Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana onartu du

2021-10-26
  • Gaur onartu den 2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Planak 15 ekimen enblematiko hartzen ditu barne, helburu hauek lortzeari begira: klima-neutraltasunaren bidean aurrera egitea 2050erako; lurraldea hobeto egokitzea klima-aldaketaren ondorioetara; eta klima-ekintzaren eta trantsizio energetikoaren zeharkakotasuna politika guztietan bultzatzea 
  • Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, 305 milioi euro bideratuko ditu ekintza horiek finantzatzera 

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur 2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Planari, isuriak murrizteko, energia berriztagarriak indartzeko eta lurraldea klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko helburuak betetzeko xedez; plan hau Euskadiko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko lehenengo Legearen aurreko urrats gisa onartzen da, lege hori tramitazio-prozesuan baitago gaur egun. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 2024. urtea horizontetzat hartuta gaur onartu duen Planak % 30 murriztu nahi ditu berotegi-efektuko gasen isurketak; energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea lortu nahi du; eta euskal lurraldearen erresilientzia segurtatu nahi du klima-aldaketaren aurrean. 

Planak lehentasunezko jarduera-eremuak identifikatzen ditu, gai hauei dagokienez: alde batetik, berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea, efizientzia energetikoa, ekonomia zirkularra eta hiri-berroneratzea bilatuz eta eredu energetiko berri bat bultzatuz, energia berriztagarrien aprobetxamendua eta karbono-hustubideen rola oinarritzat hartuta. 

Beste alde batetik, klima-aldaketara egokitzeko jarduerak ere aurreikusten ditu, lehen sektorea, ingurune naturala, kostaldea eta baliabide hidrikoak inplikatuz, beste batzuen artean. Gainera, sektore batzuek herritarren erresilientzia handitzerakoan duten garrantzia nabarmentzen du, hala nola lurraldearen antolamendua eta hirigintza, baita funtsezko azpiegituren egoera eta kudeaketa ere. 

Halaber, azpimarratu behar da Plan honek arriskuak prebenitzeko eta berauek gertatu aurretik jarduteko duen garrantzia, muturreko egoeren aurrean alerta-sistema on bat izateari begira, egoera horiei aurreko egiteko baliabide nahikoekin. Horregatik, larrialdiak indartzeko beharra, babes zibila eta osasun-sistema funtsezko elementu gisa ezartzen dira dokumentu honetan.  

Plana hiru ardatz nagusitan egituratzen da, neutraltasuna, lurraldearen erresilientzia eta klima-ekintzaren eta trantsizio energetikoaren zeharkakotasuna lortzera zuzenduak; halaber, bederatzi jarduketa-ildo ditu, 15 ekimen enblematiko jasotzen dituztenak lan-eremu espezifikotan, hala nola energia berriztagarriak, hiri-berroneratzea edo ekonomia zirkularra; zenbait sektoretan, hala nola industria, lehen sektorea edo larrialdiak; eta zeharkakoak eta beharrezkoak diren eremuetan, hala nola berrikuntza edo bidezko trantsizioa. 

2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana garatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 305 milioi euro bideratuko ditu. 

Plan honen barruan gauzatuko diren jarduketa konkretuen adibide batzuk honako hauek dira:

  • Energia berriztagarrien plangintzaren kudeaketa eta jarraipena; BIMEPen saiakuntza-eremua handitzea.
  • Itsas energia eolikoaren alorreko proiektuak sustatzea, EEEren urteko laguntza-programaren bitartez.
  • Energia sortzeko herritarren kooperatiben sorrera bultzatzea, EKIOLAren bitartez.
  • Hidrogeno berdea ekoizteko lehenengo proiektuak bultzatzea.
  • Mugikortasun jasangarriaren sustapena eta garraiabide efizienteagoen erabilera.
  • Inguratzaile termikoa eta lehendik dauden eraikinetako instalazioak birgaitzeko inbertsioetarako laguntza-programen bidez sustatzea.
  • Ekonomia zirkularraren alorreko bide-orriak garatzea.
  • Xurgatze-proiektuak sustatzea, laguntza-programak garatuz eta bideratuz, Euskadiko hustubideen ahalmena handitzeko.
  • Itsasertzeko Lurralde Plan Sektoriala (LPS) eguneratzea, klima-aldaketaren agertokiak barne sartuz.
  • Naturan oinarritutako irtenbideen katalogo bat egitea, eskala desberdinetan, Euskadiko klima-mehatxu nagusiei erantzutera zuzenduta.
  • Klima-berrikuntzako proiektuak eta egokitzeko eta arintzeko proiektuak udal eta eskualde mailan garatzeko laguntzen deialdia.
  • Euskadiko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea onartzea, gaur egun tramitazio-prozesuan baitago.
  • Toki administrazioko eraikin publikoetako, argiteria publikoko eta ibilgailu-parkeko jasangarritasun-jarduketei laguntzea. 

15 ekimen enblematiko 

2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana tresna aurrendari bat da; beraren bitartez, Euskadik indartu egiten du nazioartean hartutako helburuak lortzearekin hartuta duen konpromisoa, klima-aldaketaren oraingo abiadura murrizten laguntzeko eta haren ondorioen aurrean erantzuteko ahalmena handitzeko, ondorio horiek jadanik agerikoak baitira zenbait alorretan. Identifikatu da Europako hegoaldea eremu kalteberenetako bat dela, eta, hortaz, Euskadik klimaren aldeko ekintza kokatu du bere ardatz nagusien artean. 

Planean jasotako 15 ekimen enblematikoek helburu hauek ezartzen dituzte: lurraldearen antolamendu eredugarria lortzea energia berriztagarrien garapenerako; Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzea energia ozeanikoetan; Euskal industria lehorreko eta itsasoko azpiegituren garapen teknologikoaren abangoardian jartzea; eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzearen alde egitea, etorkizun elektriko eta berriztagarri baten aurrean; eta hidrogenoa ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko ekosistema bat Euskadin sortzea. 

Beste ekimen batzuk honako hauek dira: mugikortasun jasangarria, energia- eta ingurumen-konpromisoei datozen urteetan erantzuna emango dien garraio-eredu bat ezarriz; eraikinen birgaitze energetikoa bultzatzea; berotegi-efektuko gasen isurketak ekonomia zirkularraren bidez murriztea; karbono-hustubideen ahalmena handitzea, zeren funtsezko pieza baita klima-neutraltasunerako; eta klima-aldaketaren aurrean erresilientea den euskal Natura 2000 Sare bat eraikitzea, karbono-hustubide gisa jokatzen duen rola indartuz. 

Azkenik, kostaldeko udalerri eta azpiegiturak hobeto prestatu nahi dira klima-aldaketaren erronkarako; naturan oinarritutako irtenbideak hedatu nahi dira, udalerrien erresilientziaren berrikuntza-iturri gisa; lortu nahi da herritarrak prestatuta egotea klima-aldaketara egokitzeko eta bidezko trantsizio energetikorako; trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko lege bat garatu nahi da, Euskadi oraingo arau-testuingurura egokituta dauden lehenengo eskualdeen artean kokatzeko eta klimatikoki neutroa eta klima-aldaketaren aurrean erresilientea den lurralde bat izatea lortzeko, bidezko trantsizio bat gauzatuz; eta lortzea administrazio publikoa eredugarria izatea euskal gizartearen trantsizio energetikorako eta erreslientziarako.  

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

 

 

 

 

2 iruzkin
  • 2021-10-26

    Ez baztertu hondakinetatik eta zaborretatik ateratako beste belaunaldi bateko erregaiak, esaten den bezala, iparraldeko herrialdeetan, zaborra inportatu arte. Isuriak atzemateko politikekin, azpiproduktu bihurtu ahal izateko.

  • 2021-10-26

    No descartar combustibles de otra generación a partir de residuos y de la basura como se dice se hace en países del norte hasta deben importar basura. Con políticas de captura de emisiones a poder ser transformación en subproductos.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan