Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Zabaleta: "Diru sarrerak bermatzeko errentaren lege berriari esker prestazioetan ez da iruzur gehiagorik izango

2011.eko irailak 12

PSE eta PP talde parlamentarioek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legeari buruzko hasierako akordioa lortu dute

DBEa eskuratu nahi dutenek, Euskadin erroldatuta hiru urte baino gutxiago badaramate, Estatuan gutxienez bost urteko lan-bizitzaren historia egiaztatu beharko dute. Hartzaile bati ahalbidearen araberako lan-eskaintza egoki bat egin eta uko egiten badio, prestazioa kendu egingo zaio. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak gaur goizean iragarri duenez, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko hasierako akordio bat lortu dute; Eusko Legebiltzarrak onartutakoan, aldaketaren ondorioz Lanbidek kudeatuko ditu gizarte-prestazio horiek.

“Euskadiren autogobernuaren historian garrantzi handiko gertaera da; izan ere, prestazioetan iruzur gehiago ez izateko lagungarri izango baita”, esan du Zabaletak. PSE eta PP talde parlamentarioek Diru-sarrerak Bermatzeko egungo Legea aldatzeko hasierako akordioa lortu dute eta Enplegu eta Gizarte Gaietako titularrak akordio horren berri eman du. “Itun hori oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak ekin dion bidean, hau da, gizarte-prestazioen banaketa iraunkorragoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa lortzeko bidean”, nabarmendu du Zabaletak.

“Elkarrizketa euskal herritarren intereserako tresnarik onena dela adierazten du, berriz ere, adostasun horrek”. Zabaletak esan duenez, “ez ditugu eskubideak murriztuko; aitzitik, sistema bidezkoagoa sortuko dugu, euskaldunon elkartasunak ezin baitu dena ordaindu”.

Adostutako aldaketari esker, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) prestazioa enpleguarekin lotu ahal izango da; izan ere, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren mendeko prestazioa izango da urtarriletik aurrera. “Orduan abiaraziko dira iruzurra kontrolatu eta geldiarazteko neurriak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren lehentasun nagusietako bat diren aldetik”, adierazi du sailburuak.

Itundutako ekarpenen helburua DBEa enpleguarekin lotzea da, prestazioa gehiago kontrolatu ahal izateko; izan ere, orain arte hiru administraziok parte hartzen zuten prozesuan eta hemendik aurrera bakarra izango da. Gainera, hartzaileei konpromisoa eskatuko zaie eta ezkutuko ekonomiaren kontrako neurria izango da. Zabaletak azaldu duenez, legean hainbat aldaketa txertatu nahi dira irizpideei dagokienez, “premia handiena dutenei bideratutako baliabide horien banaketan are bidezkoagoak izateko” asmoz.

Hona hemen hartuko diren hainbat neurri: 1. DBEa eskuratu nahi dutenek eta Euskadin erroldatuta hiru urte baino gutxiago daramatenek laguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak bete beharko dituzte eta, horretaz gain, lan-bilaketan aktibo izateko konpromisoa agertu beharko dute, alegia, Estatuan gutxienez bost urteko lan-bizitzaren historia egiaztatu beharko dute. 2. DBEaren onuradunek ere gizartearen garapenari lagundu beharko diote, ahal duten neurrian. Horretarako, DBEa eskuratzeko eskubidea egiaztatzen dutenak ez badira lanean ari edo ez badaude prestakuntza-programetan sartuta lan-merkaturako trebakuntza optimizatzearren, lan sozialetan jardun beharko dute. Ezohiko lankidetza horren helburua gizarteratzen laguntzea da eta boluntarioen elkarteekin eta GKEekin hitzarmenak eginez gauzatuko da. 3. Inork ezin izango dio enplegu egoki bati uko egin, eta are gutxiago DBEa jasotzen ari bada. Hori dela-eta, prestazioa kenduko zaie lan-eskaintza egoki bati, bakoitzaren ahalbidearen araberako eskaintza bati uko egiten dieten hartzaileei. 4. Soldata txikiak dituzten hainbat langileren kasuan, DBEa soldaten osagarri izaten da; kasu horietan, lan-kontratu bat aurkeztu beharko dute hori guztia egiaztatzeko.

Zigorrak ezarriko zaizkie lan-kontraturik sinatu gabe langileak kontratatzen dituzten enplegu-emaileei. Neurri horrekin batera, Lan Ikuskaritzaren plan bat ere abiaraziko da. ”Gizarte-laguntza horiek arautzen dituen legean aldaketa horiek aplikatuz gero, Euskadi Estatuko buru izango da gizarte-babesaren arloan” nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Gaietako titularrak. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, Espainiako errenta-titular guztien % 38 eta gastuaren % 40 baino gehiago metatzen da, eta pobrezia-arriskuan dauden espainiarren % 2,4.

“Babes-sistemak sarbidea izan behar du, baina baita irtenbidea ere. Eta DBEak ere premisa horrekin bat etorri behar du”, defendatu du Zabaletak. “Egungo legeari egindako ekarpen berri horiei esker argi geratuko da DBEa ez dela sartu eta bertan geratzeko lekua.

Enplegua galduz gero, azken babesleku izan beharko luke”. Euskadin, prestazio bakoitzaren batez besteko zenbatekoa 374 euro da eta Estatu osoan 22 euro baino ez da. Soilik Nafarroa hurbiltzen da EAEren mailara, etxekoen unitate bakoitzeko gutxieneko errentan egindako batez besteko gastua 238 euro izanik. Izan ere, Euskadin estaldura-maila % 120ra iristen da. Lanbide urtarrilean hasiko da prestazioa kudeatzean baina gaia ongi ezagutzen du; izan ere, 2010eko ekainaz geroztik, DBEaren hartzaileak aktibatzeko plan pilotu bat abian du EAEko zortzi udalerritan. Araban, Amurrion eta Agurainen; Gipuzkoan Elgoibarren, Lasarte-Orian eta Irunen; eta Bizkaian Basaurin, Erandion eta Portugaleten.

Urtebeteko epean, programa horri esker 2.412 pertsona aktibatu dira enplegurako. Hamabi hilabeteko tarte horretan guztira 4.317 espediente kudeatu dira. Espediente bakoitzean, batez beste, bi pertsona sartzen dira.

2 iruzkin
  • @jcmelero
    2011.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    Avanza la nueva ley vasca para actualizar la Renta de Garantía de Ingresos: http://t.co/E8v2Yao Requerirá atención.

  • @lanbideejgv
    2011.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Zabaleta: "La nueva ley de RGI terminará con los casos de fraude en las prestaciones". http://t.co/3FJBUNu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)