Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskadiko Programak 10. urteurrena ospatu du, ‘#Babesgara’ lemapean

2021-10-27
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila da programaren buru, haren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzaren bidez, eta CEAR-Euskadik kudeatzen du.
  • Hamarkada honetan, 30 defendatzaile hartu dira Euskadin, Kolonbiatik, Perutik, Hondurasetik, Guatemalatik eta Mendebaldeko Saharatik etorriak.
  • Mary Lawlor Nazio Batuetako errelatore bereziak, beste defendatzaile batzuekin batera, EiTBk Bilbon duen Multibox aretoan antolatutako ekitaldian parte hartu du

Babes Gara lemapean, gaur arratsaldean, EiTBren Multibox aretoan, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskadiko Programaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia izan da. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila da programaren buru, haren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzaren bidez, eta CEAR-Euskadik kudeatzen du.    

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan da ekitaldiko buru, eta hamarkada honetan programan parte hartu duten 30 pertsonentzako (18 emakume, haien kargura egon diren 3 adingabe eta 9 gizon) esker ona eta errespetua adierazteko hitzak esan ditu.

“Haien lanaren berri ematea, haien bizitzak babestea eta mundu hau guztiontzako bidezkoagoa eta hobea izateko ahalegina aintzatestea Eusko Jaurlaritzak duen konpromiso irmoa da, eta, bereziki, ohore handiz zuzentzen dudan Sailarena”, esan du Artolazabalek. “Hitz hauen bidez, nire errespetu osoa, esker ona eta aintzatespena adierazi nahi dizkizuet”, esan die defendatzaileei.

Ospakizun-ekitaldian, halaber, Mary Lawlor giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Nazio Batuen errelatore berezia ere izan da. Lawlorrek nabarmendu du nolako garrantzia duen aldi baterako birkokapenerako horrelako programak izatea; izan ere, askotan, “babes-mekanismo nazionalak desegokiak dira defendatzaileek aurrez aurre izaten dituzten premiazko egoeretarako; gainera, askok ez dituzte generoaren ikuspegia jasotzen edo ez dira LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek bizi dituzten egoeretara egokitzen, erasoak jasaten baitituzte botere zisheteronormatiboaren egiturei aurre egiteagatik”.

Nola ez, giza eskubideen defendatzaileen beraien ahotsa ere izan da. Ekitaldian, programatik igaro diren Kolonbiako hiru pertsonak parte hartu dute: Danelly Estupiñán, Proceso de Comunidades Negras-ekoa (PCN); Deyanira Soscué, Cerro Tijeras kabildo indigenakoa, eta Fabián Torres, Congreso de los Pueblos mugimendukoa eta Colectivo Maloka-koa. Guztiek aipatu dute programa “nazioarteko elkartasun-tresna” dela, “afrikar jatorriko herrien, herri indigenen eta nekazarien herrien eta hiri-sektoreen erresistentzia sendotzen duena”.  Halaber, aldi baterako babesa bizitza zaintzeko estrategia gisa zer garrantzitsua den nabarmendu dute, eta programaren erdigunean hartan parte hartzen duten herri guztien “kultura-identitatearen errespetua” jartzeak duen balioa nabarmendu dute, “gure borroken bozgorailua baita”.

30 defendatzaile hartu dira 10 urtean

Programaren helburua da haien jatorrizko herrialdeetan bizitza eta justizia soziala defendatzeagatik beren bizitza edo osotasun fisikoa mehatxupean duten giza eskubideen defendatzaileak babestea, eta, horretarako, Euskadin harrera egitea, sei hilez. Hemengo egonaldiari esker, atseden har dezakete eta beren burua zaindu, indarkeria politikoaren eraginak kontuan hartuta, fisikoki eta emozionalki berriro indarra hartzeko.

Denbora horretan, agenda politikoa garatzen dute, zenbait instituzio publiko eta erakunde sozialekin, laguntzeko nazioarteko sareak zabaldu eta sendotzeko. Sare horiek, praktikan, babesle-lanak egiten dituzte, itzulera segurtasun-baldintza hobeetan egiten laguntzeko eta giza eskubideen defentsan lan egiten jarraitzen laguntzeko.

Leire Lasa CEAR-Euskadikoak programaren 10 urteen balioa nabarmendu du: “Guretzat, hamargarren urteurren hau haien borrokak aintzatesteko eta bihotzez esker onak emateko ekitaldia da; aretoan lagun ditugunentzako, haien lurraldeetatik lagun ditugunentzako, hamar urteotan ezagutu ditugunentzako eta, bereziki, gureak ere badiren eskubide horiek defendatzeagatik erail eta desagerrarazi dituztenentzako omenaldia”.

Eta honako hau esan du: “Programaren bidez lagun defendatzaileak etenaldia egiteko eskubidea legitimotzat hartzeko moduan sentitzen badira, beren bizitzen zaintza ekintza politikoaren erdigunean jartzeko edo atseden hartzeko eskubidea dutela sentitzen badute, badugu zer ospatu beraiekin”. 

Hamar urteotan, 30 pertsonari egin zaie harrera (9 gizon, 18 emakume eta haien kargura izan diren 3 adingabe). Kolonbia, Peru, Honduras, Guatemala eta Mendebaldeko Sahara izan dira beren jatorrizko herrialdeak. Denbora horretan, Euskadiko 11 erakundek parte hartu dute laguntza-sarea delakoan. Programara aurkezteko, hemengo egonaldian laguntzeko eta itzuleran haien egoerei jarraitutasuna emateko ardura dute.

#Babesgara

#BabesGara lemapean eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen egoerari buruz sentsibilizatzeko, bideo bat aurkeztu da eta, hartan, programan parte hartu duten lau emakume defendatzaileren lekukotzak batzen dira.

Bideoa HEMEN ikus dezakezu: https://www.youtube.com/watch?v=dU7q6whCb9I

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Mary Lawlor, Nazio Batuetako kontalari berezia