laorga, arkitektoa eta Luis Laorgaren bilobak.

Publiko guztiarentzako tailerrak 

Asteburuan herritarrek lanari ekingo diote. 30ean eta 31n, Espacio Reflexek eta MIDOMO kolektiboak antolatutako ‘Kupulak’ izeneko bi tailerren lehenengoa izango da. Parte-hartzaileei beren domoa, zurezko kupula bat, eraikitzen irakastea helburu duten jarduerak dira. Lehenengo deialdia San Telmo museoan egingo da, eta 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Hurbilketa teoriko baten ondoren, domo bat eraikiko dute eraikineko klaustroan.

6 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familiek ere hitzordua dute asteburu honetan. Larunbat goizean, Maushausek Euskadiko Arkitektura Institutuan emango duen ‘Marraketak’ tailerraren txanda izango da. Mugak/ -en erakusketa nagusia abiapuntu hartuta, obra hurbilduko du eta bertaratutakoen begirada Carme Pinósen sentiberatasun tipografiko berezira zabalduko du jolasaren bidez.

Zinea eta hiria

Larunbat goizean, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Andres Hispano ikus-entzunezko errealizadore, komisario artistiko eta irakasleak "Beste lekuak' hitzaldia eskainiko du. Zinemak eta telebistak hirien mitifikazioan duten papera aurkeztuko da, egungo munduaren hiperboletik (Trumanen show-a edo Eduardo Manostijeras) idealizazio iritsiezineraino (Avatarren bezala) doazen adibideen bidez. Hitzaldia, Espacio Reflexek antolatuta, Coloradoko domo metaliko batzuetan bizi zen komunitate bati buruzko 'Drop city' filmaren proiekzioarekin osatuko da.

Mugak/ 2021en jarduera guztiak doakoak dira. Programazioaren informazio, data eta ordutegi guztiak www.bienalmugak.eus -en kontsulta daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak